Bitxikeria

dentistaDentistarenean, zonbien beldurrik ez

Urruneko uharte bat, mendian galdutako borda... zonbi apokalipsia gertatuz gero, halakoak ezkutaleku egokitzat joko dituzte askok. Bada, oker dabiltza: dentistaren kontsulta da tokirik aproposena. Hala uste du Greg Nicotero zuzendari, ekoizle, aktore eta efektu berezietan adituak. Zonbi kontuei buruz zer edo zer badaki Nicoterok. Besteak beste, zonbiei buruzko The Walking Dead telesail arrakastatsuan, zenbait kapitulu zuzentzeaz gain, efektu berezien arduraduna delako. Bere estreinako lana, George A. Romeroren Day of the Dead (1985) filmean egin zuen. Hain zuzen, zonbiei buruzko film ezagunak egin izan dituen Romero ekarri du gogora Nicoterok dentistarenean ezkutatzeko aholkua azaltzeko. TMZ agerkarian azaldu duenez, “George Romeroren munduan bazaude, jo ezazu beste inor joango ez den leku batera. Haren filmetan, zonbiek memoriari erantzuten diote. Beraz, joan dentistaren kontsultara. Inori ez zaio otuko hara joatea, inork ez duelako han egon nahi, dentistek izan ezik”. Gainera, dentistarenean ezkutatuta, ihesean dabilenak denbora irabaziko luke hurrengo urratsak ongi eta tentuz pentsatzeko. Aholku biribila, hortaz. Dentista bertan badago eta ahoa aztertzen badizu, zer esanik ez!