“Euskara ikastea posible da, eta merezi du”

sara

Leku askotan ikusiko dugu Sara Cozar (Ordizia, 1980) hil honetan: Zinemaldian aurkeztuko den Lasa eta Zabala filmean paper txiki bat du, eta Bilbon egongo da irailaren 10etik 15era El hijo de la novia antzezlanarekin (Emaztegaiaren semea euskal bertsioaren bira bukatuta). Gainera, Euskal Herri osoko ia herri guztietan egongo da AEKren afixetatik herritarrak euskara ikastera animatzen. Pasa den ikasturtean AEKn ikasle ibili zelako eta bere lanaren berri izan nahi dugulako ekarri dugu orriotara. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Unibertsitatean publizitate ikasketak egiten hasi zinenean, herriko Urrup antzerki taldean amateur aritzen zinen. Bokazio berantiarra?
Bokazioa txikitatik daukadala uste dut. Neuk antzerkia egin nahi izaten nuen beste batzuek futbolean edo margolaritzan ematen zutenean izena. Eskolako kultur astea iristen zenean, ni antzerkian apuntatzen nintzen, beti lortzen nuen halako saltsatan ibiltzea. Ez dakit bokazio hitza aproposa den, baina umetatik gustatu izan zait. Institutuan hasi bezain pronto, antzerki taldean sartu nintzen, eta gauza bera egin nuen unibertsitatean. Hori bai, ez nuen pentsatzen nire ogibidea izango zenik. UBI bukatutakoan, etxean ez zidaten Madrilera joaten utzi... Orduan, ikasketak egiten hasi nintzen. Ez nuen bukatu, Goenkalen hasi nintzelako, baina aurten lizentziatu naiz!

Goenkalek eman zizun azken bultzadatxoa aktore lanean jarraitzeko?
Ez dut inoiz esan “honetan jardungo dut”, ezta gaur egun ere. Hau gustatzen zait, baina ez naiz neu joan interpretazioaren bila, interpretazioak bilatu nau, nolabait. Izan ere, gustatu bai, ibili bai... baina unibertsitatean ari nintzen eta Erasmus programan sartzeko asmoa nuen. Goenkalekoa bat-batean sortu zen, eta Donostiako TAE Antzerki Eskolan eman nuen izena. Han nengoela heldu zitzaidan lehenengo antzezlan profesionala egiteko aukera... Gauzak nahiko erraz sortu ziren hasiera hartan. Harrezkero, antzerkian eta zineman profesionalki aritu naiz, eta orain bai, egun esan dezaket aktorea naizela.

Ikasle izan zaitugu AEKn, zer dela eta?
EGA atera behar nuela erabaki nuen. Bere garaian, institutuan, ez zitzaidan sudur puntan jarri, beste gauza batzuk neuzkan buruan. Duela sei urte, euskaltegira joan gabe ateratzen saiatu nintzen, baina ez nuen atarikoa gainditu. Beraz, banekien euskaltegira joan gabe ez nuela aterako. Azkenean, joan eta atera egin dut! Euskara nire hizkuntza da. Lanerako, ikasteko, lagunekin, mutil-lagunarekin... erabiltzen dut, baina ez da nire ama-hizkuntza: aita Jaengoa dut, eta ama Santanderkoa. Senide guztien artean, neuk bakarrik egiten dut euskaraz; tira, orain lobek ere bai, baina euskara ez da nire ama-hizkuntza, eta hor hutsune bat-edo sentitzen nuen, esaera zaharretan eta abarretan... Txikitan etxean ikasi ez nuen hori, hutsune hori, betetzeko beharra sentitzen nuen.

Ikaslea izateagatik aukeratu zaitu AEK-k matrikulazio kanpainari aurpegia jartzeko...
Pozik hartu dut parte, are gehiago kanpainarekin ados egonda. Ez nuke egingo, esaterako, animalien larrua erabiltzearen aldeko edo abortuaren kontrako kanpaina bat.

Freskagarri baten iragarkia zela eta, arazoak izan zituen Gotzon Sanchez aktoreak. Zer iruditu zitzaizun?
Oso-oso gaizki, denei bezala! Dignidad y Justiciatik aparte, ez nion inori entzun horren aldeko ezer. Denoi, edonongoak izanda ere, iruditu zitzaigun barrabaskeria. Profesional batek bere lana pentsatzen duena pentsatzen duela egin dezake, dudarik gabe. Niri ere harrigarria eta ulertezina iruditu zitzaidan. Jendartea Gotzonen alde jarri zen, eta bera, niri esan zidanaren arabera, poztu egin zen horregatik. Kristoren babesa sentitu omen zuen, jende asko atera zelako bere alde. Oso kapitulu itsusia izan bazen ere, bera nahiko indartsu irten zen hortik.

