Iruñeko Erresumako altxorra

museo

Isilik eta apal, horrela itzali zen Joxe Ulibarrena eskultorearen argia 2020ko apirilaren 20an. Haren itzalak, ordea, luzea izaten jarraituko du gure artean, bere ibilbide artistikoan sorturiko artelanak hilezkorrak bihurtu baitira. Horien artean, Artetan (Ollaran bailara) ezkutuan dagoen altxor etnografikoa gailentzen da: Iruñeko Erresumako Museoa. Euskal gizarteari egindako opari ederra, gure erraietara bidaiatzeko aukera paregabea eskaintzen diguna. Arkaitz Almortza. Argazkiak: Iban Aginaga.

Haizearen zurrunbiloak baino ez du hausten Arteta herriko isiltasuna. Txargain mendiaren altzoan, udalerrian denbora eten egin dela dirudi, ez doala ez aurrera ez atzera. Horren isla dugu errepide ertzean kokaturiko Fantikorena Etxea, 1641. urtekoa. Mendez mende, hainbat familiaren bizitokia izan da baserria, hamaika istorioren lekuko mutu dira eraikinaren harrizko hormak, eta, gaur egun, Iruñeko Erresumako Museo Etnografikoa da. Urte asko igaro diren arren, baserriak tinko eutsi dio hasierako arimari, eta gure arbasoak antzina nola bizi ziren ezagutzeko parada eskaintzen dio bisitariari. Horrexek liluratu zuen Joxe Ulibarrena (Azkoien 1924 - Uterga, 2020) artista, eta horrexegatik eraiki zuen bertan bere ametsetako museoa: “Atzera begira jarri eta zer-nolako bidea egin nahi dugun aukeratzeko” dio sortzailearen alaba Elur Ulibarrenak.   
Istorio bitxia ezkutatzen du eraikinak. Hastapenetan, hiru mendez, euskal baserri tradizionala izan zen: behean, ukuilua; lehenengo solairuan, bizilekua; eta, hirugarrenean, ganbara. Duela 100 urte, ordea, ezusteko batek goitik behera eten zuen mendeetako usadioa. Izan ere, Elur Ulibarrenak kontatu legez, garai hartan baserrian bizi zen familiako aitak etxea galdu zuen apustu batean, eta handik aurrera irabazlearen esku geratu zen; horrenbestez, familiak maletak egin eta bertatik alde egin behar izan zuen. Gerora, etxea saldu, eta hiru familia jarri ziren han bizitzen. Horretarako, baserria hiru zatitan banatu zuten: lehenengo solairuan, bi etxebizitza egin zituzten; ganbaran, hirugarrena. Ukuilua, ostera, denek erabiltzen zuten. 40 urte eman zuten elkarren ondoan bizitzen. Gero, 60ko hamarraldian, Iruñera joan ziren bizitzera, zein bere etxera, eta baserria abandonaturik geratu zen. Emeki-emeki, gero eta gehiago hondatu zen, eta zatika erortzen hasi.
Ia 400 urtez bertako bizilagunen epeltasun goxoan bizi ondoren, hotza nagusitu zen Fantikorenan, aitaren batean. Amildegiaren ertzean zegoela, halako batean zorioneko bisita bat jaso zuen: “Gure aita lagun baten bitartez iritsi zen hona; etxearekin erabat maitemindu, eta, birritan pentsatu gabe, erostea erabaki zuen”. Izan ere, azaldu legez, nahiz eta 400 urte igaro diren eta hainbat moldaketa txiki egin zaizkion, etxeak osorik eusten dio bere nortasunari. “Gure erraietara bidaiatzeko aukera aparta da”.
Aspalditik maite zuen antropologia Ulibarrenak. Gaztetan, arte ikasketak egin zituen, besteak beste Parisen; gero, Venezuelan erbesteraturik zegoela, hango tribuak, etniak, kultura indigenak… ezagutu ahal izan zituen. Itsasoaren beste aldean egin zion kosk etnografiaren harrak. Irribarretsu gogoratzen du alabak orduko pasadizo hau: “Coromotoko Ama Birjinaren irudi bat egiteko eskatu zioten, inguru hartan nahiko ospetsua zenarena, eta aitak indigenen ezaugarri fisikoekin egin zuen. Egundoko zalaparta sortu zen!”.
Euskal Herrira iritsi eta urte batzuetara, Berriobeitin ireki zuen lehenengo museoa, 1964an. Handik gutxira, 1982an, Nafarroako Pedro Mariskala Fundazioa sortu zuen seme-alabekin, eta, 1986an, Artetako museoa, Ulibarrenaren bilduma handitu egin zelako. On Joxe Miguel Barandiaranek inauguratu zuen, oso lagunak baitziren unibertsitate garaian ikasle-irakasle izan zirenetik: “Museoaren bidez, bere aletxoa jarri nahi izan zuen antzinako euskaroen (hala esaten zien nafarrei) kulturak bizirik jarrai dezan" diosku. Nafar kulturaren defendatzaile amorratua zen.
