Desirak piztuta

sexual

Udaberria nola, hala loratzen da sexualitatearekiko interesa nerabezaroan nahiz gaztaroan. Nesketan edota mutiletan egitea, sexu irrika, plazera... hori guztia bizi izateko gogoz dira gazteak, oro har, koronabirusak eragindako pandemia betean. Halaxe diote elkarrizketatu ditugun hiru lagunek. Hainbat ikuspuntu jaso nahian, gazteen arteko harremanak nolakoak diren galdetu diegu, bai eta sexualitatearen esparruan zein interes eta kezka dituzten ere. Maider del Olmo.

testi“Sexualitatea nola esploratu da gazteon interesetako bat”

Gazte askok buruan duten galdera plazaratu du Goizane Vegas Maisterrenak (Lizarra, 2000), Covid-19aren ondorioez galdetuta. Hala, sexualitatea arakatzeko mugak azpimarratu ditu, neurri murriztaileen harira. Psikologia ikaslea da bera. Gustuko du lagunekin egotea, musika entzutea, irakurtzea... Edozelan, arretaz begiratzen die harremanetan egoteko moduei, kontsumoari edota merkatuari. Egakume Lizarraldeko neska* gazteen talde feministako kide ere bada.

Desira “modu askean eta etikoan” bizitzeko nahia sumatzen du inguruan Vegasek: “Bikote sexu-afektibotik harago, harremanak izateko beste modu batzuk ezagutzeko interesa dago: polimaitasuna eta maitasun askea, betiko sexu harreman koitozentrikoetatik haragoko jardunbideen gaineko interesa, estigmatizatuak izan diren sexu praktikak arakatu eta araua hausteko nahia dago”.
Esan bezala, Egakume Lizarraldeko neska* gazteen talde feminista taldeko kide da: “Militantzia nire zaletasunetako bat dela esango nuke, egunerokotasunetik eta gauza txikienetatik ulertuta. Alegia, militantzia gisa ulertzen denaz gain, egunerokoan hartzen ditudan erabakiak, harremanak izateko dudan era, kontsumitzen ditudan elikagaiak edota musika bustitzen dituelako militantziak”.
Vegasen ustez, sexualitatearen esparruan, orain garrantzi handiagoa ematen zaio norbere plazerari eta norbere gorputza ezagutzeari. Horren ondorio al dira Satisfayer-aren gisako produktuak? “Zalantza daukat ez ote den alderantziz izan. Hainbat borrokari esker norbere desiraren, gorputzaren eta nahien ezagutza politizatu eta zabaldu den garaian, merkatuak Satisfayerra eta halako produktuak plazaratu ditu. Bestalde, teknologia berrien erabilera areagotzeaz batera, gazteongan hainbat interes piztu direla esango nuke,  sexting-a (sakelako telefonoaz eduki erotiko edo pornografikoak bidaltzea), adibidez”.
“Gure egunerokotasuna eta harremanak garatzeko guneak mugatu egin diren unean, sexualitateak ere traba handia topatu du parez pare. Beraz, horri nola buelta eman, nola esploratu geure sexualitatea errealitate berri honetan, badugu buruan. Horiek dira sortu diren zalantza eta frustraziorik nabarmenenak. Sexualitatea nola esploratu da gazteon interesetako bat”. Pandemia garaian, biziki mugatuak dira gazteen arteko harremanak: “Zirkulu eta sare berdinetan gabiltza une oro, gure sexualitatea esploratzeko muga argiak ditugu, etab. Gainera, bizitzako fase honetan, jendea ezagutzeko desira handia izan ohi dugu, nahiz eta ez izan gazte guztien kasua, eta hori mugatzea oso nekagarria eta frustragarria da; horrela bizi dut nik, behintzat”.
Beste kezka batzuk ere antzematen ditu gazteen artean: “Ez dakit hau errealitate orokortua den ala nire errealitatetik hitz egiten ari naizen, baina sentsazioa dut feminismoak gazteria beste kezka batzuk izatera eraman duela. Esate baterako, gure sexualitatea zalantzan jartzen ari gara, gure sexu harremanak koitozentrismotik urruntzen, esaterako. Izan ere, desira eraikia dela ulertu dugu; genero rolak, eta generoa bera ere, konstruktu sozialak direla; heteroaraua eta maitasun erromantikoa kapitalismoaren eta patriarkatuaren produktu oso efizienteak direla... Zalantza eta inkongruentzia asko sortzen zaizkigu barruan. Beste era batera esanda, sentsazioa dut, teoria jada oso ondo barneratu badugu ere, teoria eta praktika bat egitea gehiago kostatzen ari zaigula. Beraz, kontraesanak nola gainditu da gazte askoren kezka”.
Sare sozialak “arnasgune” dira sexualitatea askatasunez bizitzeko testuinguru fisikorik ez duten pertsonentzat: “Aurrekoan, morroi bati entzun nion esaten beretzat sare sozialak babesgunea izan direla, bere testuinguru homofobotik ihes egiteko modu bakarra, eta, horri esker, bere sexu orientazioa arakatu ahal izan duela”.

