Noiz arte eskean?

kongresuan

Proposamena sustatu duten eragileak, aragoieraren, asturieraren, galizieraren, katalanaren eta euskararen aldekoak, Kongresuan proposamena aurkeztu zuten alderdi politikoen ordezkariekin batera.

Berezko hizkuntzak ofizialak izan daitezen, estatutu erreformak bultzatzeko eta babesteko eskatu du Espainiako Kongresuak. Estatuko hizkuntza gutxituen aldeko zenbait eragilek (tartean, Euskalgintzaren Kontseilua) egindako proposamenak eragin du eskaera. Berez, zazpi neurri proposatu dituzte; banan-banan bozkatu ostean, baina, hiru bakarrik onartu dituzte. Hizkuntzen ofizialtasuna bultzatzearen aldeko neurriak gaineratzen duenez, “hizkuntza horiek ez badira ofizialak, hitz egiten diren lurraldearen zati batean edo lurralde osoan” sustatu beharko dira. Onarturiko bigarren puntuak, berriz, zera dio: “Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio erabilera ahalbide dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuta”. Azkenik, hirugarrenak “benetako errespetua" eskatu du. Begi onez hartu du eskaera Paul Bilbao Kontseiluaren idazkari nagusiak, baina esan du Gobernuak etxerako lan asko dituela oraindik egiteko, “herritarron arteko berdintasuna bermatuko badu”.