‘Loreak’ eta ‘Lasa eta Zabala’, Zinemaldiko Sail Ofizialean

loreak

Euskarazko bi film izango dira Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldiko Sail Ofizialean: Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak eta Pablo Maloren Lasa eta Zabala. Loreak filma, gainera, lehian izango da. 1989an Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak pelikulak Sail Ofizialeko lehiaketan parte hartu zuenetik, Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango den bigarren euskarazko filma izango da. Lasa eta Zabala, aldiz, Sail Ofizialean emango badute ere, lehiaketatik kanpo izango da. Aipatu bi lanez gain, euskal eta euskarazko zinemari tarte berezia eskainiko zaio, ohi denez, Zinemira sailean. Euskaraz Bizi Nahi dut II. Film Laburren Lehiaketa ere euskarazko lanen erakusleiho izanen da. Sail horiez gain, ohiko sailek eta berriagoek osatuko dute, irailaren 19tik 27ra bitartean, 62. Zinemaldiko eskaintza oparoa: Zabaltegi, Horizontes Latinos, Savage Zinema... Baita Dorothy Arzner (1897-1979) zuzendariari eta 2000 urtetik gaurdaino Europa ekialdean eginiko zinemari eskainitako atzera begirakoek ere.

 


 

 

dantzaBAIONATIK Donostiara luzatzen den hiri eremua, Eurohiria delakoa, osatzen duten hainbat herri eta hiritako kaleak dantza garaikidearen agerleku bilakatuko dira irailaren 11tik 28ra, IV. Dantza Hirian jaialdia dela eta. Orotara, nazioarteko 16 dantza konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira, dohainik, Donostia, Irun, Hondarribia, Pasaia, Errenteria, Hendaia, Azkaine, Biarritz, Donibane Lohizune, Baiona eta Bidarten. Ikusgarrietako bi estreinaldiak izango dira: Jordi Vilaseca koreografoaren Azala eta Lasala taldearen Lauesku. Horiez gain, Irun Break, Ertza, Dantzaz eta Etorkizuna Kontzeptuak euskal konpainien lanak izango dira ikusgai, baita atzerriko beste hainbat talderenak ere: Revolution, Cía. Daniel Doña, Babirusa... Berez, Dantza Hirian jaialdi soila baino egitasmo zabalagoa da, dantza garaikidea bultzatzeko hainbat ekimen sustatzen baititu.  Xehetasun guztiak www.dantzahirian.com/eu webgunean ezagut daitezke.