Itziar (Xoxoa, 1979)

itziar

Harribitxi galdua

Disko hau euskal musikak gordetzen duen sekreturik isilpekoenetako bat da. Itziar Egileor kantariaren ahots miragarria euskal musikaren historian gelditu da Itoizen bigarren diskoan Ezekielen ikasgaia hura abestu zuelako. Baina Itziarrek disko oso bat ere grabatu zuen 1979an, musikari talde baten laguntzarekin, baina handik gutxira taldea desegin eta, nik dakidala, ez ziren iritsi kantu hauek zuzenean aurkeztera. Harrezkero, galduta bezala gelditu da disko hori, nahiz eta Euskal Herritik kanpoko bildumazaleek dirutza ordaindu (250 euro!) binilozko ale batengatik. Diskoa garai baten adierazle ona da, eta badu antza orduan Itoizek, Enborrek edo Liskerrek egiten zutenarekin. Folk, rock progresiboa, jazz ukitu batzuk, euskal poeta klasikoen berrirakurketa (Aresti eta Lauaxetaren testuak agertzen dira; azken horren kasuan, Mendigoixalearena olerkia, hamarkada batzuk geroago Ken Zazpik ere musikatu zuena) eta, guztiaren gainetik, Itziarren kristalezko ahotsa.

Gotzon Hermosilla