Zuk sentitu duzu inoiz lanbidea arriskuan jar dezakezula hainbat gairen alde agertzeagatik?
Nik ez, nire izaeragatik. Politika kontuetatik erabat kanpo geratzen naiz, nahiz eta gaiak kezkatzen nauen. Beste gauza askotan bustitzen naiz, baina politikan ez. Beraz, nik ez dut nabaritu, baina Gotzonek bai. Halere, edozein lanbidetan izan daiteke kaltegarria: banku baten aurpegi publikoa izanda, aldarrikapen zehatz bat egiten baduzu eta bankukoei ez bazaie ondo iruditzen, arazoak izango dituzu. Ez luke horrela izan behar, baina horrela da.

Azken edizioetan, bertatik bertara ezagutu duzu Donostiako Zinemaldia, baina nola bizitzen zenuen lehen?
Beti ibili izan naiz hara eta hona Zinemaldian. Duela bi urte, Bypass film luzea aurkeztu genuen, eta duela lau, berriz, Izarren argia. Mugaldekoak telefilmarekin ere egon nintzen. Aurten aurkeztuko den Lasa eta Zabala filmean ere paper txiki bat daukat. Iaz, inaugurazio galaren zatitxo bat eta Euskal Zinemaren gala aurkeztu nituen. Dena dela, ikusle ere beti hartu izan dut parte, zinema izugarri gustatzen zait eta.

Bypass estreinatu ondoren, gehiago ibili zara antzerkian, ezta?
Bai, paper txiki batzuk egin ditut zineman, baina antzerkian ibili naiz gehienbat: Maitasunaren ostean, maitasuna estreinatu genuen martxoan, eta aurretik Emaztegaiaren semea. Irailean hasiko dugu bira gaztelaniazko bertsioarekin: lehenengo Bilboko Campos Eliseos antzokian; eta 17tik aurrera, Madrilen eta gainontzeko hirietan.

Horregatik eman duzu uda Madrilen?
Bai, El hijo de la novia prestatzen egon gara. Emaztegaiaren semea egin dugunon artetik, Mikel Laskurain eta biok egongo gara. Beste aktoreak aldatu egin dira: Juanjo Artero, Alvaro de Luna eta Tina Sainz egongo dira. Pare bat aldiz izan naiz Madrilen ikastaroak egiten, baina hau da lanean jarraian egongo naizen lehenengo aldia; dena den, Las mujeres de verdad tienen curvas antzezlanarekin ere joan nintzen Madril eta Bartzelonara.

Kanpora joan beharra dago zuen lanbidean zerbait aurreratuko bada?
Beharrik ez dago. Badago hemendik ateratzen ez den jendea, 60 urterekin berton lan izugarria egiten duena; beraz, ez da ezinbestekoa. Dena den, niri gustatuko litzaidake kanpoan lan egitea, beste zerbait probatzeagatik, beste jende bat ezagutzeagatik... Halere, beharrik ez dagoela esatea asko esatea da, guztiok bizitzen ari garen egoera ikusita; aktoreon kasuan, are okerragoa. Kulturari zuzenduriko diru-laguntzak izugarri murriztu dira, eta etengabeko borrokan gabiltza gustatzen zaigun lanbidean aurrera egiteko. Militantzia da, azken finean.

Euskararen eta euskal kulturaren sustapenerako Ttalaka elkartearen guneko blogaria zara...
Hizkuntza altxorra da edozein tokitan, baina gure altxorra txikia eta indartsua da, oso berezia, zaindu eta landu beharrekoa. Ni ez naiz euskaldun zaharra, baina nire seme-alabak euskaldun zaharrak izatea nahi dut, niri euskara jakiteak ate pilo bat ireki didalako. Nik baditut hemen lagun kanpotarrak eta beti animatzen ditut ikastera. Esaten didate ezinezkoa dela, oso zaila dela... baina ez da egia, posible da! Zaila da eta asko kostatzen da, baina lortu lor daiteke! EGA prestatzeko taldean ikaskide japoniar bat izan nuen, Takeshi, eta euskaraz hitz egiten du! Indarra jartzen dugu beste hizkuntza batzuk ikasten, baina ez euskara, zaila dela argudiatuta. Gezurra! Zaila bada, baina ez ezinezkoa dudarik gabe. Garrantzitsua da hemen bizi garenok, behintzat, hemengo hizkuntza hitz egiten saiatzea.

Euskara zailtasun erantsia da zuen lanbidean?
Bai, askoz ere jende gutxiago joaten delako lana ikustera, argi eta garbi. Donostian euskarazko antzezlan batekin astebetez bazaude, agian lehenengo bizpahiru egunetan beteko duzu aretoa, baina gaztelaniaz errazago betetzen da, denek dakitelako. Horregatik da garrantzitsua jendeak euskara ikastea, gero dena joaten delako katean.

