Garagardoa

garagardoaNon merkeen eta non garestien?

Munduan gehien edaten diren edarien artean dago garagardoa. Nolanahi ere, herrialdearen arabera,  garestiagoa edo merkeagoa izan liteke, garagardozaleek ondotxo jakingo dutenez. Bidaiatzean sorpresarik jaso nahi ez duenak bidelagun egokia du Expensivity.com ataria: munduko hainbat herrialdetan garagardoak duen prezioa jaso du World Beer Index 2021 izeneko lanean. Guztira, 58 herrialdetako salneurriak ageri dira, zehatz-mehatz. Batezbesteko prezioaz gain, saltoki motaren araberakoa ere erakusten du. Hots, hoteletan izan ohi duten prezioa, batetik, eta supermerkatuetan dutena, bestetik. Izan ere, zenbait herrialdetan, alde handiak izan ohi dira, zerbeza erosten den tokiaren arabera. Qatarren dira garestien, 33 cl-ko botilaren batezbesteko prezioa 11,26 dolarrekoa baita. Merkeena, aldiz, Hegoafrikan topa daiteke: 1,68 dolar botila. Salneurria ez ezik, datu gehiago ere eskaintzen ditu atariak. Zehazki, herrialde bakoitzeko per capita kontsumoa eta pertsona bakoitzak urtero batez beste garagardotan gastatzen duen dirua. Kontsumoan, txekiarrak dira nagusi: batez beste, pertsona bakoitzak 468 garagardo edaten ditu urtean. Zerrendaren beste muturrean, haitiarrak daude: batez beste, 4 garagardo edaten dituzte urtean. Garagardoan diru gehien xahutzen dutenak, berriz, alemaniarrak dira: 1.908 dolar urtean, batez beste. Noren antza duzue zuek?