aranda“Gazteek izan behar dute beren sexualitatearen protagonista, ez influencer-ek, ezta gurasoek ere”

Institutuetan sexu heziketa tailerrak egiten ditu Oskar Arandak (Ermua, 1974). Sexologoa da. Horrez gain, Lasarte-Oriako emakume zentroko sexologia arduraduna da (helduentzako sexu terapia eta gazteentzako sexu aholkularitza eskaintzen ditu, besteak beste), eta berdintasun teknikaria ere bada.

“Guk baino libreago bizi dute sexualitatea gazteek. Badituzte beren zailtasunak, noski, bestela ez lirateke-eta pertsonak izango” diosku Aranda sexu hezitzaileak. “Batez ere, sexu identitateari buruzko galderak egiten dituzte orain, generoaren eta sexualitatearen gaineko eztabaida indarrean dagoen garaiotan. Sexualitatea eta maitasuna nola uztartu ere badago haien kezken artean. Duela 18 urte, gorputzaren ezagutzarekin lotuta zeuden galdera asko, baina gaur egun ez. Orain, gazteek informazio asko dute; beharbada, gehiegi".
Bilduma modukoa eginez, 2019. urtean liburu bat idatzi zuen Arandak, haurtzaroko eta nerabezaro aurreko jolas erotikoei buruzkoa. Horrez gain, argitalpen gehiagotan esku hartu du. Adibidez, iaz, Lasarte-Oriako Udalak sexualitate gida bat kaleratu zuen gazteentzat; geroago, emakumeen eta gizonen arteko tratu onei buruzko beste argitalpen bat kaleratu du. Arandaren lana dela eta, zuzeneko harremana du gazteekin, eta ondo ezagutzen ditu haien interes eta kezketako batzuk.
Gazteek sexualitatea askatasunez bizitzeko dituzten trabez galdetuta, hainbat aipatu ditu: “Matxismoa oztopoa da haien artean harreman onak izateko orduan. Argi eta garbi. Horrekin lotuta, tratu onei buruzko lanketa egiten dugu gazteekin. Beste oztopo bat kontsumoa da. Gizarte kapitalistan murgilduta bizi gara, eta horrek bere eragina dauka. Gorputzak kontsumorako gai moduan ikusten dira”.
Sare sozialekin lotuta, “iragazkiak” garatzeko beharra ikusten du, modu kritikoan jarduteko. Hala, tailerretan, eztabaida sustatzen saiatzen da gazteekin, metodo pedagogiko gisa; askotan, probokazioaz baliatzen da: “Kritikoak izatea garrantzitsua da. Egun, esaterako, gazteen artean boladan dago bisexuala izatea, influencer batek horrela esaten duelako. Gazteek izan behar dute beren sexualitatearen protagonista, ez influencerrek, ezta gurasoek ere”.
“Gazteek diote pandemiak eta neurri murriztaileek ez dutela eragin handiegirik izan haien harremanetan, gaiaz galdetu izan diedanean. Izan ere, berdin jarraitu dute ligatzen, harremanetan egoten... Agian, aldaketa izan da bikote harreman gehiago sortu direla. Pandemiarekin, neurri murriztaileen ondorioz jendea ezagutzeko aukera gutxiago izan dutenez, baita batetik bestera mugitzekoa ere, bikote harremanak ugaritu egin dira”.
Arandaren hitzetan, aldaketa handienetako bat feminismoak eragin du: “Feminismoaren hazkundea oso argi ikusten da geletan. Adibide bat jartzearren, sexu heziketa tailerretan dinamika hau egiten dugu sarritan: gazteek esan behar dute beren zein gorputz atal duten gogokoen. Bada, duela urte batzuk, neskek gehienetan ilea edota begiak aipatzen zituzten; orain, aldiz, titiak,  alua edota ipurdia esaten dute askok, beren sexualitatea adierazteko funtsezkotzat jotzen dutelako. Feminismoaren eraginez sartu dira sexualitate horretan”. Hala, gazteek libreago bizi dute sexualitatea.
Bestalde, sare sozialen eragina ukaezina da. “Estetikak, fisikoak, garrantzi handiagoa du orain pertsonak aukeratzean, nik uste. Edozelan, helduon aldean, modu arrazional gehiago dituzte gazteek sare sozialetan beren burua babesteko. Hobeto dakite zer erakutsi nahi duten eta zer ez”.
Sexu praktikei dagokienez, antzeman ditu aldaketa batzuk: “Eskrupulosoagoak dira. Esate baterako, biloak nazka ematen die. Ondorioz, depilatu egiten dira, bai neskak bai mutilak; azken horiek kirola egiteko dela esaten dute. Ilea edukitzeak nazka ematen die”.
Sexualitatea “biografikoa” dela defendatzen du Arandak, eta egun “normaltasuna anitzagoa” dela: “Sexu aniztasuna ez da bakarrik joera edota identitatea; hor, gorputz desberdinak (gizenak, argalak…) eta gustu desberdinak sartu behar ditugu, besteak beste”.


