Osasuna

aurikularEntzungailuak gaizki erabiltzeagatik, gero eta entzumen arazo gehiago

Gutxienez 1.100 milioi pertsona daude munduan entzumena galtzeko edota kaltetua izateko arriskuan, musika entzungailuak gaizki erabiltzeagatik. Zehazki,  musika ozenegi eta luzaroan entzuteagatik. Halaxe jakinarazi zuen OME Osasunaren Mundu Erakundeak Entzumenaren Nazioarteko Egunean (martxoak 3). OMEk berak emandako datuen arabera, munduan egun 1.500 milioi lagunek dute entzumen arazo larriren bat, tartean erabateko gorreria. Gainera, etorkizunean kaltetuak ugaritu egingo direla uste du OMEk; 2050. urtean, 2.500 milioi izango dira, erakundearen aurreikuspenen arabera. Horren arrazoi bakarra ez da, ordea, musika ozenegi entzutea. Meningitisak edo errubeolak, besteak beste, horretan eragiten duela gogorarazi du OMEk, baita lantokietan langileek jasaten dituzten zarata handiek ere. Horiek ekiditeko eta egun entzumen arazoak dituzten pertsonak egoki artatzeko, osasun publikoa indartu behar dela esan du erakundeak. Entzumen arazoak dituztenei pandemiak eragindako kaltea ere nabarmendu du OMEk. Esaterako, maskaren erabilera dela eta, gorrek ezin dituzte beren solaskideen ezpainak irakurri, eta horrek sozialki isolatuta geratzeko arriskua areagotzen die, gorren elkarte ugarik ere azkenaldian salatu duten moduan.