Noizko Euskal Herri euskalduna?

 

tukan

Eta “Noiz arte iraungo dugu horrela?”. Galdera pare horrekin bukatu ohi zuen AIZU!ko tukan erretxinak hileroko galdera sorta. 1985eko urrian hasi zen puzkerrak botatzen, eta hutsik egin gabe jarraitu zuen 1994ko abendura arte. Orduan, jaioterrira itzuli omen zen, Amazoniako oihan tropikalera, hain zuzen, euskaldunduta.  M. Egimendi.

Aldizkariaren maskota izan zena Jabi Ubierna irudigilearen eskutik iritsi zen. Tukanak 1982ko azaroan zapaldu zuen AIZU! aurrenekoz, aldizkariaren lehen urtebetetzean. Agertu bezain laster erakutsi zuen bere izaera ipurterre eta arranguratsua. Zuhaitz baten gainean erdi ezkutatuta, hauxe bota zuen: “AIZU!ren urtebetetzea da eta oraindik ez digute ezer erregalatu”. 
Ubiernak tukanaran jaiotzaz kontatzen duenez, “esaldi errazak eta laburrak erabiliko zituen pertsonaia bat behar genuen”. Horrez gain, bi elementu azpimarratzen ditu pertsonaiaren sortzaileak: “Batetik, tukanak AIZU!ren irakurlea irudikatzen zuen, 'euskara ikasten ari naiz’ horren metafora bisuala zen. Bestetik, euskararen kontra egiten ahalegintzen diren indar politiko-instituzionalek lokarria ipini zioten mokoa ixteko. Hortaz, erronka handia zuen, korrontearen kontra ikasi behar zuelako”. Ubiernak aitortzen du tukana ez dela “hiztunaren metaforarik onena, baina txori deigarria delako aukeratu genuen. Moko luze-luzea du, hitz egiteko bozgorailu ederra. Eta, inork uste ez bezala, gurea mintzatzeko gai zen”. Beste anomalia bat ere bazuen: buruko luma sorta koloretsua. Tukanek, berez, ez dute gandorrik, baina, Ubiernaren esanetan, “luma punk horiek euskararen aldeko harrotasuna erakusten zuten”.
Ubiernaren ostean aldizkariaren diseinuan jardun zuten irudigileek eutsi egin zioten tukanari, baina 1990eko martxoan Esteban Montorio arduratu zen AIZU!ren diseinuaz, eta tukana antzaldatu ere egin zuen batzuetan. Esate baterako, AIZU!k ehungarren zenbakia kaleratu zuenean, 1991ko apirilean, itxura berritua agertu zuen azalean; barruko orrialdeetan, elkarrizketa luzea egin zioten “txori maiteari”. AIZU!ren ordura arteko gorabeherak kontatzeaz gain, hainbat perla bota zituen tukanak, AEK-ko ikasleak zirela bere jakirik gogokoena, adibidez, edota artean ez zuela bere bihotzeko azukre koskorra aurkitu, “Euskal Herri alde honetan ez dagoelako tukan politik”. Montoriok lau urte eman zituen AIZU!n lanean, eta bere garaian aldizkariak “XIX. mendetik XX.erako urratsa” egin zuela gogoratzen du, “diseinurako lehen ordenagailua erosi zenean”. Baina hori beste istorio bat da.

tukanak

Aldizkarian ibili zen bitartean, tukanak buruan bueltaka izaten zituen kezkak eta haserreak agertzen zituen hilero Eguneroko Puzkerrak atalean. Makina bat galdera-puzker bota zuen bederatzi urte pasatxoan bere zutabetik!