Orduan bezain indartsu

bapZURIA BELTZEZ
Bap!!
Basati Diskak, 1992

Albiste pozgarria dakarkizuegu oraingoan, badugu eta beharra: Sestaoko Txirbilenea zentro okupatuko lagunak Bap!! Andoaingo talde mitikoaren omenezko diskoa prestatzen ari dira. Zenbait talderi Bap!!-en kantuen bertsio bana grabatzeko eskatu diete, eta, koronabirusaren izurriak eta garai arraro hauek ezartzen dituzten muga guztiak gorabehera, apurka-apurka ari dira abestiak biltzen. Okerrik ezean, diskoa laster plazaratuko da, eta ezusteko ugari ekarriko ditu. Ez gara hasiko talde andoaindarraren dohainak laudatzen eta euskal rockaren historian izan duen garrantzia azaltzen, horretarako aldizkari osoa beharko baikenuke, baina bai esango dugu haren diskografian Zuria beltzez bigarren disko luzea iruditzen zaigula taldearen lanik bikainena: hasierako hardcore azkarretik abiatuta, xehetasunez beteriko soinu aberats eta trinkoa lortu zuen, bere garaiko musika joera interesgarrienekin bat egiten zuena eta 30 urte geroago indar amiñi bat ere galdu ez duena.
Gotzon Hermosilla