Zinema

lehoiPantaila handiko lehoi ezagunenak hezur-haragizkoa izateari utziko dio

Nork ez du ezagutzen Metro Goldwin Meyer (MGM) ekoiztetxearen lehoia? MGMren ikur nagusia 1928an baliatu zuten lehenengo aldiz, eta ordutik haren film guztien hasieran agertu izan da, orroka eta latinezko Ars gratia artis (Artea, arteagatik) leloa lagun duela. Orain arte, benetako lehoiak erabili izan dituzte MGMren filmen karatuletan, baina hezur-haragizkoak erabiltzeari utziko diote. Aurrerantzean, digitalki egindako lehoi bat baliatuko dute MGMk ekoitzitako filmen hasieran. Zehazki, Channing Tatumen Dog filmaren estreinaldian ikusi ahal izango da lehen aldiz, uztailaren 15ean. Digitalki egina izanagatik, aurrekoei dagokienez ez du alde handirik izango, ekoiztetxeak jakinarazi duenez. Orroa, berriz, ez da lehoiarena izango, tigrearena baizik. Halere, hori ez da berria. Aspalditik erabiltzen du MGMk tigrearen orroa, lehoiarena baino txundigarriagoa delako. Berez, lehoi berria MGMren hamargarrena izango da. Lehenengoz pantaila handian agertu zenetik, benetako bederatzi lehoiren irudiak paratu dituzte. Azkena, Leo izeneko lehoiarena, 1957tik erabili dute. Berriari ipiniko ote diote izenik?