Musika festibala Igeldoko jolas parkean

igeldo

Kutxa Kultur Festibalaren 3. edizioa irailaren 5ean eta 6an ospatuko da Igeldon. Jolas parkean eraikiko dituzten bost eszenatokietan, ia hogei bandak joko dute, besteak beste, The Wombats, Toy, Kokoschca, Reptile Youth eta Lori Meyers taldeek. Bestalde, bertako musikarien artean egindako deialdian, hainbat estilotako 42 taldek hartu zuten parte, eta horietatik hamarrek joko dute musika independentearen jaialdian, antolatzaileek “harrigarrienak” iritzita aukeratuak: Bassmatti & Vidaur, Hyedra, Chase The Mayhem, The Animal Within, Frank, Mery May & The Muppets, Acido C, Luke Armstrong, Indigo eta Ladrones de Gitarras. Sarrerak, bi egunetarako hartuz gero, 32 euro balio du; egun bakarrekoak, berriz, 20 euro. Antolatzaileek 14 autobus prestatu dituzte Donostiatik dohainik joateko, baina funikularrez ere halaxe igo ahal izango dira jaialdiko sarrera erakusten dutenak.


 

iheskideIHESKIDE taldeak uda osoa igaro du bere bosgarren lanaren aurkezpen biran, baina oraindik ere geratzen zaio hainbat kontzertu eskaintzeko. Esaterako, Elorrion joko dute irailaren 13an, Erromon urriaren 4an, Durangon urriaren 11n eta Zornotzan azaroaren 8an. Borrokak darrai diskoa Usurbilgo Higain estudioan grabatu zuten Haritz Harreguyren gidaritzapean, aurtengo otsaila-martxoa bitartean, eta hamahiru kanta biltzen ditu. Musika estiloari dagokionez, punk-rock melodikoa da nagusi. Hitzetan zuzen jotzen du Iheskidek, oso presente baitu, salaketa egiteko, krisia. baita krisiaz baliatuta egiten diren gehiegikeriak ere, munduko borrokak, su-etena, alde bakarreko borroka, beste aldearen jazarpena... Kolaborazioen artean izan dituzte, besteak beste, Amets Arzallus eta Ken Zazpi taldeko Beñat Serna.