Joango zinateke kontzertu jendetsu batera?

ikamika

Frantziako Gobernuak proba egiteko hiru kontzertu antolatuko ditu, ikusle asko biltzen diren ekitaldietan COVID-19aren kontrako neurriek funtzionatzen duten ikusteko. Bi kontzertu Marseillan eginen dira, eta bestea Parisen. Hiruretan, mila ikusle baino gehiago bilduko dituzte, eta protokolo zehatza prestatuko dute osasun neurriak betetzeko. Xedea da ondoren emaitzak aztertzea, gero herrialde osoan baliagarriak izan daitezkeen neurriak ezartzeko. Kontzertuak doakoak izango dira, eta 20 eta 40 urte bitarteko boluntarioek zenbait baldintza bete beharko dituzte: bestelako patologiarik ez ukaitea, musukoa jantzita izatea eta aurretik koronabirusa duten ala ez jakiteko testa egitea. Kontzertua ospatu eta zazpi eta hamabost egunera, kontzertuan izan zirenek test bana egin beharko dute. Joango al zinateke kontzertu horietara? Hendaiako AEK-ko Kuluxkan taldea

1. Ken Davey
Normalean kontzertuetara joatea gustatzen zait, baina kasu honetan bi aldiz pentsatu beharko nuke. Ideia ona dela uste dut, baina normalki ez dut arriskurik hartu nahi. Zorte ona badut, zaharregia naizenez ezin naiz kontzertura joan, baina adin egokia banu uste dut parte hartuko nukeela.
2. Aña Daguerre
Bai, lasaiki eta pozik joanen nintzateke. Gainera, osasunarentzat musika eta kultura garrantzitsuak dira. Nire lanbidea ospitaleko erizaina izan da, eta neurri zorrotzak birusaren kontra hartzen badituzu (musukoa eta distantzia), ez da arriskurik.
3. Michel Pinguet
Uste dut jende batzuek ez dutela kasurik eman babesteko neurriei koronabirusaren kontra, eritasuna badute ere edo kontaktu kasua badira ere. Orduan ez nuke arrisku hori hartuko. Eta, gainera, guti joaten naiz kontzertuak ikustera.
4. Raquel Nguema
Nik pentsatzen dut beharrezkoa dela boluntarioak egotea, birusaren eboluzioa ezagutzeko, eta uste dut, baita ere, denek protokoloa errespetatzen badute ez dela arazorik izango. Eta nik profitatuko nuke musika ona entzuteko.
5. Bruno Lalis
Ez nintzateke joanen, arriskutsua delako niretzat. Orain COVID-19aren hirugarren uhina dator. Zailagoa da neurriak errespetatzea, informazio garrantzitsuak falta direlako. Ez dakigu dantza egitea posible denetz. Eta, gainera, ez dakigu zer musika mota den: klasikoa, metalikoa...