New York

rokefelerBalmasedar bat Rockefeller Center eraikinean

Hamaika langile habe batean lasai antzean eserita, 69. solairuan hamaiketakoa egiten, azpian New York hiria dutela. Ezaguna bezain ikusgarria da New York Herald Tribune egunkariak 1932ko urriaren 2an argitaratu zuen argazkia, gero munduan izugarri hedatu zena. Argazkiko protagonistetako bat euskalduna zela jakin dugu berriki, Balmasedako Harresi Kulturala Elkarteari esker: Natxo Ibarguren Moneta Boluntario balmasedarra (Balmaseda, 1899 – New York, 1957). Zehazki, ezkerreko bigarrena da, Matty O’Shaugnessy irlandarrari sua ematen ari zaiona. Ibargurenen ondorengoen testigantzei esker izan zuten Harresi elkartekoek Ibargurenen berri, eta haren ibilerak ere jaso dituzte. 1899an Balmasedan jaioa, 1919an Argentinara alde egin zuen, derrigorrezko soldadutzari iskin egiteko. Hainbat herrialdetan ibili ostean, 20ko hamarraldian New Yorken hasi zen bizitzen. Han, Esperanza Ojinaga euskaldunarekin ezkondu eta igeltsero lanean hasi zen etxeorratzak barra-barra eraikitzen ari ziren hirian. 1932an egin zieten Ibargureni eta haren lankideei argazkia, Rockefeller Center eraikina altxatzen ari zirenean. Askoz datu gehiago ere jaso dituzte Harresi elkartekoek, bai Ibargureni bai argazkiari berari buruzkoak, eta harresi.org gunean ipini dituzte.