‘Maitasunaren itxiera’, harreman baten amaiera garratza

maitasunaren

Urte luzez izandako harremana amaitzear dago bikote bat. Haustura lazgarria, bi maitaleen arteko elkarrizketek gordintasunez gorpuztuko dutena. Maitasuna edo, hobe esanda, maitasunik eza du ardatz Bilboko Arriaga Antzokiak ekoitzitako Maitasunaren itxiera antzezlanak. Pascal Rambert egile eta eszena zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapena da, eta Rambert bera da zuzendaria. Bikotea, berriz, Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy aktoreek antzeztuko dute. Hain zuzen, Sagardoyk itzuli eta egokitu du euskarazko bertsioa, Danele Sarriugarterekin batera. Apirilaren 29an Arriagan aurkeztu ondoren, hilaren 30ean eta maiatzaren 1ean ere izango da bertan ikusteko aukera.


laburbiraAPIRILAREN 26tik maiatzaren 30era egingo da Laburbira film laburren zirkuitua, Euskaltzaleen Topaguneak euskarazko sortzaileen lanak ezagutarazteko eta ikusleei lan horiek eskaintzeko helburuarekin sorturiko egitasmoa. Ohi den moduan, euskarazko film laburrekin osatutako emanaldiak eskainiko ditu herriz herri. Aurten, hemezortzigarren edizioan, zortzi lanez osatuta egongo da: Imanol G. Gurrutxagaren Nigandik; Ruben Cresporen Aterpean ateri; Andoni Martinez de Madinaren Babarrun txapelketa; Spookypheria Productionsen Agur; Ilune Diaz Pollacinoren Game Over; Ekhiñe Aizkorbe, Sara Alonso, Irati Egibar, Julene Etxauri, Xabier Vallina eta Irene Zalduaren Ilunabarrean esan; Aitor Arruti Agirreurretaren Datsegit; eta Ximun Fuchs, Eñaut Castagnet eta Manex Fuchsen Nire eguneroko maitea. Lanak ikusi ostean, egileekin solasaldiak egiteko aukera ere izango da emanaldietan. Egitarau zehatza https://irudienea.topagunea.eus gunean dago ikusgai.

LABURREAN

umoreazokaLEIOAKO XXI. UMORE AZOKA atzeratu egin dute, eta ohi bezala maiatzean egin beharrean, irailean egingo dute, 16tik 19ra, zehazki. Pandemiagatik gibeleratu dute, irailean osasun egoera hobea izango delakoan. Hitzorduan, 38 konpainiak hartuko dute parte, horietako 20 Euskal Herrikoak.


erduERDU! Bilboko Haur Antzerki Jaialdia egingo da, estreinakoz, apirilaren 23tik 25era Otxarkoaga auzoko Harrobia Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroan. Atx Teatroa konpainiak antolatu du, Bilboko Udalaren eta Harrobiaren laguntzarekin, eta lau emanaldi eskainiko ditu: hilaren 23an, Anita Maravillas eta Portal 71ren Kotondarrak; 24an, Yarleku Teatroaren Etxerik txikiena eta Atx Teatroaren Kaskarot; eta 25ean, Itzuli Konpainiaren eta 13r3p-ren Behin bazen Internet.