Euskara batua, euskara bildua

Euskalkien arteko arrakalak gainditzea eta euskararen oinarri normatibo komuna plantan ezartzea izan zen batuaren sortzaileen helburua. Bidea ez zen erraza izan, jakina. Euskara estandarraren sorrerak hautsak harrotu zituen. Eztabaida haien arteko ezagunenetako bat Ipar Euskal Herriko mintzairetan ohikoa den “h” hasperendunaren gainekoa izan zen. Gaur egun orduko ika-mikak gibelean gelditu diren arren, aurreiritzi anitz daude batuaren inguruan: uniformea dela, monolitikoa dela, adierazkortasun eskasa duela… Alta, euskara batua ez da bat eta bakarra, itxura franko hartzen baitu erabilia delarik. Izan ere, ahoz zein idatziz, euskaldunok gure erara egokitzen dugu euskalkiaren (izatekotan), solaskidearen eta testuinguruaren arabera. Inhar Iraizotz.

coyos

“Euskalkien eta euskara batuaren arteko dikotomia ez da desagertuko, baina bai arinduko”

Jean-Baptiste Battittu Coyos (Maule-Lextarre, 1952) irakasle, idazle, ikertzaile eta euskaltzain osoaren ekinbidez abiatu zuen Euskaltzaindiak Euskara Eskuz Esku (EEE) egitasmoa. Tresna digital honek Ipar Euskal Herriko mintzairen eta euskara batuaren arteko zubi lana egitea du xede. Batik bat Iparraldean euskararen alorrean diharduten profesionalei eskainia bada ere, euskaraz alfabetatzen ari diren ikasleak tokiko euskarara hurbiltzeko lagungarria izan liteke.

Batuak bere ibilbidea egin du Ipar Euskal Herriko lurraldeetan. Bertako mintzairetara egokituriko tokiko batua bilakatu da belaunaldi berrien hitz egiteko era. Oro har, idatziz, Euskaltzaindiak zehazturiko ortografia eta aditz arautua erabiltzen da, Iparraldeko hiztegiari eta joskerari eutsita. Euskara hori, noski, batuagoa da idatziz ahoz baino, Iparraldeko euskalkien edota frantsesaren eragina gehiago nabarmentzen delako ahozkotasunean, hots, fonetikan eta prosodian.
Coyosen azalpenen arabera, euskararen batasuna estuki lotua da harreman sozialen bilakaerarekin, eta horren adibide litzateke duela mende bat baino gehiago abiaturiko lapurteraren eta behe-nafarreraren arteko elkarketa: “XIX. mendearen amaieran, Eskualduna aldizkariak Lapurdi eta Baxenabarreko aldaerak hibridatzeko eginiko hautuak bi euskalkien hurbilketa ekarri zuen, nolabait. Azken finean, euskara idazten hasten den unetik, eredu ulergarri eta amankomunaren beharra agertzen da”.
