Euskal teatroari erradiografia egin dio Ehazek

axut

Bi ikerketaren bitartez, euskal antzerkiaren egoera modu zehatzagoan jaso eta aztertu du Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak: batetik, Euskarazko estreinaldiak 2016-2020 azterlana, Lali Marimonek egina. Bestetik, Maddi Goikoetxeak gidatutako Euskal antzerki eskolen zentsua – 2021. Lehenean,  euskarazko antzerkiak 2016tik 2020ra emandakoaren datuak bildu ditu Marimonek, bere eta Agus Perez kritikariaren urte luzeko eskarmentutik abiatuta. Euskarazko antzerkiari buruzko datuak gutxi izanik, azterketarekin hutsune hori betetzea du helburu Marimonen ikerketak, euskarazko antzerkiaz zehaztasunez hitz egiteko baliagarria izan dadin. Maddi Goikoetxeak, berriz, euskal antzerki eskolen egoera ezagutzeko lana osatu du, haiei buruzko informazio ugari bilduta eta etorkizunean haien direktorio irekia egiteko asmoz. Lan bat zein bestea amaitu gabe daude, baina laburpenak irakurgai ipini dituzte Ehazeren atarian (ehaze.eus). Gainera, azterlanei buruzko informazio zabalagoa ere eska daiteke, E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzita.


pastoralaAURTEN, izango da pastorala Zuberoan. Pandemiaren eraginez iaz bertan behera geratu ostean, udan egingo dute Abdelkader pastorala. Ainharbe, Ezpeize-Undürüine, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabileko herritarrek jokatuko dute; guztira, 60 aktore, 15 dantzari eta 12 haur. Orotara, hiru emanaldi eskainiko dituzte: uztailaren 25ean, abuztuaren 1ean eta 8an. Osasun egoeraren ondorioz baldintzak aldatzen ez badira, Ürrüstoi-Larrabilen egingo dituzte. Euria eginez gero, data bakoitzaren osteko larunbatera atzeratuko dira. XIX. mendean Frantziaren kolonialismoaren aurka borrokatu zen aljeriar emirra zen Abdelkader, eta aljeriar nazioaren aita, askoren ustez. Jean-Louis Davant idazle eta euskaltzainak idatzi du obra.

 

LABURREAN

EKAINAREN 11tik 13ra egingo da Gasteizko Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Jaialdia.  Aurten, 33 konpainiak hartuko dute parte XV. Kaldearten, eta, guztira, 63 ikuskizun eskainiko dituzte. Pandemiak hala behartuta, talde gehienak Euskal Herrikoak eta Espainiakoak izango dira, eta Gasteizkoek izango dute protagonismoa. Osasun neurriei egokituta egingo dute jaialdia.

zinebileraAURREKO edizioa online egin ostean, aurten formatu fisikora itzuliko da Lekeitioko Euskal Zine Bilera, euskara hutsean ekoitzitako ikus-entzunezkoei eskainia. Nolanahi ere, eta iazko esperientziak utzitako alde positiboak aintzat hartuta, online alderdiari ere eutsiko dio. Azaroaren 20tik 28ra egingo da 44. Euskal Zine Bilera, eta dagoeneko zabaldu dute lanak aurkezteko epea, irailaren 8ra arte. Argibide guztiak zinebilera.eus gunean irakur daitezke.

ZINEMAK Euskaraz izenpean, zinema aretoetan euskarak bere lekua izan dezala eskatzeko ekimena ipini da martxan sarean. Helburua da 500 sinadura biltzea, gutxienez, Euskal Herriko erakunde eta alderdi politikoei eskatzeko zinema aretoetan euskararen presentzia legez bermatuko duen Zinemaren Legea. Jatorriz euskarazkoak, euskaraz bikoiztutakoak nahiz azpitituluak dituzten lanak ikustea ahalbidetuko duen legea nahi dute, aretoetan eskaintzen den film bakoitzaren emanaldien erdiak euskaraz izatea bermatuko duena. Avaaz plataforman (https://secure.avaaz.org) sina daiteke.