Euskara ikasteko prozesuan, teknologiari atarramentu gehiago atera ahal diogu

 

 

 

herranzAnder Herranz Uribarri

 Euskara irakaslea

 Adizkinator sortu du Herranzek (Berango, 1989), aditzak jokatzen eta bilatzen dituen aplikazioa; trinkoak, laguntzaileak eta alokutiboak jasotzen ditu. Android gailuetarako garatua, urtarrilean sareratu zuenetik 2.400 deskarga baino gehiago izan ditu; kopuru “itzela”, Herranz harrituta eta pozik duena. Euskal Filologia ikasia, 2016tik irakasle da Uribe Kostako AEKn. Ez da programatzailea, baina lehendik ere bazituen beste bi aplikazio eginak: Berango kantari eta Hiztegia ikasi. Eltze askotako burruntzalia da: Berangoko Epertikerre kultur elkartearen lehendakaria, Karkarramarro markaren sortzailea...

 

Zergatik sortu duzu Adizkinator?

Ikasleei begira, batez ere, aditzak jokatzeko modu azkarra behar nuelako. Ikusten nuen ikasleak, aditz bat behar zutenean, bueltaka ibiltzen zirela, aditz taulak gora eta behera; taulak nola interpretatu ere irakatsi behar genuen. Nire buruari zera esan nion: “Ziur badagoela moduren bat hau arinago eta eraginkorrago egiteko, eta eskura izateko”. Hala, aplikazio bidez egitea ideia ona iruditu zitzaidan.

Zer topatuko du Adizkinator deskargatzen duenak?

Aditzak lortzen lagundu nahi duen tresna bat. Hasierako pantailan, aditzak bilatzeko edo jokatzeko aukera izango dugu. Aditza jokatu sakatuz gero, aplikazioak berak aditza emango digu; beste atalak, aldiz, kontrako bidea egingo du: guk aditza sartu, eta aspektua zein den, pertsonak zein diren... esango digu. Edukiak aditzaren gaineko informazioa emango digu.

Adizkinator. Superheroi baten izena dirudi.

Bai... Aplikazioa egiteko prozesua asko luzatu zen, eta, bitartean, izena pentsatzen aritu nintzen. Azkenean, bi aukera nituen: Euskal Aditzak, pixka bat gatzgabea, eta Adizkinator. Argi dago zein hautatu behar zen! Gustatu zitzaidan, eta aurrera!

Supergaizkilea ere izan daiteke, aditz taulak suntsitzera datorrena.

Ez dut uste. Bakoitzak bere alde onak ditu. Aditz taulekin, adibidez, errazago ikusten dugu nola dauden sortuta aditzak, eta ikasketa prozesuan interesgarria da hori. Elkar elikatzen dute, batak besteari laguntzen dio.

Ikasleak ditu helburu nagusi, baina ez bakar.

Ez, noski, irakasleak ere bai. Aplikazioa plazaratu aurretik, Beta bertsioarekin, eskoletan ere aztertzen nuen batzuetan. Horrela, halaber, gabeziak-eta ikusi nituen, eta konturatu nintzen guretzat ere baliagarria dela. Lagun itzultzaile batek ere esan zidan eskertzen duela halako tresna bat izatea. Azken batean, edonork erabil dezake.

Euskara ikasleen artean, aditzek beste gramatika kontuek baino fama txarragoa dute?

Aldez aurretik, bai. Askotan entzun dugun mitoa da: aditzak zein zailak diren, nor-nori-nork... Horrelakoak botatzen dizkigute; gainera, euskaltegi bat sekula zapaldu ez duen pertsona batek horrelakoak entzuten baditu, jakina da: nor-nori bat bota, eta flipatu egiten dute. Horrexegatik dute ospe txarra, egia da: asko direlako, nola, non eta noiz erabili jakin behar dugulako... Baina, nire ustez, tartetxo bat hartu eta ongi azaltzen badugu nola eta zergatik den, eta aditz arraro horrek forma hori zergatik duen, beldurra joan egiten da, pixka bat. Tira, estereotipoak desegitea ez da inoiz erraza izan. Alde polita ere badu: hasieran, oso zaila iruditzen zaie, baina gero ulertzea lortzen dute, eta horrek ere motibatzen ditu ikasleak.

