Sariak

astobizaArabako bermut bat, munduko onena

World Vermouth Awards 2021 sarietan, munduko bermut onenaren saria jaso du Okondoko Astobiza upategiaren bermutak, semi-sweet (erdi gozoa) kategorian. Txakolina ekoizten dute Astobizan, eta bermut sarituak horixe du ezaugarri nagusi: txakolinarekin egindako munduko lehen bermuta da, Ondarribi Zuri motako mahats zuriarekin. Ondorioz, bermut zuria da World Vermouth Awardsek, edarien Oscar saritzat jotzen denak, saritu duena. Epaimahaiak bermutaren hainbat ezaugarri nabarmendu ditu: “Usain xarmagarria du, distiratsua, lore kutsukoa, lorategiko fruta gozoarena, justu amaieran belarren mikaztasunarekin zoragarriro lehorxeagoa bilakatzen dena”. Saritutako bermuta sortzeko, Astobizakoek hamabi urte behar izan dituzte, hala ikerketa lanak nola probak egiteko. Duela zortzi hilabete merkaturatu zuten, eta dagoeneko munduko 14 herrialdetan baino gehiagotan saltzen dute. Aperitifa hartzea gustuko baduzue, hurrengoan baduzue zer probatu...