Elkartasuna aterpe

bizipoza

Argi dago denok ez ditugula behar berak. Batzuei bidea ez zaie oso aldapatsua suertatzen. Beste batzuek, ordea, gorriak ikusi behar dituzte aurrera egiteko; zer esanik ez oraindik gizartearen onarpena ez badute. Bada, Bizipoza sareak zailtasunei aurre egiteko eguneroko borrokan jarduten duten familiei babesa emateko lan egiten du. Guztira, 35 elkartek osatzen dute, eta haietako hiruren istorioak jaso ditugu. Esti lanao.

naizen

“Munduan dagoen aniztasuna ikusi dugu, eta horrexek batzen gaitu”

Hiru edo lau urte igaro dira Laura eta Ekhi gasteiztarrak Naizen (lehen, Chrysallis Euskal Herria) elkartean daudenetik. Ordutik, gurasoak eta umeak ezagutzeko aukera izan dute, asteburu pasak antolatu eta esperientziak partekatu dituzte.

Naizen Euskal Herriko adin txikiko transexualen familiak biltzen dituen elkartea da. 2018ko amaieran, Chrysallis estatu mailako elkartearen lurralde ordezkaritza izateari uztea erabaki zuten. 2019ko urtarriletik, izaera berriarekin, gure lurraldeko ume horien eta beren senitartekoen ongizatearen alde lan egiten jarraitzen dute. Hasieran, zortzi familia ziren; orain, berriz, ehun inguru, Laura eta Ekhi ama-alabak barne: “Chrysallisen, duela hiruzpalau urte sartu ginen, eta sekulako harrera egin ziguten; guretzat oso aberasgarria eta lagungarria da”.
Izan ere, elkartearen helburua da familia hauei babesa eta laguntza ematea, norberaren esperientziaz baliatuta: “Antzeko egoeran gauden gurasook osatzen dugu Naizen, eta bakoitzak ahal duena egiten du, modu boluntarioan”. Hala, euskarri hori behar duen familiak elkartearekin harremanetan jarri besterik ez du egin behar, eta hango kideek zein pauso egin behar dituen azalduko diote.
Zentzu horretan, sare moduko bat sortu da familien artean, non bakoitzak bizi izandakoen berri ematen duen: “Gure aurretik urrats bat gehiago egin duen norbait izaten da beti, eta prozesua nolakoa izan den azaltzeak asko laguntzen du”. Zalantzak argitzeko eta bidea errazteko modu bat da, finean: “Berria zarenean, zure egoera bera bizi izan dutenekin egotea bilatzen duzu; aurrez aurre egonez, besteen esperientziak lasaitu egiten zaitu”. Besteak beste, harremanak sendotzea bilatzen du elkarteak, adin txikikoen transexualitatea normalizatzeko aurrerapausoak egite aldera: “Estatu mailan, arazo asko dago oraindik: Eusko Jaurlaritzako txartel erregistroan, Ekhi neska gisara agertzea lortu dugu; nortasun agirian (NA), ordea, oztopoak jartzen dizkigute oraindik”.
