Berdintasuna

ginkanaArbolarte eguneko zentrokoak bizi-bizi Euskararen Ginkanan

Deustuko Arbolarte eguneko zentroko taldeak hirugarren postua lortu du (laugarrenarekin berdinduta) Euskararen Ginkana lehiaketaren 7. edizioan. Ginkanaren xedea da herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna, aktibismoa eta euskararen erabilera sustatzea. Horrexegatik da nahitaezkoa lortutako sariarekin euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzea. Bada, Arbolarte taldearen asmoa zen sariaren diruarekin kilometroak erostea hurrengo Korrikan, leku egokitu batean, jakina. Helburua lortu ez badute ere, ziur gaude 22. Korrikan ikusiko ditugula. Izan ere, mugikortasun murriztua duten pertsonak izan arren, Mariak, Lolok, Marisolek eta Iratxek bizimodu independentea nahi dute, gizartean parte hartu gura dute... eta euskara maite dute! Aurtengo Euskararen Ginkanan, 58 talde lehiatu dira, eta Arbolartekoak oso pozik daude, bai lortutako postuagatik bai dinamika inklusibo batean parte hartu dutelako, beste edozein lehiakideren pare.