Oscar sariak

oscar‘Mank’ filmak jaso ditu izendapen gehien, baina ez da faborito nagusia

Hollywoodeko Akademiak 93. Oscar sarietarako izendatuak ezagutarazi ditu. Guztien artean, David Fincherren Mank filma nabarmentzen da, 10 izendapenekin; tartean, film onenarena. Netflix plataformak ekoitzitako lana da Mank. Film onenaren saria jasotzen badu, plataforma digital batek lehen aldiz irabaziko du kategoria garrantzitsueneko Oscar saria. Nolanahi ere, kiniela gehienetan, Chloe Zhaoren Nomadland ageri da faborito, nahiz eta izendapen gutxiago izan: sei. Izan ere, hainbat sari bildu ditu filmak beste jaialdi batzuetan, eta oso harrera ona izan du. Mank bezala, film onenaren saria jasotzeko hautagaien artean da Nomadland. Bi horien ondoan, beste zortzi pelikula hauek lehiatuko dira: The Father (Florian Zeller), Judas and the Black Messiah (Shaka King), Minari (Lee Isaac Chung), Sound of Metal (Darius Marder), The Trial of the Chicago 7 (Aaron Sorkin) eta Promising Young Woman (Emerald Fennel). Zuzendari onenaren saria lortzeko hautagaien artean ere ageri dira Fincher eta Zhao, Thomas Vinterbergekin (Druk/ Another Round), Lee Isaac Chungekin (Minari) eta Emerald Fennellekin (Promising Young Woman) batera. Oscar sarien historian lehendabizikoz, bi emakume daude zuzendari onenaren sarirako izendatuta. Guztiak kontuan hartuta, halaber, inoizko emakumezko hautagai kopururik handiena izango da aurtengoan: 70. Aipatu kategorietan zein gainerakoetan nor nagusituko den jakiteko, apirilaren 25era arte itxaron beharko da, orduan egingo baitute sariak banatzeko gala.