Ama-alaba hauentzat horixe izan da traba nagusia orain arte. Izan ere, Ekhiren kasuan, egoera normaltasun osoz bizi izan zutela dio Laurak: “Etxean, inoiz ez diogu ukatu berak nahi zuena; ikusten genuen ez zuela gogoko mutilekin egotea, futbolean jokatzea eta horrelakoak, baina guk modu naturalean hartu genuen. Halako batean, neska zela esan zuen”. Orduan, Chrysallis elkartearekin harremanetan jarri, eta lehenengo unetik asko lasaitu zituzten: “Astean behin edo bitan deitzen ziguten, zer moduz geunden jakiteko, eta hori eskertzekoa da. Ikusi genuen badagoela jendea kezka duena, arreta eskaintzen duena eta gaia kontu handiz jorratzen duena”. Handik sei hilabetera, Naizen elkarteko kideekin batera, asteburu pasa egin zuten. Pandemia iritsi aurretik antolatzen zituzten halako topaketa edo elkarretaratzeak. Gurasoei hitzaldiak ematen zizkieten, eta umeei zein nerabeei, tailerrak. Asko ikasteko aukera izan zuten horrela: “Oso esperientzia aberasgarria da. Umeak beren moduko jendearekin egoten dira, eta munduan dagoen dibertsitateaz jabetzen zara; horrexek batzen gaitu. Beste egoera batean egonda, agian ez zara beste mota bateko familia batekin elkartzen”. Elkartzeaz gain, WhatsApp bidez ere egoten dira harremanetan familiak, Euskal Herri mailako taldetan: “Edozein gauza gertatu zaizunean, taldean jakinarazten duzu, eta jendea poztu egiten da, bidea errazten duen beste pauso bat egin duzulako”.
Etxekoei eta gertukoei dagokienez, oso erraza izan dutela onartu du Laurak: “Inguruak asko lagundu digu, eta errespetu handiz jokatu dute, oro har”. Era berean, badakite zorionekoak direla. Lauraren hitzetan, “argi dago batzuek oso gaizki pasatzen dutela. Guretzat, aldiz, betidanik normaltasun handiz bizi izan dugunez, ez da izan hain zaila”. Ekhiren lagunek ere berdin jokatu dute: “Oro har, nire lagun guztiek oso ondo ulertu dute. Nik bezala pentsatzen dutela uste dut”. Laurak ikastolan izan duten jarrera nabarmentzen du, bereziki. Dioenez, “ardura handiz jokatu dute, batez ere tutoreak eta gorputz hezkuntza irakasleak. Deitu egiten ziguten, eta minduta ez sentitzeko edozer gauza egiteko prest agertu dira beti. Asko eskertzen diegu”.
Aurretik bide luzea geratzen bada ere, Laurak ez du etorkizunari begira denbora gehiegi eman nahi: “Pausoz pauso goaz, aurreratu gabe. Dagokigun unean izango ditugu kezka gehiago. Orain, Ekhi zoriontsua izatea da garrantzitsuena, hazten denean zein haurtzaro txarra izan zuen ez pentsatzea". Asko eskatzea al da garen modukoak onartuak izatea?

