Diseinua

txokolateTxokolate ontzi zaharrari gaurko begirada

Abian da HAU, Euskal Herriko objektu tradizionalen diseinu lehiaketaren 4. edizioa. Bitamine Faktoriak antolatua, euskal kulturako objektu tradizional bat gaurkotzea du helburu, ohitura zaharrak berreskuratzeko eta, modu horretan, objektu horiei buruzko ezagutza eta ikerketa bultzatzeko. Aurtengoan, txokolate ontzia izango dute helburu, hau da, txokolatea prestatzeko erabiltzen den etxeko tresna. Parte hartzaileek objektua egokitu eta berritu beharko dute, hainbat irizpide aintzat hartuta: diseinuaren funtzionaltasuna eta kalitatea; diseinuaren bideragarritasun ekonomikoa, balizko merkaturatzea aintzat hartuta... Diseinuaren alorrean diharduten ikasle, profesional eta kolektiboentzako lehiaketa da, baina edozeinek parte har dezake. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, eta diseinu nabarmenenak Donostiako San Telmo Museoan paratuko dituzte ikusgai ekainean egingo den erakusketan. Lehiaketaren xehetasun eta baldintza guztiak Bitamine Faktoriaren webgunean daude: https://bitamine.net/eu/.