Euskara batuaren sorrerak ekarritako eraldaketa egonkortzeaz batera, gure hizkuntzak jauzi kualitatibo handia eman zuen hainbat alorretan: irakaskuntza, erakunde publikoak, hedabideak, literatura… Ondorioz, profesional askok jarduten dute egun euskararen inguruan. Zentzu horretan, Coyosek dioenez, “Euskara Eskuz Esku proiektuaren xedea da Iparraldean euskara baliatzen duten profesionalei hizkuntz aniztasuna kontuan hartzen duen tresna bat eskaintzea. Euskaltzaindiaren gomendio eta arauak manera ulerterrazean azaltzen dira, Iparraldeko hizkeren berezitasunak azpimarratuta eta Hiztegi Batuak onartzen dituen formak lehenetsita”.
Egitasmoak hizkuntza idatziari eta ahozkoari loturiko eremu guztiak kontuan hartzen ditu (ortografia, morfosintaxia, hiztegia, fonetika, onomastika eta abar), eta, besteak beste, euskal alfabetoa ahoskatzeko moldeak bildu dituzte bertan, nafar lapurteraz eta zubereraz. Hori dela eta, euskara ikasten ari direnek ere aukera paregabea dute bereganatzen hasiak diren euskarari Ipar Euskal Herriko mintzairen koloreak gehitzeko. Horrez gain, hainbat adituren dibulgazio lanak aurki daitezke, euskal dialektologiaren, Iparraldeko euskal literaturaren eta soziolinguistikaren gainekoak.
Coyosen hitzetan, euskalkien eta batuaren arteko harremana dikotomikoa da: “Dikotomia, usu, bi kontrakoren arteko harremanaz mintzatzeko baliatzen dugu. Alta, dikotomiak bi aspektu osagarriren arteko harremanari ere egiten dio erreferentzia. Batuaren eta tokiko mintzairen artekoak bigarren mota horrekin bat egiten du, ene iritziz. Hots, sosaren bi aldeak dira. Batak bestearekin, euskara bere osotasunean entelegatzen laguntzen digu. Batua ez da batere monolitikoa, eta, Ipar Euskal Herriko kasuan, bertako batu espezifikoa sortzen ari dela uste dut”.
Etxean euskara jaso ez duten euskaldunen ehunekoa gero eta handiagoa da Ipar Euskal Herrian, eta haiek, ezinbestean, (tokiko) batuarekin ekiten diote euskalduntzeari. Gainera, Coyosen arabera, “Euskal Herri osoan gazteen hizkera gero eta nahasiagoa dela ohartzen gara. Batua, euskalkia (ezagutzen badute) eta erdarakadak nahastea ohiko fenomenoa da egun”. Koldo Zuazok zioenez, euskalkiak euskararen lurraldeak pairatu duen zatiketaren isla dira; haatik, euskarak eta euskaldunok bizi izan dugun konfluentzia dela kausa, “euskalkien eta euskara batuaren arteko dikotomia desagertu ez, baina arindu egingo dela pentsa dezakegu”, Coyosen iritziz.