arenas“Informazio zaparrada handia eta sexu heziketa gutxi dago”

Antzerkia oso gustuko izanagatik, azkenean Gizarte Hezkuntza ikastea erabaki zuen Ane Arenasek (Azpeitia, 1990). Egun, sexu heziketa tailerrak egiten ditu Lehen Hezkuntzatik Batxilergora. Edozelan, antzerkia ez du baztertu:  aktore lanetan ibilia, sexualitateari buruzko Satiro antzezlanerako aholkulari aritu zen. Hamar urte daramatza Azpeitiko Gaztelekuan lanean.

“Sexualitatearen gaineko ikuspegi normatiboa daukagu, sarketan erabat ardaztua. Sexualitateari buruzko irudia ere estereotipatua da askotan, eta industria bateko beste produktu bat da, uniformatzailea” dio Arenasek. “Beste askotan, harremanak azkar kontsumitu beharreko zerbait balira bezala ikusten dira".
Gaztelekuko zereginak nerabe eta gazteentzako sexu tailerrekin uztartzen ditu. Hala, gazteen artean igarotzen du omen du eguna. Antzerkizalea izanik, Arte Eszenikoen Eskolan ikasitakoa bere lan jardunean erabiltzen saiatzen da, tailerretako dinamiketan eta abarretan, hain zuzen.  
Nerabeak edota gazteak noiz hasten diren desiraz hitz egiten galdetuta, hauxe dio: “Lehen Hezkuntzan, gorputzean bizi dituzten aldaketak barneratzen ari dira oraindik; hilekoa, adibidez. Bigarren Hezkuntzan, aldiz, asko hitz egiten dute desioaz, batez ere mutilek: pornoaz, masturbazioaz... Beren desiren joera ez bada normatiboa, mutil batek beste mutil bat desio badu, adibidez, zalantzak sortzen zaizkie beren identitatearen gainean”. Pornoari dagokionez, haien iruditerian dagoela azpimarratu du Arenasek. Haren bidez, gazteek erotika esperimentatzeko modu jakina ikasten dutela uste du; edozelan, bera harago joatearen aldekoa da, eta plazera arakatzeko modu guztiak aldarrikatzen ditu.
“Informazio zaparrada handia eta sexu heziketa gutxi dago. Sare sozialek informazio asko ematen dute, eta horrek eragina dauka. Gazteek TikTok, Instagram eta enparauak erabiltzen dituzte; horietan, gorputz jakin batzuk agertzen dira; beraz, itxurarekin lotuta, fisikoarekin, exijentzia maila handiagoa dagoela uste dut”. Sare sozial horien aurrean, zenbaitetan, zaurgarritasun egoeran daude, Arenasen iritziz: “Nork bere burua babesten jakiteak ere badu lotura unean uneko egoerarekin. Batzuetan, kontuak eskuetatik ihes egiten dielakoan nago”.
Koronabirusa da, ezinbestean, gazteei eta beren sexualitateari eragin dien beste faktore bat. Nola? Arenasen hitzetan, “kostatu egiten zaie beren hutsuneak identifikatzea. Ligatu ligatzen dute. Hori Gaztelekuan bertan ikusten dut, badutela hori bizitzeko gogoa. Espazio fisikorik gabe geratu dira, baina, elkar topatzeko, gozatzeko. Leku intimoen faltan daude” dio neurri murriztaileez eta pandemiaz ari garela. Bestalde, egungo egoerak hainbat premia azaleratu dituela azaldu digu: “Batzuek sozializatzeko behar handiagoa dute. Denetik dago. Ahal dena egiten dute, horixe ikusten dut nik".  
Urteotan ikusitakoa eta ikasitakoa beste esparru batzuetara hedatzen jakin du Arenasek; esate baterako, antzerkira. Esperientzia hori guztia oinarri, Xanti Agirrezabala azpeitiar gaztearen Satiro antzezlanari ekarpena egin zion: “Kafe baten inguruan elkartu ginen Xanti eta biok. Berak bazuen antzezlanerako ideia: gizonak, sexualitatea… Desirez eta sexu fantasiez hitz egin genuen, bigarrenek askotan ez dutela inolako zerikusirik egunerokoan desiratzen dugunarekin, batzuetan politikoki ez zuzenak izaten direla... Tabuak desegiten aritu ginen, eta orgasmoaz berbetan. Hori beste bat da: badirudi plazera elkarbanatzen dugunean, orgasmoa beti izan behar dela".