Nafarroako Gobernua, euskalgintzarako diru-laguntzak ukatzen

nafarroaNafarroako AEK-k eta IKAk giza katea egin zuten pasa den hilean Nafarroako Gobernuaren aurrean, Euskarabideak daraman hizkuntza politika “negargarri eta suntsitzailea” salatu eta euskaltegiei zor dizkien diru-laguntzak eskatzeko. Izan ere, 2013ko aurrekontuetan euskalgintzarako 245.000 euroko kopurua onartuta egon arren, euskaltegi nafarrek ez dute euro bakar bat ere jaso 2012ko urritik, Gobernuak ez duelako diru-laguntzak banatzeko deialdirik egin nahi izan. Are gehiago, kendu egin du diru-laguntza hori kudeatzeko zuen teknikaria.
Halaber, euskaltegiek kaleraturiko komunikatuan gogora ekarri zuten 1986ko Euskararen Legeak, besteak beste, dioena: “Gaztelania eta euskara Nafarroako hizkuntza berekiak dira eta, horren ondorioz, hiritar guziek dute ezagutu eta erabiltzeko eskubidea”. Salatu zutenez, ordea, Nafarroako Gobernuak ez ditu inoiz jarri eskubide hori eraginkor bihurtzeko behar diren giza baliabideak eta tresna materialak. Hala, adierazi zuten azken 40 urteotan AEK-k eta IKAk eskaini dutela Gobernuaren betebeharra den zerbitzu publiko hori.