Erantzunak

oninOnintza Enbeita

Galderak egitea erraza dela pentsatzen du jendeak, baina ez da. Edo bai, agian, baina galdera egokiak egiten jakiteak egiten du kazetaria elkarrizketatzaile on. Hau da, bai bizitzan eta bai kazetaritzan, gure galderen araberakoak izaten dira erantzunik gehienak.
Askotan gertatzen zaigu, galdetu eta galdetu, nahi ez dugun erantzuna jasotzea. Ez da trago gozoa, baina egiaren bila dabilenak aurkitu ere egiten du, eta egia beti ez da izaten ederra. Besteei dagokienean, erraz ikusi eta ulertzen dugu; egia gutaz ari denean, ordea, zailagoa izaten da kontua. Erantzun txarrak jasotzea ere ohikoa da bizitzan, gehiegi galdetzearen ondorioa izaten da askotan. Izan ere, galdera egokienak ditugunean ere, noiz galdetu jakiteak salbatu egiten ditu jasoko ditugun erantzunak. Zer esanik ez galderen tonuarekin baieztapenak egiten ditugunean: “Ez zaude gustura, ezta?”, “Badakizu zergatik gertatu den hori?”.
Ezertarako balio ez duten erantzunak ere badira: silaba bakarrekoak izaten dira gehienetan, eta informazio gehiago jasotzeko aukera ukatzen digute. Erantzun ontzat hartzen ditugu guk nahi duguna erantzuten dutenak, edo gu ez garen beste norbaiten akatsak erakusten dituztenak, edo gu zuzenean interpelatu gabe bizitzaren gaineko ideia sakonak adierazten dituztenak. Ispilu lana egiten duten erantzunak ere asko dira, eta norbere burua ispiluan ikustea beti da ariketa gogorra. Beste baten erantzunak geu nola gauden erakusten duenean, nola esan erantzun ona dela? Aitzitik, erantzun egokia ere ez zaigu irudituko.
Baina bizitzearen jokoa galdetzean ere badatza, hein handi batean. Galdetzen ez duena ez da galdetzen duena baino azkarragoa, baina egia gogorra den kasuetan sufritzea saihestuko du. Galdetzen duena ez da galdetzen ez duena baino zoriontsuagoa, baina batzuetan lasaitasun handia emango dioten egiak aurkituko ditu. Galderak noiz egin dakiena ez da kontakatilu soila izango, eta galderak pentsatu gabe egiten dituenak, tarteka, sorpresa ona hartuko du. Galdetzea eta ez erantzutea, biak baitira libre.