“Estaturik gabeko kultura eta hizkuntza izateak mugak dakartza”

larraza

Irene Larraza (Tolosa, 1970) Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaria da, 2018tik. Sei urte lehenago hasi zen bertan lanean. Hortaz, ondo ezagutzen ditu erakundea eta haren zeregina: euskara eta euskal kultura nazioartean ezagutzera eman. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zenbat ikasle dabil munduan Etxepareren ardurapean euskara ikasten?
Euskara irakasteko, Etxeparek bi sare kudeatu, finantzatu eta koordinatzen ditu: hainbat unibertsitate eta euskal etxeak. Horietan, gaur egun, ia 4.000 ikasle  dabiltza: gutxi gorabehera, erdiak euskal etxeetan eta beste erdiak unibertsitateetan.
Horiei esker egiten dira nazioarteko Korrika asko ere…
Korrikarekin ilusio handiz kolaboratzen dugu, bai! Gure Korrika oso ezberdina izaten da, tokian tokiko taldeen araberakoa. Oso hunkigarria da Errusian edo Mexikon sei laguneko Korrika bat ikustea, baina askotan izaten da jende gehiago. Horrelako dinamikak oso garrantzitsuak dira haientzat, Euskal Herritik oso urrun ari direlako euskara ikasten. Bi sareak oso ezberdinak dira: boluntarioa, euskal etxeetan eta oso akademikoa unibertsitateetan. Halere, zeinek bere estiloari jarraikiz, irakasleen lana ikaragarria da denetan. Ez naiz nekatzen eskerrak emateaz; txalotzekoa da, batez ere, euskal etxeetan egiten duten lana.
Etxeparek euskal sortzaileen lanak ere eramaten ditu kanpora. Nola egiten da hori?
Euskal kulturaren sustapena sortzaile profesionalei dirulaguntzak emanez egiten dugu, batez ere mugikortasunerako. Kanpora irteteko aukera dutenei bidaia, egonaldia, otorduak… errazten dizkiegu, gastuak arinagoak izan daitezen eta errazago egin dezaten jauzia. Eta itzulpengintzan ere laguntzen dugu. Hortaz, sortzaileak, egitasmoak osatzen dituztenean, Etxeparera etortzen dira, batzuetan, laguntza horien bila. Beste batzuetan, elkarlana sustatzen dugu haiekin, batez ere eragileekin, hitzarmenen bidez eta. Edozein arlotako eragileak izan daitezke: Bertsozale Elkartea, Euskal PEN Kluba, Galtzagorri Elkartea… Halaber, badira Etxeparek kanpoko eragileekin zuzenean bultzatzen dituen beste egitasmo batzuk ere, Euskal Herrira begira jarri nahi ditugulako. Denei esaten diegu “euskal leihoak”, baina hainbat forma dute: batzuk urtero errepikatzen dira, beste batzuk behin bakarrik egiten dira…
Sortzaileei, Etxepareren deia jasotzen dutenean, zeruko ateak irekitzen zaizkie?
Batzuetan, haiek etortzen dira, baina beste batzuetan, bai, geuk deitzen diegu. Dena den, gu zubigileak gara; kanpoko eragileekin jarduten dugunean, azken hitza ez da gurea izaten. Adibidez, dantza garaikide jaialdi bat badago kanpoan, hango eragileak esaten digu nolako ildoa jorratu nahi duen: estiloa, tamaina, generoa, estetika… Hark aldez aurretik adierazitakoaren arabera, guk hainbat proiektu edo sortzaile proposatzen dizkiogu, gure adituen laguntzarekin betiere. Arte plastikoen esparruan, adibidez, nazioarteko arte topaguneetako punta-puntako komisarioak gonbidatzen ditugu, gure sortzaileak beren testuinguruan ezagut ditzaten.
