Ortuellako Jendea, futbol herrikoi, berdintzaile, integratzaile eta euskalduna

futbola

Ortuellako meatzaritzarekin lotutako iragana bezain ezaguna da meatzarien arteko elkartasuna. Eskubideen aldeko borrokak, greba latzak... edozein hutsegite hilgarri gerta daitekeenean, ezinbestekoa da kidearekin fidatzea. Akaso, horrexegatik diote askok  aise zabalduta dagoela solidaritate espiritua ortuellarren artean. Egun, herriko talde batek arima hura goratu nahi du; burdinaren ordez, baina, baloiak dituzte gidari. Ortuellako Jendea futbol taldeaz ari gara, zeinak proiektu berdintzaile, integratzaile, euskaldun eta doakoa gauzatzea duen helburu. Iban Lantxo.

Horixe bera azpimarratu digu hasieratik Joseba Perezek (Ortuella, 1977), Ortuellako Jendea futbol taldearen presidenteak. “Meatzarien espiritua gure arima da, eta landu, goratu eta egiten dugunarekin uztartu nahi dugu, futbolarekin, alegia. Azken batean, nortasuna galtzen badugu, zer gara? Zer geratzen zaigu?”. Taldea orain dela 22 urte sortu zen, eta, Perezen esanetan, “hasieratik kontzientzia soziala izan duen arren, duela 7 urte ekin genion esparru hori bereziki lantzeari, azken zuzendaritza taldearekin, hain zuzen”. Nolabait, herrian egiten zen futbol motari buelta bat eman nahi izan zioten, organigramatik hasita: eskema guztiz horizontala izango zen, eta bazkideek beti izango zuten azken hitza erabaki guztietan. “Bestalde”, jarraitu du Perezek, “gure xedeetako bat da ortuellarrek jokatzeko leku bat izan dezaten lan egitea, eta horregatik dago taldea soilik herriko jendearekin osatuta. Amaitzeko, gure herria txikia dela ere argi dugu. Eta bai, futbolean jokatzen dugu, baina herri honen eta gizartearen parte gara, eta ezin ukatu horietan ere erantzukizuna dugula”.
Egun, Ortuellako Jendea klubak 140 bazkide baino gehiago ditu, senior talde bi (emakumezkoak, erregionaleko bigarren mailan; eta gizonezkoak, lehenengoan) eta zenbait talde haur eta gazte kategorietan. Kirol kontuak jorratzea garrantzitsua izanagatik, esparru soziala lantzeak ere badu garrantzia Ortuellako Jendea taldearentzat. “Alderdi biak maila berean daude guretzat” dio Josebak, “baina bat aukeratu beharko banu, bigarrenaren alde egingo nuke”. Antza, iritzi berekoa da egungo zuzendaritza batzordea, taldeak garatzen dituen egitasmoen leloan oso argi ageri den moduan: Ortuellako Jendea proiektu berdintzaile, integratzaile, euskaldun eta doakoa da, esan bezala.
Berdintzailea, emakumeei eta gizonei pisu bera ematen saiatzen direlako. “Nahiz eta, horretarako, batzuen ustez filosofiarekiko kontraesanean erortzen garen” azaldu digu Perezek. “Izan ere, eta gizonezkoen taldean denak herrikoak izanagatik, une honetan emakumezkoen taldean kanpoko jendea ere onartzen dugu”. Arrazoia? “Erritmoak ezberdinak dira. Herriko neskak gure taldean aritzeko, lehenik eta behin, nesken talde bat eduki behar dugu. Horretarako, oraingoz, kanpoko jendea behar dugu. Finean, ez ahaztu gure lehentasuna herriko jendeari aukerak eskaintzea dela, eta hauxe da nesken kasuan bururatu zaigun irtenbidea”. Badirudi funtzionatzen ari dela: “Bi neskarekin hasi ginen, eta gaur egun herriko 14 ditugu; bizpahiru baino ez dira kanpotarrak”.
Integratzailea da, arrazakeria eta homofobia esplizituki gaitzesten dituztelako. Are gehiago, klubak arrazakeriaren kontrako txapelketa antolatzen du urtero, Ortuellako Gazte Asanbladaren laguntzarekin.
Euskalduna, Perezen arabera, beren “proiektua” eta “inbertsioa” delako. “Urtero egiten dugu urratsen bat norabide horretan. Entrenamenduetan, lehenengo hizkuntza euskara dugu; halaber, komunikazioetan gero eta gehiago erabiltzen dugu. Bestalde, Udaleko euskara teknikari batekin elkarlanean ere ari gara”.
Azkenik, doakoa, “mundu guztiari aukera berberak emateko, fitxek doakoak izan behar dutelako” dio presidenteak, “bereziki egoera honetan, pandemiaren eta kapitalismoaren krisiaren eraginez jende askok arazo ekonomikoak dituelako”.
Izurriteaz ari garela, Perezek ez du ezkutatzen aurten egoera aldrebestu egin zaiela: “Pandemia dela kausa, talde guztiok ez ditugu izan partidak prestatzeko aukera berak, eta kirol emaitzak txarrak izaten ari dira”. Alabaina, oraindik ez dute buruan inongo filosofia aldaketarik: “Herriak eskertu eta proiektuarekin bat egiten du, oro har, baita abiatzen ditugun egitasmoekin ere (janari bilketa, Haitira egindako arropa bidalketa eta abar). Jendeak ekintza ugaritan parte hartu nahi izaten du, herriak proiektuan sinesten duen seinale”. Hala ere, ez dizkiete soilik loreak botatzen: “Batzuek futbola politikara eraman dugula leporatzen digute, eta egiten duguna “normala” ez dela ere esan digute, beren “normaltasuna” bestelakoa delako, beharbada. Baina, azken batean, zer ez da politika? Bada, gizartean denak balio du politika egiteko, kirola barne”.
Normala izan ala ez, Ortuellako Jendea klubak argi dauka futbolak, tresna eraldatzailea izateaz gain, antzinako meatzarien arima goratzeko balio duela. Orobat, meatzeak aspaldi itxi zituzten arren, hango langileek utzitako arrastoak herrian ditugu ikusgai, klubak futbolaren bidez egin nahi duen bezala. Nolabait, meatzariek bezala, futbolariek klubaren leloari men egiten jarraituko dute: “Beti aurrera, makurtu gabe”.