oporrakbakean

“Nik beste familia bat dut han; niretzat, lehengusuak dira”

Oporrak Bakean programari esker, Saharako ume errefuxiatuek uda Euskal Herrian emateko aukera dute. Urtero, 10-12 urte bitarteko 300 ume etortzen dira, eta harrera familia batekin edo aterpetxeetan geratzen dira.

Gertu-gertutik ezagutzen du Edurne Uzkudunek Oporrak Bakean egitasmoak egiten duen lana. Izan ere, koordinatzailea da Eibarren eta inguruan, eta, gainera, bi haur ekartzen ditu udan. Hain justu, horixe da programaren  helburua: uztailean eta abuztuan, 10 eta 12 urte bitarteko Saharako ume errefuxiatuak familia euskaldunetan edo udalekuetan hartzea. Bitartean, jarraipena egiten zaie, beren osasuna hobetze aldera: “Gurean izaten diren bi hilabeteetan, urte osorako indarra hartzen dute; bitaminak eta elikagaiak izaten dituzte eskura, eta medikuen arreta jasotzen dute".
Umeok hartuko dituzten familiak topatutakoan hasten da prozesua. “Gurekin harremanetan jartzen dira eta elkarrizketa bat egiten diegu. Saharako ume bat bi hilabetez etxean izatea zer den edo zer betebehar dituzten azaltzen diegu, besteak beste”. Ondoren, baldintzak betetzen badituzte, paper guztiak eskuratzen hasten dira, “erroldari dagokiona edo Sexu Izaerako Delituen Ziurtagiria, esaterako”. Dokumentu guztiak biltzeko, denbora behar da, baina, gutxi gorabehera, apirilaren erdialderako dena prest izaten saiatzen dira. “Orduan, arduradunari bidaltzen zaio, eta dena abiatzen da”.
Euskal Herriko udalerri batean bizitzea, denbora eta lekua izatea, eta, batik bat, gogoa edukitzea dira harrera familia izateko oinarrizko baldintzak: “Udan haur batekin esperientzia berria bizitzeko gogoa izatea da eskatzen dugun lehenengo gauza”. Gero, beste zenbait alderdi ere kontuan hartzen dira: “Adibidez, familian haurrak egon daitezen saiatzen gara; irakaslerik baldin badago, askoz hobeto, oporrengatik bereziki. Baina, esan bezala, garrantzitsuena gogoa izatea da”.
Programaren funtzionamenduaren berri aspaldi izan zuen Uzkudunek, oso gazte zela. “Duela 27 urte inguru ekarri zuen gure izebak lehen haurra, nik 15 edo 16 urte nituenean”. Garai hartan, Sahara non dagoen ere ez zekien, are gutxiago zein egoera dagoen bertan. “Haien arazoa, borroka, zein den haiekin ikasi dugu, eta geure egin” dio Uzkudunek. Izan ere, oso harreman estua dute beren etxean egon zirenekin: “Nik familia bat daukat han; niretzat, lehengusuak dira. Aste Santua edo Gabonak iristeko irrikan izaten gara urtero, hara joan ahal izateko. Munduko gauzarik aberasgarriena da”. Azkenean, heldu zen eguna: izebak azken neska ekarri eta, hortik aurrera, Uzkudunek hartu zuen lekukoa: “Handik urte batzuetara, nik ekartzen ditudan umeak jaio ziren. Irakaslea naizenez, opor gehiago ditut, eta errazagoa da haietaz arduratzea; beraz, aurrera egin nuen”.
Lahsan eta Buyema 10 urteko bikiak dira. Lehenengoa gaixorik dago, migrainak izaten ditu. “Hori dela eta, bi urte lehenago ateratzen utzi zioten, 8 urterekin, eta lehenengo udan bakarrik etorri zen”. Hurrengo urtean, 2019an, haren anaia ekartzea lortu zuten. Atseginez gogoratzen ditu Edurnek Lahsanen hasierako egunak: “Oso polita izan zen lehen aldiz etorri zenean. Nire iloba galdezka nuen alboan, eta askotan elkarri kontatzen zizkioten beren esperientziak. Lahsanek, adibidez, abantailak ikusten zizkion kanpamentuetan denak elkarrekin bazkaltzeari eta lo egiteari. Txikien arteko elkarrizketak izugarri ederrak dira”.
Oporrak Bakean egitasmoak ekintza asko antolatzen ditu saharar umeak hemen diren denboran: ongietorria, jolasak, mendi irteerak... “Bakoitza ahal duenetara joan eta beste haurrekin elkartzen da”. Uzkudunen kasuan, familiarekin ematen dute denbora gehiena: “Nire lehengusuek ume pilo bat dute, eta haiekin joaten dira igerilekura, hondartzara...". Esperientzia guztiz gomendagarria eta aberasgarria dela uste du: “Txikiek, bereziki, asko ikasten dute. Gure etxeko haurrak oso gogotsu egoten dira beti, eta dena partekatzen dute".
Koordinatzailearen esanetan, azkenaldian familia gutxiagok ematen dute izena. “Orain, hasieran baino lan gehiago egiten dugu, eta denbora gutxiago izaten dugu bi hilabete horietan umeekin egoteko” dio. Urtero, Euskal Herrira 300 ume ekartzen saiatzen dira: “Harrera familia gutxi badago, ume asko aterpetxeetara joaten dira”.

biakbat

“Lan gogorra da, baina gero bueltan etortzen zaiguna, oso handia”

Gizarte proiektu berritzaile gisa definitzen du Josune Azpirozek Biak Bat elkartea. Animalien eta pertsonen arteko interakzioaren onurak ditu oinarri, eta kideek argi dute bizi kalitatea hobetzeko zerbait egitea beren esku badago, hor egongo direla.

