Unai Egia

egia(Nabil)

Sepultura: Chaos A.D. Disko honetako Amen kantuaren riff bat entzutean, kolpea sentitu nuen barruan. Disko hau, besteren artean, irrati-kasetean edo disko jogailuan jarri, eta eskuratu berri nuen gitarra apurtuarekin zerbait jo nahian ikasi nuen gitarra jotzen. Beraz, hauxe dut bereziena. Mitosia (nire lehen taldea) ez litzateke existituko Sepultura gabe. Aurten, 26 urte bete ditut rockaren munduan, eta asko zor diot disko honi.
Su ta gar: Munstro hilak. Talde honen disko guztiak ditut gustuko, baina hauxe bereziki. Eibartarren musikarekin hazi garenok nostalgiaz gogoratzen ditugu lan hau eta aurreko biak. Gaztarora hegan egiteko modua da haiek entzutea, mundua gure zerbitzura genuen garaira, agian. 
Death Cab for Cutie: Transatlanticism. Talde hau geroago ezagutu nuen. Indie musika askorik ezagutzen ez dudan arren, sekulako obra da, batez ere diskoari izenburua ematen dion kantua. Eragin handia izan zuen nire proiektu pertsonalean (Nabil), eta kantuak sortzeko orduan ate asko zabaltzen lagundu zidan.