Eta zein egoeratan zabiltzate euskal aktoreak?
Hemen oso aktore onak daude, leku guztietan bezala. Orain gaizki gabiltza, baina hori ez da euskararen errua, ezta aktoreena ere, agintzen duten horiena baizik. Ez badago laguntzarik, jendeak ezin ditu lanak ekoitzi poltsikoan duen diruarekin. Laguntzak behar dira, bultzada behar da, eta hori ez da gertatzen. Krisiaren eraginez asko jaitsi da kontua, baina orain dela gutxira arte antzezlan piloa zegoen hemen, ekoizpen etxe asko... Orain oso egoera larrian gaude. Batzuk oraindik bizi gaitezke honetaz, juxtu, eta beste batzuek ezin dute. Denok ari gara beste gauza batzuk ikasten, beldurtuta gaudelako, zeri eutsi behar dugulako, honekin ezin badugu aurrera jarraitu. Asko utzita eta etsita daude.

Diru-laguntza gehiagorekin konponduko litzateke egoera?
Dirua egon badago, arazoa da nora bideratzen den. Adibidez, errepide piloa egiteko badago. Denok dakigu, edo askok, behintzat, kultura heziketaren parte oso garrantzitsu bat dela, baina ez dira horretan inbertitzen ari. Hau da, diru arazoa da, baina ez falta delako, baizik eta ez delako bideratzen behar den lekuetara. Gure lanbidean, film edo telesail handi batean egiten baduzu lan, hortik bizi zaitezke, baina antzerkiarekin oso zaila da. Hilabetean bospasei emanaldi badituzu, fakturak ordainduko dituzu. Baina baliteke hurrengo hilabetean bi saio baino ez izatea, eta hori oso diru gutxi da, ez da ezertarako iristen. Laguntzak behar dira emanaldi gehiago bultzatzeko, adibidez.

Edo BEZ jaitsi sarreretan, ezta?
Jakina! Jendeari lagundu egin behar zaio kultura kontsumitzen. Kontua ez da ekoizpen etxeei eta aktoreei baino ez laguntzea, ikusleak ere bultzatu behar dira emanaldietara joatera. Zinemarako, kontzertu baterako edo antzerkirako sarrerak kubata batek beste balio badu, nik zerbait ikustera joatea lehenetsiko dut , baina jendeak dagoeneko guztiari begiratzen dio, sarrerari eta kubataren prezioari, denetik egiten dugu gutxiago.

Jendeari kontsumitzen ere irakatsi beharko zaio...
Iaz, umeak eskolatik antzokira eramaten zituen egitasmo batean egon nintzen eta ez dakizu nolako plazera zen lauzpabost urteko kakanarruak, aulkian ia eseri ezin zirenak, disfrutatzen ikustea! Haien emozioa! Niretzat esperientzia izugarria izan zen, baina ezin diozu eskatu antzerkira astebururo joatea behin ere joan ez den 20-25 urteko pertsona bati. Niri esan izan dit ezagunen batek ni ikustera joan eta oso ondo pasatu duela, harrituta, aurkikuntza bat egin balu bezala, aurretik ez zelako sekula sartu antzoki batean. Ikasitakoa egiten dugu, eta jendeari ez bazaio irakasten...

Halere, krisiagatik galdetuta, aktoreok gehienetan erantzuten duzue zuen arloa beti egon dela krisian...
Gure lanbidea beti dago krisian, baina oraingoa askoz ere gogorragoa da: soldatak eta emanaldi kopurua asko jaitsi dira eta, ondorioz, jende asko beste gauza batzuetara jotzen ari da, ezin duelako hilero gutxieneko soldata atera. Beti egon gara krisian, Euskal Herrian ez dago aktore aberatsik, denok bizi gara alokairuan ez digutelako hipotekatzeko ere ematen... Nahiko xume bizi izan gara, baina orain gauzak benetan ari dira konplikatzen.

 

KOLKOTIK

Zerk ematen dizu lotsa? Neure burua lotsagarri sentitzeak. Maniaren bat eszenatokira igo aurretik? Doña Manias naiz! Atera aurretik, beti, edozein antzezlanetan eta edozein lankiderekin, elkarri begietara begiratu eta “suerte!” da esan behar didan azken hitza. Antzeztu nahi duzun pertsonaia? Emakume indartsuak gustatzen zaizkit. Aktore ez bazina, zer? Buf, auskalo! Ametsetan jarrita, bidaiari profesionala! Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Abortuaren aurkako legea bertan behera utzi dela. Gustuko aktore bat? Luis Tosar. Zertaz zaude harro? Nire lagunez. Aktorea ez den norekin joango zinateke pintxo-pote batera? Ordiziako koadrilarekin, ez ditut aspaldian ikusi. Zerk haserretzen zaitu? Ez naiz erraz haserretzen, baina intolerantziak. AEKren irudia zarenez, eman bi arrazoi euskara ikasteko. Posible da eta merezi du.