Lander Garrok esan zigun, joan den urtarrilean, Etxeparek ez duela inoiz eraman hitzaldi batera, ideologiak asko markatzen duela idazle baten ibilbidea…
Kontua da programatzaileak aukeratzen duela beti. Antolatzaileek, oro har, azken liburua noiz eta zein hizkuntzatan argitaratu den begiratzen dute. Ondorioz, itzulpengintzaren ildoa indartzen hasi gara, jaialdietan ez dituztelako itzulita ez dauden autoreak nahi. Askotan esan izan digute programetan izen batzuk errepikatu egiten direla eta beste batzuk ez direla inoiz sartzen; kontua da lehenengoen lana itzuli egiten denez, ezagunagoak direla, eta guk orduan eragin dezakegu. Halere, izen handi horiek, urte arrunt batean, ez dira mugitzen ditugun idazleen % 10era heltzen, beste batzuk ere eramaten saiatzen baikara. Etxepareren jarraipen zehatza egiten duen edonork ikus dezake izen ezagun eta sarituez aparte beste autore pilo bat, gehiengoa, ibili dela munduan gure erakundearekin. Lan egin behar dugu itzuliak izan nahi dutenak gehiago itzul daitezen. Izan ere, agenteak dituzten idazle batzuk, oso gutxi, dira itzulienak, alde handiz.
Etxeparek euskal liburuak itzultzeko dirulaguntzak ematen ditu.
Kanpoko editoreei, euskal liburuak itzultzen badituzte, dirulaguntzak ematen dizkiegu. Gainera, hango argitaletxeak liburu horien sustapena egiten badu, lan hori ere diruz laguntzen dugu. Baina gure autoreen lehen arazoa, nazioartean, lagin bat erakutsi beharra da, beren obra itzultzea nahi badute. Bada, autore gehienek, izen handi batzuk barne, ez dituzte lagin horiek eginda, horrek denbora eta lana eskatzen duelako. Horregatik, iaz, beste deialdi bat egin genuen: bere lagina itzulita ekartzen digun edozein autoreri automatikoki finantzatzen diogu itzulpena, gure idazleek lagin gehiago eduki dezaten. Horrez gain, konpromisoa hartzen dugu kanpoko editoreei erakusteko.
Zuek erabakitzen duzue zein hizkuntzatara itzuli?
Ez, gure lana ez da salmenta, zabalkundea baizik, erakustea. Etxepare ez da inoren agentea. Katalunian oso zabalduta dago, baina hemen ia ez dago agenterik, idazleak oso bakarrik daude beren burua kanpoan saltzeko orduan. Hori dela eta, hauxe da gure estrategia: laginak itzuli, horien katalogoak egin eta, ahal den neurrian, toki esanguratsuenetara eraman. Gero, idazleek, editoreek edota agenteek etorri behar dute atzetik, salmenta lana egitera. Talde lana izan behar du.
Agenterik eza aipatu duzu. Euskaldunok ez dakigu geure burua saltzen?
Oro har, eta ez literatura arloan bakarrik, gure sortzaileen arazoa da sortzaile, saltzaile, produktore, sustatzaile… direla. Hori horrela den bitartean, sortzailea ezingo da denera ondo iritsi. Batez ere, sortzaile horrek, seguru asko, beste lan bat egin beharko duelako bizi izateko: irakasle, denda batean edo dena delakoa. Pandemiak agerian utzi du sortzaileen izaera profesionala aitortzea eta bideratzea ezinbestekoa dela. Hori ondo egituratzen denean, beste gauza batzuk askoz ere errazago etorriko dira, geure burua saltzea barne. Une honetan, ordea, lan asko dago egiteko.
Nolako harrera dute euskal sortzaileek nazioartean?
Beste edonongo edozeinek bezalakoxea. Alegia, kalitatezko proposamen gustagarria eramaten badute, kanpokoek berdin gozatuko dute. Askotan, euskara traba balitz bezala ikusten dugu, egoera diglosikoan bizitzen ohituta gaudelako, baina kanpora goazenean, euskarazko proposamenak eramatea ez da traba, kontrakoa baizik. Sarritan, askoz ere interesgarriagoak dira, euskaraz direlako. Gainerakoan, jendeak kalitatea txalotzen du, eta horretan ez gara beste inor baino gutxiago.
Nola ikusten duzu euskal kulturgintzaren egoera?