Nolakoa litzateke aditzik gabeko mundua?

Oso zaila! Azken batean, informazio asko ematen digute, eta, batzuetan, horixe besterik ez zaigu interesatzen: nork egin duen hori, nori egin dion, noiz... Oso baliagarriak dira. Ez dut esango maite ditudanik, baina bai garrantzitsuak eta oso baliagarriak direla.

Azkartasunaren izenean, ikasleak alfertzeko arriskurik ez al da?

Bai. Horregatik diot ez dela taulen etsaia. Beste tresna bat da, ez du ezer ordezkatu nahi. Bidea erraztu nahi du, une zehatz horretan behar dugun aditz hori lortzeko. Dena den, banaiz horren beldur, ez ote duten beti erabiliko... Eskolan ez, pentsatzera bultzatzen dituzulako; etxean, ordea, zerbait egiten badute, aterako dute, erabiliko dute, eta azkenean... Tira, espero dezagun zentzuz erabiltzea. Jendeak ez ditu hiztegian begiratzen erabiltzen dituen hitz guztiak, beraz, aditzekin ez dut uste egingo dutenik.

Atarramentu nahikorik ateratzen al diogu teknologiari euskara ikasteko prozesuan?

Gehiago atera ahal diogula uste dut, bai euskara ikasteko prozesuan bai beste edozeinetan. Hor daukagu telefonoa, sekulako tresna da. Hortik ere zabal dezakegu mundua. Gauza pilo bat egin dezakegu, eta iruditzen zait askotan ez dela erabiltzen ezjakintasunagatik, beldurragatik... Nire ustez, atarramentu gehiago atera diezaiokegu, baina ulertzen dut ezagutza asko falta zaigula. Ez dakigula nondik hasi, zertarako balio dezakeen... Hortaz, atera ateratzen diogu, baina ez ahal beste.

Hurrengoa zer, Deklinabidetor?

Ufa! Agian, ur handitan sartzea izango litzateke, baina polita ere bai. Badago bat, IKAk atera zuen, baina ez dakit horretan sartzeko gai izango naizen. Oraingoz, honekin disfrutatuko dugu, erabiliko dugu, hobetuko dugu, eta gero gerokoak.

 

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Barre egiteak.

Eta tristatu? Arratsaldeko seietan ilunduta egoteak.

Zerk eragiten dizu barrea? Gehienetan, hitz jokoek.

Eta negarra? Bidegabekeriaren aurreko ezintasunak.

Zerk haserrearazten zaitu? Arrazoitu nahi ez izateak.

Bizio bat? Spinnerrak.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Hegazkineko pilotua.

Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Etxegabetzetzailea.

Zenbat aditz eta adizki ditu euskarak? 13.000 bat. Hor kontuan izan behar dugu alokutibo guztiak daudela, alokutibo batzuk bi modutan izan daitezkeela, erabiltzen ez dugun trinko pila bat dagoela... eta erabiliko ez ditugunak!

Zein aditzek harritu zaitu gehien? Ezagutzen ez nituen batzuek. Erauntsi, adibidez. Horrelakoek.

Eta luzeena? Topatu nuen, baina ez dut gogoratzen. Luzetxoa zen.

Trinkoak erabiltzea datsegizu? Datsegit, bai! Ez da sekretua, baina inguruan bakarrik esan dut: aplikazioa zabaltzean, Aditza bilatu, Aditza jokatu eta Adizkinatorren logo handia agertzen dira. Logoan azkar-azkar hogei aldiz sakatuz gero, aditz berezi bat desblokeatzen da. Gero, aditz hori jokatu ahal duzu. Bilatu eta beste edozein aditz bezala erabil dezakezu.

Eñaut Mitxelena