Amuak

Badirudi sakelako telefono 'adimentsuen' merkatua saturazio puntutik hurbil dagoela eta, badaezpada ere, alorreko enpresak salmentei eusteko formulen bila dabiltza. Lehenengo estrategia ezaguna da kontsumoko produktuen munduan: zaharkitze programatua. Hots, urtero-urtero (baita urtean hainbat aldiz ere) modelo berriak ateratzea, aurrekoek baino prestazio apur bat hobeekin (eta itxura erabat ezberdinarekin, kalean ikustean argi gera dadin nork daukan modelo berria), duela hil gutxi erositakoak automatikoki 'zaharkituta' uzteko. Gainera, softwarearen eguneraketak ere etengabe ateratzen dituzte, gailu apur bat zaharragoak funtzio berriekin bateraezinak egiteko.
Bide ezaguna da hori, baita beste esparru batzuetan ere. Baina badirudi  bestelako aukerak ere probatzen ari direla telefono egileak. Joera hori oso nabarmena da osagarrien munduan. Modu berriak behar omen ditugu telefonoan dugun informazioa ikusteko, eta 'behar' horri erantzuteko hainbat tramankulu aurkeztu dizkigute azken hileotan.
Lehenengoa Google Glass betaurreko ospetsuak dira. Hilabeteak dira probarako unitateak banatzen hasi zirela, eta, zurrumurruak betez gero, litekeena da urtea bukatu aurretik edozeinentzat salgai egotea. Kamera, mikrofonoa, bozgorailua eta pantailatxoa betaurreko futurista batzuen barruan txertatuta, sakelakoarekin hartu-emanak izateko bitartekari berri gisa. Informazio urgentea momentuan agertuko zaigu begien parean, eta argazkiak egin edo bideoak grabatu ahal izango ditugu keinu diskretu eta bakar batekin. Bigarren funtzio horrek zeresan asko eman du sarean, askoren ustez pribatutasunaren aurkako mehatxu handia baitira betaurreko kameradunak. Egia izan liteke, bai, baina tira, gaur egun ere arraroa da poltsikoan kameradun sakelakorik ez eramatea. Lehiakideak ere ateratzen ari zaizkio. Espainia aldean, esaterako, Elx herriko enpresa batek funtzio xumeagoak dituen Ion Glasses izenekoak asmatu ditu, eta diru bilketa kanpaina antolatu du fabrikatzen hasteko.
Bigarren tramankulu multzoa “SmartWatch” edo erloju adimentsuena da. Erloju digital handiak dira, sakelakoarekin konektatu eta hura poltsikotik atera gabe erabiltzeko aukera ematen digutenak. Kontzeptua zaharra da (James Bonden pelikuletan ere ikus zitekeen), baina telefono adimentsuek zentzu berria eman diote, ordenagailua, eskumuturrean baino, poltsikoan eramaten dugulako. Sonyk, Samsungek eta beste batzuek ere badituzte euren  bertsioak.
Edonola ere, ez dirudi amuari heltzeko batere gogotsu gabiltzanik. Antza, oso harrera hotza izan dute merkatuan betaurreko eta erloju adimentsuek. Beharbada,merkatua ez ezik, gu geu ere saturatuta gaude horrenbeste gailu eta trepetarekin!

Loturak, estekak, linkak...

http://www.google.com/glass
Googleren betaurrekoen orri ofiziala. Ez sinetsi bertan ikusten duzun guztia!

http://bit.ly/16dMSa5
Ion Glassesen sortzaileen diru bilketa kanpaina. Sinpleagoak, eta, beharbada, erabilgarriagoak!

http://samsung.com/galaxygear
Zalaparta handiz iragarri arren, merkatuan espero zena baino askoz ere harrera hotzagoa izan duen   Galaxy Gear erloju adimentsuaren webgune ofiziala.