Azkoiengo artistak Fantikorena Etxearen aurpegia zaharberritu zuen, alegia, ordurako eroria zegoen aurrealdea bere estiloarekin berreraiki zuen. 60ko hamarkadatik ari dira bilduma osatzen; oro har, 10.000 pieza daude museoan. “Garai batean, landa exodoa gertatu zen; hau da, jende askok etxea atzean utzi, eta hirira joan zen etorkizun oparoagoaren bila. Mekanizazioak ere goitik behera irauli zuen baserriko lana, eta, horrenbestez, hainbat eta hainbat tresna sobera zituzten eta saldu egiten zituzten”. Alta, Joxe Ulibarrena Euskal Herrian barrena ibili zen, baserriz baserri, garai bateko objektu zaharrak biltzen.
Erraietatik mundura
Hainbat gune tematiko eskaintzen ditu museoak. Lehen ukuilua zegoen eremuan, ogibideen erakusketa dago; besteak beste, arrantzarekin, forjaketarekin, abeltzaintzarekin, zurgintzarekin, nekazaritzarekin… loturiko aspaldiko lanabesak ikus daitezke, kronologikoki antolaturik. Batzuk ezagunak, beste batzuk ezezagunagoak, baina guztiek liluratuko dute bisitaria. Haien artean,  Ulibarrenak sortu zuen laiariaren eskultura nabarmentzen da, pieza guztien zaindaria.
Antzinako eskailera ederretan gora eginez, denboran atzera eginen du bisitariak. Lehengo solairua baserriko bizimoduari lotuta dago. Iparraldean, XVII. mendeko sukalde ikusgarria dago, edonor aho bete hortz uzteko modukoa. Bertan, suaren epeltasunean, bizilagunek orduak eta orduak ematen zituzten kontu kontari: eltze zaharrak, katiluak, harraska… ez zaio ezer falta txokoari. Hegoaldean, berriz, logelak zeuden, eta gaur egun orduko jantziak, oheak, komunak… ikus daitezke. Badirudi uneren batean XIX. mendeko baserritarrak azalduko direla bisitaria agurtzera. Emakumeek lanerako erabiltzen zituzten tresnak ere ikusgai jarri dituzte areto honetan, mendez mende etxeetan egindako alimaleko lanari aitorpena egiteko xedez.
Lehengo solairuak bisitariak harrapatuko ditu, eta bigarrenak gatibu eginen. Hirugarrenean, “gauza modernoagoak daude, Industria Iraultzaz geroztik sortuak". Zientziaren eta teknologiaren aretoan, adibidez, garai batean erabiltzen ziren filmatzeko kamerak daude, sendagileek erabiltzen zituzten tresnak, gramolak, idazteko makinak, argazki kamerak… Beste areto batean, orduko haurren jostailuak daude. Sorginkeriak ere badu bere gela: “Hemen bizi izan zen azken andreari eskaini zion aitak txokoa. Isabel izena zuen, eta, antza, sorgin esaten zioten herritarrek, sendabelarrak eta halakoak ezagutzen zituelako”.
Hainbat garaitako objektuen artean, Ulibarrenak sorturiko zenbait obra daude, nola ez: Arrano Beltzaren, Barandiaranen edo Patxi Larrainzarren eskulturak, kasurako. “Aitak pertsonak edo pertsonaiak irudikatzen zituen beti eskulturetan” azaldu digu alabak. Aretoaren erdian, leihotik sartzen diren eguzki izpien berotasunean, maisuaren hautsek atseden hartzen dute, hark urtez urte sortu zuen museoa bisitariei harro erakutsi nahian dabiltzala. 
Aipatu obrak baino askoz gehiago daude han bilduta, baina ezinezkoa da denak orrialde hauetan jasotzea. Horrexegatik, zinez merezi du Artetara joan eta museoa bisitatzea. Izan ere, eskultoreak herrian eta herriarentzat eraiki zuen, euskaroen kultura zaharraren suak luzaroan pizturik jarrai dezan. Gure esku dago, beraz, Ulibarrenaren lekukoa hartu eta euskal kultura hauspotzen jarraitzea.  


Informazioa:
Ordutegia: 11:00etatik 14:00etara, larunbat eta igandeetan.
Telefono zenbakia:  636 845 984
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.