EraBatera: bigarren lana, kalean

erabatera

Izpi galdua izena du taldearen disko berriak. Oraingo honetan, estraineko lanean (Antipodetan) nagusi ziren pop doinuetatik rock&rollerako pausoa egin dute, eta, “rock&rolla dabilen harria dela ulertuta”, dabilen harriaren mugimenduak sortzen duen energia dakarte, entzuleari harriarekin batera mugitzeko eta ez etsitzeko deia luzatuta. Aldarri hori antzeman daiteke diskoa osatzen duten sei kanten hitzen eta doinuen uztarketan. Izan ere, bizipozari kantatu diote, ospatzeko modukoak iruditzen zaizkien gauzei; esaterako, amets egin eta ametsak egia bihurtzeari, ume baten jaiotzari, musikak eragiten duen kemenari edota naturarekiko atxikimenduari. Taldea ilusioz beterik eta gogotsu dator bide berriak jorratzeko, eskaintzeko duena ezagutarazteko eta bere musika ahalik eta entzule gehienekin partekatzeko. Horretarako, hasiak dira entseatzen eta aurkezpen kontzertuak prestatzen.


furyakEMADAN izena jarrita, Eneritz Furyakek bere hirugarren diskoa eman du argitara. Hamar abesti bilduta, binilo eta CD formatuetan nahiz plataforma digitaletan kaleratu du, berak oso-osorik ekoitzi eta editatuta. Elkarrekin jardutearen garrantziaz eta indarraz dihardu irundarrak bilduma honetako hitzetan, natura aitzakia hartuta. Letra abstraktuak darabiltza oraingoan ere, interpretazio edota azalpen ezberdinei aukera emateko. Musikari dagokionez, berriz, euskarazko kantuaren kontzeptu tradizionalari beste ikuspuntu batetik heldu dio, musika elektronikoaren elementuak baliatuta, musika garaikidetik folkerainoko eraginekin. Hala, emaitza erabat desberdina da, estilo aldaketak elektronika industrialera gerturatzen baikaitu, aurreko lanetako folk osteko aztarnak baztertu gabe.

markezAZAL BERRITZEN
Esti eta Mikel Markez
Autoekoizpena, 2020

Hamar kantaz osatu dute aita-alabek elkarrekin kaleratu duten lehen diskoa, bakoitzak bosna abestiren musika sortuta. Hitz gehienak, berriz, hainbat euskal idazle eta bertsolarirenak dira: Toti Martinez de Lezea, Pako Aristi, Joseba Sarrionandia, Alaia Martin eta Jon Maia. Musikarien aldetik ere zenbait kolaborazio esanguratsu izan dute. Batetik, Arkaitz Miner eta Julen Alonso gitarra, mandolina, biolina, biola, baxu akustikoa, tinplea, trikitia, akordeoia eta pianoarekin; bestetik, Ane Bastida baxu elektrikoarekin eta Iker Lauroba bateriarekin.

baltikBALTIK
Iñaki Palacios & The Gael’s
Baga-Biga, 2021

Irlandan, baltik esaten diote eguraldi gogorrari: hotz handia, etenik gabeko euria eta haize izoztua, dena batera. Disko honek, ordea, ez du hotzik erakusten. Palaciosek eta aurreko proiektuetan kide izan dituen The Gael’s taldekoek euskal musika eta zelta doinuak uztartu dituzte lan honetan, bi herrialdeen nortasuna eta ezaugarriak lotuz. Hala, gasteiztarrak Irlandako doinuetara garamatza, hango jende, pub eta tradizioetara, txistuaren soinuaren bidez. Oiartzungo Mecca estudioetan grabatu dute lana, Mikel Ezeiza eta Igor Ezeiza teknikariekin.