Lurretik kanpoko tomateak, ezbaian

tomate

Tuesta herrian, Arabako Gaubea udalerrian, azpiegitura erraldoia eraiki nahi dute (hogei hektareara hel daiteke) tomatea ekoizteko, laborantza hidroponiko bitartez. Proiektu horrek kritikak piztu ditu hamaika sektoretan. Jon Rejado.

Proiektu batek eztabaida piztu du Añana Kuadrillan. Almeriako Hispalus enpresak, Cultivos Araba izenpean, azpiegitura erraldoi bat eraiki nahi du, Tuesta herritik gertu, tomateak urte osoan ekoizteko. Tomateak ekoizteko, laborantza hidroponikoa erabili nahi du: alegia, tomatearen sustraiek ez dute lurra ukitzen. Proiektu horren aurka dauden hainbat eragilek Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimendua sortu dute.  
Azken zertzeladak lotzen ari da Hispalus enpresa, Tuesta herriko lurretan laborantza azpiegitura erraldoi bat kokatzeko. Bi baimen falta zitzaizkion pausoak ematen jarraitzeko: Arabako Foru Aldundiaren Errepide Azpiegituretako Sailarena, eta uraren kudeaketarekin lotutakoa. Bada, ezustekorik ezean, enpresak bi baimen horiek esku artean ditu dagoeneko; beraz, proiektuarekin jarraitzeko aukera du.
Proiektuaren inguruko informazioa “nahasia” dela aipatu dute inguru horretako herritarrek. Hiru fase omen ditu. Lehenengoan, 5 hektarea hartuko dituzten berotegiak eraiki nahi dituzte: 5 futbol zelairen hedadura. Enpresak iragarri du 10 milioi euroko inbertsioa egingo duela, eta 50 langile inguru kontratatuko dituela. Gaineratu du, bigarren eta hirugarren faseak eginez gero, 15 hektarea gehiago hartu eta beste 26 milioiko inbertsioa egingo lukeela, 109 lanpostu gehiago sortuta. Hau da, orotara enpresak 20 hektareako azalera hartu, 36 milioiko inbertsioa egin eta 159 lanpostu sortuko lituzke.
Proiektua babesten dutenek lanpostu sorrera nabarmendu dute; 159 lanpostu horiek aukera bat direla eskualderako, eta proiektua ingurua biziberritzeko tresna izango dela. Horrekin batera, aipatu dute ingurumenari mesede egingo diola, CO2 isuri gutxiago askatuko delako, tomateak ez dira-eta kamioiz ekarri beharko Almeriatik Euskal Herrira.
Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak, ordea, ez du hala uste. Batetik, eredu ekonomiko horrek eskualdean kale egin izan duela nabarmendu du Alfredo Alonso nekazari, abeltzain eta mugimenduko kideak: “Enpresa handiak jarri izan dituzte, Donuts-ena kasu, eta langileak Mirandatik eta Gasteiztik ekartzen zituzten, autobusetan”. Bestetik, Alonsok gogora ekarri du fruitu horiek “tokiko produktu bezala” saldu ahalko direla, landareek Euskal Herriko lurra ukituko ez duten arren. Horren harira, mugimenduko kideak azaldu du Hispalusen proiektuak Eroski enpresaren babesa duela. Supermerkatu horietan salduko dira elikagai horietako batzuk; gainontzekoak Europako beste herrialde batzuetara esportatuko dira. 
Lurrik gabeko nekazaritza
Esan bezala, negutegi horiek urte osoan ekoiztuko lituzkete tomateak, laborantza hidroponikoa erabiliz. Bi ezaugarri horien kontra agertu da Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimendua. “Hori ez da nekazaritza” dio Alonsok: “Egingo duten lehen gauza lurra betoiz (hormigoiz) estaltzea izango da, eta horren gainean landareak jarri”. Horrekin batera, zehaztu du energia asko beharko dela negutegi barruan tenperatura egonkor mantentzeko, eta horrek  energia kontsumo handia dakarrela.
Laborantza hidroponikoak hainbat alde negatibo dituela gaineratu du Alonsok. Batetik, landareen osasuna kolokan jartzen duela zehaztu du: tomate landareak material porotsu batean jartzen dituzte, eta ureztatzean gehitzen dizkiote elikagaiak; “gizakiok zain batean jarritako serum poltsekin elikatzearen modukoa da; oinarrizkoa duzu, baina hori ez da elikadura”. Horrekin batera, gaineratu du ur kantitate handia behar duela: Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduaren arabera, andel erraldoi bat beharko dute, 2,5 milioi litrokoa. Enpresak, aldiz, iragarri du euri urez beteko duela ur beharren % 75 inguru.
Landareak gaixotzeko arriskuaz ere ohartarazi dute proiektuaren aurka daudenek. Azaldu dute, negutegietako tenperaturaren eta hezetasunaren ondorioz, gaitzak agertzea ohikoa dela; eta gaineratu dute, horiei aurre egiteko, produktu fitosanitarioak behar izaten direla. Mugimenduko kideek azaldu dute Herbehereetan ohikoak direla Tuestan jarri nahi dituzten azpiegiturak, eta bertan arazoak izan dituztela izurriteekin. Aitzitik, proiektuaren alde daudenek argudiatzen dute laborantza hidroponikoak aukera ematen duela lurrarekin lotutako gaixotasunak saihesteko.  
Sasoiko produktuen garrantzia
Urte osoan tomateak ekoiztea ere kritikatu du Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak. Normaltzat jotzen dute enpresa batek dirua irabazi nahi izatea urte osoan, baina, Alonsoren ustez, “nekazaritza eredu hori agortuta dago”. Horren harira, nabarmendu du instituzioen lana dela gizartea kontzientziatzea sasoiko jakiak hartu beharraz.
Jose Ramon Mauleon EHUko Gasteizko Farmazia fakultateko eta mugimenduko kideak administrazio publikoen jarrera kontraesankorra jarri du mahai gainean. Batetik, azaldu du sasoiko jakien aldeko kanpainak egiten dituztela, baina gero ez dutela neurririk hartzen Tuestakoaren moduko proiektuak oztopatzeko: “Denok onartzen dugu klima larrialdi egoera dagoela, baina zaila gertatzen da ezetz esatea gauza zehatzak sortzen direnean”.
Hain zuzen ere, Elikadura Jasangarriaren Aldeko Mugimenduak erakundeetara jo du Tuestako proiektua geldi dezaten. Alonsok aitortzen du, gaur egun, apenas egin daitekeela ezer egitasmoaren kontra: Hispalus enpresak administrazioek jarritako baldintzak betetzen baditu, ez du arazorik izango aurrera jarraitzeko. Dena den, eskualdeko herritarren hitza aintzat hartzeko eskatzen dute, inguru horretan garapen jasangarria sustatu ahal izateko.