Minari

minari

Zuzendaria: Lee Isaac Chung. Gidoia: Lee Isaac Chung. Aktoreak: Steven Yeun, Yeri Han, Alan S. Kim, Noel Cho, Youn Yuh-jung, Darryl Cox. AEB, 2020.

Istorioa: 80ko hamarkadan, David 7 urteko haur korear-estatubatuarraren bizitza goitik behera aldatuko da. Aitak hala erabakita, familia Arkansaseko landa eremu batera joango da bizitzera. Txiten sexu bereizle dira gurasoak, baina aitak nekazaria izan nahi du, horrela familiari bizimodu hobea emango diolakoan.
Sariak: Aurtengo Oscar sarietarako izendapen gehien dutenen artean da, sei hautagaitza bilduta; tartean, film eta zuzendari onenarenak. Aurretik ere zakua ongi beteta dakar: besteak beste, Urrezko Globoetan ingelesez besteko film onenaren saria jaso zuen, eta iaz, Sundanceko jaialdian, film onenaren saria eta ikusleena eskuratu zituen.
Onena: Koreatik AEBetara joandakoen semea izaki, txikitako bizipenak izan ditu oinarri zuzendariak filma egiteko. Migratzaileek bizi eta askatu behar izaten dituzten korapiloak, ametsak eta amesgaiztoak jorratzen ditu, betiere familiari erreparatuz. Kultura talka, identitatea, sustraiak... ditu hizpide, migrazioak arlo sozialean eragin ditzakeenak alde batera utzita, etxeko goxotik, familia esparruari erabateko protagonismoa emanda. Hunkigarria neurrian, drama handirik gabeko lan samurra da, atsegina, polita. Finean, gustagarria.
EƱaut Mitxelena