Euskal kulturgintza osasuntsu egon dadin, ezinbestekoa da artista profesionalen estatutua eta baldintzak lantzea. Eta profesionala ez den kulturgintza ere oso garrantzitsua da gurean. Euskal kulturgintza, gizarte indar hori gabe, ez litzateke gauza bera izango. Erraza da bidean ahitzea, baina badago horren gosea, indarra… beharrezkoa dugu. Bi eremuak zaindu behar dira: batetik, profesionalena, profesional izan daitezen. Estatistikek, zenbakiek, industriak… gure errealitatearen parte bat kontatzen dute, baina sortzaileek kontatzen dute, barrutik, benetan garen hori. Bestetik, gizarte mugimendua nola ez dugu, bada, beharko?! Horrexek egin du euskal kultura, neurri handi batean. Biak zaindu behar dira, eta erakundeen lana da zaintza hori bideratzea, bidea elkarrekin egitea.
Cervantes Institutuaren edo Institut Françaisen pareko sentitzen da Etxepare ala badugu konplexuren bat?
Bat ere ez! Halere, estaturik gabeko kultura eta hizkuntza izateak mugak dakartza. Europako institutuekin buruz buru jarduten dugu. EUNIC (European Union National Institutes for Culture) erakundearen Bruselako klusterreko kide gara, esaterako, baina ezin gara beste eremu batzuetan egon. Jarrera eta gogo aldetik ez dugu inoren inbidiarik, baina baditugu mugak, neurri eta baliabide mugatuak ditugulako. Halere, gaur-gaurkoz, eraginkorrak gara.
Zein dira Etxepareren etorkizunerako erronkak?
Lau erronka ditugu datozen lau urteotarako. Bat, funtsezkoa, kultur eragileekin eta erakundeekin koordinazioa areagotzea, baita Nafarroarekin eta Iparraldearekin ere. Beste erronka bat digitalizazioa da, ikusi dugulako irakaskuntzan, baina ez hor bakarrik, tresnak eta materialak hobetu behar ditugula. Gainera, urte gutxian, panorama izugarri aldatu da: sare sozialak, komunikatzeko moduak… gure ekintzak mapan sakabanatutako argi txiki pilo bat dira, eta eremu horretan ere geure estrategia behar dugu. Hirugarrena hazkunde kualitatiboa izango litzateke, euskal leihoak hobetzea eta proiektu batzuk aberastea. Azkenik, laugarrena, kultur diplomazia. Gutako edonor da enbaxadore kanpora joan eta bere burua euskaldun gisa aurkezten duenean, baina Etxeparek, erakundea den aldetik, baditu beste zeregin eta ardura zehatz batzuk ere, bai ordezkari jardunean bai euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean.

KOLKOTIK

Zure lanean, zer gustatzen zaizu gehien?
Sortzaileekiko harremana.
Eta gutxien?
Gutxien baino, zailena erantzungo dizut: pertsonen kudeaketa.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Hedabide askok euskal kulturari tokia ematea nahi nuke, abenduaren 3az eta Durangoko Azokaz harago.
Euskal idazle bat?
Eider Rodriguez.
Eta liburu bat?
Twist, Harkaitz Canorena.
Euskal musikari edo talde bat?
Tenpora. Juantxo Zeberio pianista senarra dut, kar-kar!
Euskaraz egindako film bat?
Emak Bakia baita, Oskar Alegriarena.
Euskarazko antzezlan bat?
Sisiforen paperak. Madrilen ikusi nuen, euskaraz.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Pentsatzen hasi nintzenean, kazetaria.
Zure bizitzako leloa?
Irribarre batekin errazagoa da.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Barruan, tipulak. Kanpoan, gazta.
Zerk galarazten dizu loa?
Batzuetan, laneko kezkek; besteetan, familiako kideenek.
Zerk ematen dizu lotsa?
Lotsagabe samarra naiz, baina batzuetan lotsagarri geratzeak larritzen nau.
Eta amorrua?
Bidegabekeriek, justiziarik ezak.
Gehien erabiltzen duzun sare soziala?
Ez naiz oso zalea, baina Twitter, lanagatik.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Batzuetan, gazteagotan ezagutu nuen ni hura; beste batzuetan, amaren antza daukan ni berri hau.
Zertan ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?
Aisiaz gehiago gozatzen, baina ziur aski saltsaren batean sartuta, halabeharrez.
Euskara ikasteko bi arrazoi?
Eskatu baino askoz gehiago eskaintzen digula, ikaragarri aberasten gaituela. Eta hizkuntzak elkar ezagutzeko eta ulertzeko ezinbesteko zubiak direlako.
Labur esanda, nolakoa da Irene Larraza?
Burugogorra, alaia eta lanerako prest dagoen pertsona.