Danteren hiru hitzak

dante

2021a Dante Alighieriren urtea da. Orain dela 700 urte hil zen, Ravennan, eta, horren harira, sekulako ospakizunak izango dira aurten, Italian batez ere. Alessandro Ruta.

Nor da Dante? Hemen, beharbada, ez da hain famatua; mundu osoan, ordea, haren izena entzutea nahikoa da literatura unibertsalean izan zuen pisua ulertzeko. Divina Commedia (Jainkotiar komedia) idatzi zuen, eta guretzat, italiarrontzat, gure hizkuntzaren "aita" da. Baieztapena ez da % 100 egia, baina garrantzitsua izan zen, hari esker italierak nolabaiteko batasuna lortu baitzuen. Lehenago, Florentziako dialektoa zen, besterik ez.
Nolanahi ere, Dantek Divina Commedia baino gehiago idatzi zuen. Lan asko egin zituen politikari buruz (De Monarchia; euskaraz, Monarkiaz) edo hizkuntzari berari buruz (De Vulgari Eloquentia; euskaraz, Herri hizkeraz), esaterako, eta denak latinez. Alighierik baino lehen, inork ez zuen ezer idatzi italieraz edo protoitalieraz. Bere lanik ezagunenean, arestian aipatu Divina Commedia izenekoan, beste mundura egin zuen bidaia, Infernura, Purgatoriora eta Paradisura (liburuaren hiru atal nagusiak), hain zuzen, salbazio espirituala lortzeko. Marcel Proustek Recherche lana bezala, Dantek krisi batetik ateratzeko idatzi zuen; aditu askoren arabera, depresio sakona jasan ostean ondu zuen. Hainbat hiri estatutan zatituriko italiar penintsulan, politika eta harremanekin etsita, Florentziatik kanporatuta, erbesteratuta, triste eta bakarti, bere bizitzako azken 14 urteak (1307-1321) osorik eskaini zizkion liburu honi.
Danteren obrako hainbat eta hainbat hitz gure artean geratu dira. Lehenik, hitz “dantesko” horiek italierak egin zituen bere; gero, Italiatik mundu osora hedatu ziren. Hona hemen hiru:

Contrappasso
Divina Commedia ulertzeko, batez ere Infernua eta Purgatorioa, horixe da hitzik garrantzitsuena. Contrappassoa bekatariek pairatzen duten zigorra da. Eta nolakoa da, zehazki? Bada, bi mota daude: bekatuaren guztiz kontrakoa edo haren antzekoa. Adibidez, bizirik zirela gehiegi jaten zutenek Infernuan nahaste zikin bat jan behar dute, txerriek bezala; aztiak, aldiz, burua atzera begira dutela ibiltzen dira. Irudiak oso gogorrak dira, izugarriak, desesperazioz beteak. Kontuan izan behar dugu Danteren garaian justiziak  talioaren legea zuela oinarri oraindik; hortaz, Divina Commedia irakurtzean ez ginateke harritu beharko. Dante oso fededuna zen, nahiz eta askotan aita santuaren kontra agertu; are gehiago, aita santu batzuk Infernuan kokatzen ditu. Horrez gain, idazlea oso “modernoa” ere ez zen: Infernuan sodomitak daudela dio, adibidez, garai hartan legeak homosexualitatea ia-ia gaixotasuntzat jotzen baitzuen.

Limbo
Infernua zulo handi eta sakona da, hantxe daude salbaziorik lortuko ez dutenak. Ez da Purgatorioa bezalakoa; han daudenek ere sufritzen dute, baina badakite egunen batean Paradisura joango direla. Infernuan, aldiz, ez dago ez argirik ez itxaropenik, bekatuak larriegiak izan dira. Horrez gain, benetan inolako errurik ez dutenak ere badira, Kristo baino lehen jaio eta hil zirenak edo bataiatu gabeko jaioberriak, kasu. Ezin dira onik atera, baina, era berean, ezin dute sufritu. Finean, erdian daude, ez egoera onean ez txarrean. Linboa Infernuko lehen zirkulua da (bederatzi ditu, guztira), eta Dantek hainbat filosoforekin egingo du topo bertan, Sokrates, Platon eta Aristotelesekin, adibidez; baita erromatarren garaiko pertsonaia handiekin ere: Julio Zesar, Seneka eta Cicerone. Linboan zegoen Virgilio, Divina Commedian Danteren bidaidea. Beatrice ere, idazlearen musa eta maite platonikoa, hara joan zen (Dantek Divina Commedia idatzi aurretik, ustez, gazte hil baitzen Beatrice), eta idazlea salbatzera joateko esan zion Virgiliori. Poeta, Danteren idazlerik gogokoena, Kristo aurretik hil zen.

Bolgia
Ba al dakizue Infernuan Nafarroako protagonista bat dagoela? Bai, jaun-andreok: Ciampolo. Dante eta Virgilio gero eta beherago joango dira, eta gizon hau 22. ataleko 22. kantuan ageri da, zehazki, Infernuko 8. zirkuluko bolgia batean, zanga batean, alegia. Hor, bizirik zirenean iruzur egin zutenak egon ohi dira. Iruzurrak oso desberdinak direnez, bekatariak banatuta daude. Hala, 8. zirkuluak bederatzi bolgia dauzka, eta horietako bakoitzean bekatu jakin bat zigortzen da, denak iruzurrarekin lotuak. Bosgarren bolgian, Dantek eta Virgiliok barattieriak ikusten dituzte, hau da, botere gehiegikeriak egin zituzten pertsonak. Bada, haietako bat Ciampolo di Navarra da. Bolgia guztiak deabruz beteta daude, eta bekatariak jo eta jo aritzen dira. Kasu honetan, 5. bolgian, zigortuak bike8 berotan dituzte: ateratzen saiatzen badira, deabruak etorriko zaizkie hiruhortzekoarekin edo kakoarekin jotzera. Leku zinez beldurgarria da 8. zirkulua, oso iluna. Bolgiak, italieraz “ingurune oso zaratatsu eta kaotikoa” esan nahi du gaur egun. Danteren garaian, baina, “zaku” esan nahi zuen, eta zaku hartan egoten ziren bekatariak.