Konpromiso soziala abiapuntu, 2011n sortu zuen Azpirozek Biak Bat elkartea, bikotekidearekin batera. Altsasun dute egoitza, eta beren lanaren ardatza animaliek lagundutako esku hartzeak dira. Horien bidez, behar psikosozialak dituzten pertsonen ongizatea hobetzea dute helburu, pertsonen eta animalien arteko harremanean oinarrituta: “Gure ustez, animaliek gure bizitza hobe dezakete, baina guk haiena ere bai; norabide biko harreman horretan, eta hainbat programaren bitartez, xede hori betetzen ahalegintzen gara".
Arlo zehatz batean edo modu integralean hobekuntza behar duten pertsonentzat dira saioak. Ez dago adin mugarik, eta premiak ezberdinak izan daitezke. Dena den, nagusiki, haur, gazte eta adinduekin egiten dute lan: “Haurren kasuan, autismoa, Down sindromea edo garun paralisia dutenekin egoten gara, edo garapenean zailtasunen bat dutenekin, hitz egiteko edo emozioak kudeatzeko zailtasuna dutenekin, kasurako". Horretarako, esan bezala, animaliez baliatzen dira. Zer esan nahi du horrek? “Beste psikologo batzuek bestelako metodologiak erabiltzen dituzten bezala, guk animaliak ekartzen ditugu gure artera". Beraz, osasun arloko profesionalez gain, txakurrak eta katuak dituzte lankide, besteak beste.
Esku hartzeak hiru programa edo ekintzatan daude banatuta: terapiak, hezkuntza eta aisialdia. Batez ere lehenengo biak lantzen dituzte, eta oso gustura aritzen dira animaliekin. Azpirozek dioenez, “asko errazten digute lana, ume batzuek ez dutelako terapiara joan nahi; aldiz, animaliekin harreman berezia dutenez, konfiantza ematen diete, eta lanketa errazagoa izaten da". Zubi moduko bat sortzen da tratatutako pertsonen eta profesionalen artean. Pertsona bakoitzaren beharraren arabera daude antolatuta ekintza guztiak, ezinbestean. “Saioa aurretik diseinatzen dugu, eta txakurrarekin ere lantzen dugu. Gero, haurren kasuan, familiekin bilerak egiten ditugu, askotan haurra ere etortzen da, eta txakurren bat ekarri ohi dugu nolako harremana egiten duten ikusteko”. Jasotako informazio guztia oinarri erabakitzen dute zein txakurrek beteko duen hobekien lana: “Helburuen arabera, txakur bat edo beste aukeratzen dugu, baina hasieratik egiten dugu harreman edo lotura hori ondo egiteko ahalegina, eta txakur berarekin lan egiten saiatzen gara".
Sei  txakur eta bi katu dituzte eurekin batera lan egiten, eta horrek aukera asko ematen dizkie tratamendua prestatzerako orduan. Hala, “beti saiatzen gara animaliak erosoen sentituko direnekin elkartzen; batzuk haurrekin ondo moldatzen dira, baina adinduekin ez, edo alderantziz. Era berean, beste batzuk oso ondo egokitzen dira egoera desberdinetara". Ekintzak taldekakoak edo banakakoak izan daitezke, eta, oro har, antzeko egitura dute denek. “Hasieran, aurkezpen edo agurra egiten dugu, gero erlaxazioa (ekintza errazago garatzeko), eta, amaitzeko, zerbait lasaiagoa, animaliaren janaria eta ura prestatu edo hura orraztu, esate baterako”. Ekintza helburu zehatz batzuekin antolatu, eta jolasaren bidez garatzen dute: “Koloreak landu nahi izanez gero, lurrean pilota batzuk jartzen ditugu eta txakurrari bat hartzeko esaten diogu. Ematen digunean, umeari zein koloretakoa den galdetzen diogu".
Azpirozek jakin badaki bere lana hunkigarria dela, eta izugarri eskertzen du familiengandik jasotzen duen babesa. “Haiek zure animaliengan konfiantza jarri eta lau edo bost urteren buruan hor jarraitzen dute, zurekin lanean. Denon arteko kontua da, eta batzuetan guretzat urrats txikia dena, familientzat ikaragarria da". Lan zama astuna bada ere, oso une politak bizitzeko aukera ematen du: “Zaila da bat aukeratzea. Oso lan gogorra da, bai, baina gero bueltan etortzen zaiguna, oso handia”.
Izan ere, familia, elkarte edo pertsona zehatz batzuen bizitza hobetzea dute helburu, eta horretan dihardute tinko. Orain, gainera, Bizipoza elkarteari esker, zabalkunde eta babes handiagoak lortzen ari dira: “Hasieran, aipatu xedeak lortzeko lanean bakarrik geundela uste genuen; horregatik sartu ginen Bizipozan, eta jabetu ginen bestelako premiak dituzten elkarteek ere sentsazio bera dutela. Bizipozak sentimendu hori alde batera uzten du, eta laguntzeko prest dagoen lantalde bikaina dugu bertan”.