xantiana

“Jendeak buruan sartua du zuberera biziki desberdina dela beste euskarei dagokienez”

Euskal filologia ikasketak egin zituen Xantiana Etxebestek (Maule-Lextarre, 1991) Baionan. Horren kariaz, Zuberoako kontsonante dardarkarien ikerketan murgildu zen, belaunaldi batetik bestera gertatu diren aldaketak ikertu nahian. Gaur egun, halere, irakaskuntzan dihardu; lehenengo, Mauleko gau eskolan aritu zen irakasle, eta orain Seaskaren Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioan. Irakasle lanaz gain, ahozkotasunari loturiko probak sortzeko ardura dauka.

Ipar Euskal Herrian, AEKn izena ematen duten ikasle gehienak euskal komunitatean integratzeko eta beren hurbilekoekin euskaraz komunikatu ahal izateko nahiak bultzatzen ditu. Horrek esan nahi du beren eskualdeko mintzairaren bila heldu direla euskaltegira: “Mauleko gau eskolan, xibereraz irakasten da, hori baita Zuberoan integratzeko bidea. Alta, C1 azterketa prestatzeko ikastaroak antolatu ditugularik, adibidez, ez dugu batere izen-ematerik ukan. Jendeak euskara bere ingurunean integratzeko eta bere lurraldearekin lotura izateko ikasten du; horrek euskalkiaren beharra dakar”. Hori dela eta, Etxebesten iritziz, “jendearen nahi horrek du xiberera irakasteko eta transmititzeko beharra bermatuko. Garrantzitsua baita, lehenik, norberaren hurbileko ingurune sozialetik gertu den euskara ikasten hastea, eta, gerora, bereganaturiko euskararen mugak eta ezagutzak Euskal Herriko gainerako mintzoetara zabaltzea”. Etxebestek argi du: “Nik xibereraz hitz egiten eta idazten dut, eta euskara batuan ere berdin. Biak dira garrantzitsuak".
Seaskak Zuberoan dituen bi ikastoletan, haurrek zubereraz ikasten dute lehen eta bigarren zikloetan (2-9 urte), baina hirugarren zikloan (9-12 urte) Iparraldeko batura igarotzen dira. Izan ere, lurralde horretako ikasleek, ikastola finitutakoan, Lartzabaleko (Nafarroa Beherea) kolegioan segitzen dituzte oinarrizko ikasketak, besteak beste Amikuzeko eta Oztibarreko ikasleekin batera. Etxebestek dioenez, “ikasle zuberotarrei nafar lapurtera ere irakasten zaie azken zikloan, nolabait kolegiorako trantsizio hori errazteko”. Ikasleek 12-15 urte dituztela bizi izaten dute, beraz, zubereraren, nafar lapurteraren eta batuaren arteko harremana, eta horrek aldaketak sortu omen ditu zubereran, Etxebestek bere tesian erakutsi duen bezala: “Zuberoan, adinekoen ahoskera ez dela gazteen artean erraiten da, galtzen ari dela, eta batzuek Seaskari botatzen diote errua. Egia da ezaugarri anitz galtzen edo aldatzen ari direla, baina beste aberastasun edo beste soinu mota batzuk ere sortzen ari dira, onerako zein txarrerako, hizkuntzek bizirik irauteko aldaketak bizi behar baitituzte”. Etxebesten arabera, arazoa ez da egungo zuberotar mintzoetan Hegoaldeko edo nafar lapurterako hitzak agertzea, baizik eta Zuberoan frantsesak euskararen eremua murriztu eta are euskara bera ordezkatzen duela.
Edonola ere, zubererak abiatu du bere ibilbidea irakaskuntzan, hedabideetan eta, oro har, hizkuntza idatzian. Halere, oraindik ez omen da oinarri arauturako adostasunik: “Egia erraiteko, gure manerara egiten dugu behin-behinean, nahiz eta gutxieneko arau batzuk ezarriak diren. Urte batzuen buruan, ordea, ortografia bateratua ukanen dugula uste dut”. Bidenabar, zubererazko hitzen idazkera komuna sustatze aldera Allande eta Margarita Etxartek Nola Erran hiztegia xiberotarrera itzultzeko egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu du Etxebestek. Hari horri segika, gazteen irakaskuntzan eta helduen alfabetatzean baliatzen diren bitarteko pedagogikoak oso garrantzitsuak dira. Ipar Euskal Herrian, IKAS erakundea arduratzen da, oro har, bertako euskara eta errealitate soziokulturala kontuan hartzen dituzten ikasmaterialak sortzeaz.

testi3

“Arazoa ez da batuaren eta euskalkien artekoa, baizik eta erdaren eta euskararen artekoa”

Pedagogia eta hizkuntzalaritza uztartuz igaro ditu Aines Dufauk (Behauze, 1965) azken bi hamarkadak, IKAS Euskal Pedagogia Zerbitzuaren zuzendari. Horrez gain, 2006an, euskaltzain urgazle izendatu zuten, eta 2013tik Hiztegi Batua osatzeko lantaldean ere badabil lanean. IKAS argitaletxea 1959an sortu zen, eta, txikia izanagatik, urteotan 30.000 ikas tresna inguru sortu ditu euskararen irakaskuntza eta euskal kulturaren ezagutza hedatzen laguntzeko.

