Netflix Euskaraz plataforma, 20.000 sinaduraren bila

netflix

Netflix plataforman edukiak euskaraz ikusteko aukera lortzearen aldeko lanean jarraitzen du Netflix Euskaraz taldeak. Apirilaren erdialderako 10.000 sinadura biltzea zuen helburu, eta, erronka hori gaindituta, beste bat ezarri du taldeak: abenduaren 3rako 20.000 sinadura lortzea. Aldarrikapen horrek, gainera, eragile gehiagoren atxikimendua jaso du. Izan ere, joan den hilean Durangon egindako agerraldian, euskalgintzaren eta ikus-entzunezko sektoreko zenbait eragileren babesa jaso zuen plataformak. Besteak beste, Euskalgintzaren Kontseiluak, Euskaltzaleen Topaguneak, AEK-k, UEMAk, Tinko Euskara Elkarteak, Disney + Euskaraz taldeak, Euskal Hedabideen Behategiak, Hekimenek, Game Erauntsiak edota Napar Ikus-entzunezkoen Ekoizpen Elkarteak egin zuten bat Netflix Euskaraz taldearen eskaerekin. Era berean, Euskal Herriko erakundeek euskaldunon eskubideak bermatu behar dituztela gogorarazi zuten agerraldian, eta hala egiteko eskatu zieten. Sinatzeko, change.org gunera jo behar da.


kasildaKASILDA Hernaez Vargas (Zizurkil, 1914 – Biarritz, 1992) ekintzaile eta iraultzaile anarkistaren bizitza du oinarri Goitibera antzerki konpainiak berriki aurkeztutako Kasilda, bukatzen ez den sua antzezlanak. 36ko gerraren aurretik, gerran nahiz gerraosteko erbestean askatasunaren alde lan handia egindako Kasildaren bizipenak oholtzara eramanda, Kasilda bera ez ezik, askatasun ideien defentsan bizia eman zuten emakumeak ere omendu nahi ditu obrak. Konpainiak azaldu duenez, “munduan bigarren lerroan bizi, hil eta ezkutatu izan garen milioika emakumeren istorioetako bat da”. Saioa Iribarrenek idatzi eta zuzendua, Leire Orbe, Aiora Sedano eta Ander Basaldua ditu aktore. Apirilaren 23an egin zuten estreinaldia, Eibarren, Espainiako Bigarren Errepublikaren urteurrenaren karietara. Hurrengo emanaldia Zizurkilen izango dute, maiatzaren 8an.

LABURREAN

MAIATZAREN 14tik 16ra egingo da 6. Zurrunbilo Jaialdia, Gasteizko Baratza Aretoak euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari lekua egiteko antolatutako ekimena. Osasun neurriak beteta, aurten 5 proposamen eskainiko dituzte Baratza Aretoan: Benetan Be Teatroaren Porno vs Afrodita (edo I Love #GorkaUrbizu); Jone Bengoaren Kabia; Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue; Ixiar Rozasen eta Ibon RGren Unisono-a; eta Muskuloren kontzertua. Era berean, hilaren 15ean, sektorearen geroa izango dute mintzagai Oihaneder Euskararen Etxean egun osoz egingo duten Belaunaldi berriak eta etorkizuna izeneko topaketan.

ilargiaOSASUN KRISIAK otsailean egitekoa zen estreinaldia atzeratu ostean, maiatzaren 14tik aurrera ikusi ahal izango da zinema aretoetan Ilargi guztiak euskarazko film luzea. Igor Legarretak zuzendutako lanak hilezkortasuna du mintzagai eta gogoetagai, banpirismoaren mitotik abiatuta. Nolanahi ere, egileak azaldu duenez, azken gerra karlistan kokatutako istorioa ez da beldurrezko filma, “drama fantastikoa” baizik. Protagonista nagusien rolak Haizea Carnerosek, Itziar Ituñok, Josean Bengoetxeak eta Zorion Eguileorrek bete dituzte.