Ipar Euskal Herrirako ikasmateriala sortzeko mementoan, pedagogiari ez ezik, hizkuntzaren alorrari ere garrantzi handia ematen dio IKAS argitaletxeak; izan ere, ez da hain erraza eskualde guztietarako ikastresna baliagarriak garatzea. Aines Dufauk dioenez, “argitaratzen dugun guztia euskara estandarreko aditz formak erabiliz idazten dugu, nafar lapurterako hiztegia eta joskera hobetsita, halere”. Azkenaldian, eredu hori Iparraldeko batua izendatua izan da, baina, egiazki, euskara batuaren oinarri normatiboaren gainean eraikitako beste aldaera bat besterik ez litzateke, Hiztegi Batuak onartzen dituen Ipar Euskal Herriko formak lehenesten dituena. “Batua, azken buruan, euskararen gutxieneko oinarri normatiboa da. Euskara, baina, batua izateaz gain, bildua ere bada. Izan ere, hizkuntzaren aniztasuna zabaltzen laguntzen du”, Dufauren arabera.
Amikuzetik Hendaiarainoko eremuan baliatzen da Iparraldeko euskara batuaz eginiko ikasmateriala, “baina eremu zabal horretan tokian tokiko beharrak desberdinak izan daitezkeenez, ikastresnak sarean ezartzen ditugu, irakasleek beren premien arabera molda ditzaten”. Oztibarreko ikastolan, esaterako, hitanozko forma alokutiboak txertatu dituzte irakaskuntzan, eta ikasmateriala egokitzeko erronkari heldu diote.
Zuberoako kasua, ordea, bestelakoa da. Izan ere, han euskaraz ari dena zubereraz soilik ari da. Beraz, ekialdean euskarak bizirik jarraituko badu, zubereraz izan beharko duela aski garbi ikusten du Dufauk. Hori dela eta, argitalpen oro zubererara egokitzen dute, eskolako lehen eta bigarren zikloetan ari diren irakasle eta ikasleentzat, haur zuberotarrek lehenik zuberera ongi ikas dezaten, herriko eta eskolako mintzairen arteko hausturak saihesturik. Dufauk zehaztu duenez, “haurrak tarrotzen diren puntutik, iruditzen zaigu euskara baturantz zabaldu behar dutela mintzaira, lehenik Iparraldeko batua bereganatuz eta ondotik (kolegiotik aitzina) Hegoaldeko formak ere ezagutuz”. Gisa horretan, “aurrena, batuaren ezagutza pasiboa (ulermena) bultzatzen hasten gara, eta, emeki-emeki, baita aktiboa ere (mintzamena eta idazmena)”. Gisa berean, Zuberoako mintzoa eskuliburu eta entzungai orokorretan txertatzen dute, gainerako lurraldeetan zubereraren ezagutza bultzatzeko.
Nolanahi ere, euskararen normalizaziorako erronka euskalkien alorretik harago dagoela uste du IKASen zuzendariak: “Egiazko arazoa ez da batuaren eta euskalkien artekoa, ene iritziz; oroz gainetik, erdaren eta euskararen artekoa da”. Urte gutxian, anitz hazi da euskarazko irakaskuntza Ipar Euskal Herrian, eta oraingo irakasle frankok ez dute etxean jaso euskara, beraz, urrun dira euskalkien berezitasunetatik. Dufauren erranetan, “egun, bi eta hiru urte bitarteko ikasleen % 46 sail elebidunean edo murgiltze sisteman hasten dira, baina 11 urterekin kolegiora heltzen direnean % 20 murrizten da kopurua, eta 15 urterekin lizeora iritsitakoan % 10”. Etorkizuneko euskaran, irakaskuntzaren eragina nabaria izanen da ezinbestean; alabaina, ez da hori Dufauren arrangura nagusia: “Ipar Euskal Herriko euskararen geroa gazteen % 10en esku da, hortxe dago gakoa”.
Horrenbestez, etxean jasotako euskaran eleka dezakegu, euskaltegian ikasitakoan hitz egin edo eskolaren bidez bereganaturikoan mintzatu, euskalkiz zein batuaz… Azken buruan, hiztun eta entzule bakoitzarentzat adierazkorrena den euskaran aritzea da garrantzitsuena.