Lapurturiko bakearen bila

 

larraga

Adituen arabera, indarkeriaren eragina lau belaunaldi beranduago ere agertzen da, zauriak behar bezala itxi ezean. Horretarako, ezinbestekoa dugu ‘atzo’ gertatu zena ezagutzea, etorkizuna egoki marrazteko. Erreportaje honetan, Josefina Lambertoren bizitza kontatuko dizuegu, haizearen kontra hegan egin duen usoarena, alegia. Arkaitz Almortza.

 

Larraga, 1936ko abuztuaren 15a. Hilabete da Espainiako Gerra Zibila hasi zela. Izuaren mamuak herrira gerturatzen hasi dira. Ziertzoaren zurrunbiloak hausten du karriketako isiltasuna. Egun osoa soroan lanean eman ostean, atseden hartzeko unea dute herritarrek. Goizaldeko 2:00ak dira. Halako batean, Lamberto familiaren etxeko atea kolpatu dute bortizki: “Edo irekitzen diguzue atea edo bertan behera botako dugu” diote mamuek. Paulina Yoldi etxeko andreak zabaldu dio atea izuari. Eskailerak igo dituzte, eskuan metrailetak dauzkate eta, janari bila dabilen zakur gosetiaren antzera, Vicente Lamberto etxeko gizona dute helburu. Zaratek 14 urteko alaba Maravillas esnatu dute. Ondoan, Pilar eta Josefina ahizpa gazteak daude lo. Gerturatu eta planto egin die mamuei: “Aitari egiten diozuena ikusi nahi dut” esan die neskatoak. Mamuek aita-alabak eraman dituzte etxetik; ez dira gehiago itzuliko. Gau hartan hasi zen Josefina Lambertoren (Larraga, 1929) amets gaiztoa. 78 urte igaro diren arren, zauriak ez dira itxi: “Aita aurkitu nahi nuke, baina, azkenean, aurkitu gabe hilko naiz” dio Lambertok. Horrek baino ez dio ekarriko bortizkeriaz lapurtu zioten barne bakea.
Lamberto familiaren historia ez zen bakarra izan, inondik inora. 36ko altxamendu militarraren ondorioz, Larragan 47 bizilagun atxilotu eta Nafarroan 3.400 herritar hil zituzten: errepublikazaleak, sindikalistak nahiz abertzaleak. Oro har, askatasunarekin edo berdintasunarekin amesten zuten pertsonak bihurtu ziren frankisten jomuga. Vicente Lamberto, Josefinaren aita, UGT sindikatuko kidea zen eta ez zen mezatara joaten; horrek ekarri zion heriotza. “Hori al da pertsona bat hiltzeko arrazoia? Gure aitak ez zion inori kalterik egin!” dio Josefinak.
Ikararen gau hartan, Vicente Lamberto Larragako udaletxe azpiko kartzelara eraman zuten. Maravillas, berriz, idazkaritzara igo zuten, eta militarrek nahi izan zuten guztia egin zuten harekin. “Biharamunean, hura ikusi zuten bizilagunen esanetan, arropa guztiak hautsiak zituen. Ikaragarria izan zen ahizpak jasandakoa”. Egunak argitu bezain laster, Paulina amak aitari gosaria eramatera bidali zituen Pilar eta Josefina (orduan 7 urte zituen) txikiak: “Iritsi ginenean, jada ez zeudela esan ziguten, beraz, eramandakoarekin itzuli ginen etxera”. Kamioi batean sartu eta fusilatzera eraman zituzten Ibiriku Deierrira. Herriko bizilagunek Vicenteren hilotza lurperatu zuten, eta handik bi astera topatu zuten Maravillasen gorpua, erdi biluzik, zakurrek hozkatuta, usteltzen hasia: “Nekazari batzuek aurkitu zuten, eta, egoera latz horren aurrean, gasolina hartu eta hilotza erretzea erabaki zuten” .
Bien bitartean, mamuek Lamberto familiaren behorra, lurrak eta ondasunak lapurtu zituzten. Miseria gorrian utzi zituzten Paulina, Pilar eta Josefina: “Ama traumatizatuta geratu zen, ez zen berriz bere onera itzuli”. Gainera, egun gutxira bizilagun batekin izan zuen eztabaidaren harira, espetxean sartu zuten ama hiru egunez: “Bakarrik geratu ginen etxean, ez genuen inoren laguntzarik izan”. Irten zenean, militar baten etxera joan zen zerbitzatzera eta bi ahizpak familia batekin geratu ziren urtebetez. Gerora jakin zuten etxe hartako semea izan zela Maravillas bortxatu eta hil zutenetako bat.
Amets gaiztoa, hasiera baino ez
Abuztuaren 15eko gertakariak amets gaiztoaren hasiera baino ez ziren izan. Lambertoren emazteak alabak hartu eta Iruñera joan zen etorkizun oparoagoaren bila. Baina alferrik: “Dirurik gabe ginenez, limosna eske ibili behar izan zuen amak”. Halako batean, lana aurkitu zuen Estafeta kaleko Gerendiain dendan: “Zakuak josi behar zituen, bakoitzagatik diru kopuru bat ordaintzen zioten. Gure ama, izugarri azkarra zena, goizaleko lauretan esnatzen zen ahalik eta zaku gehien josteko; horrela, alokaturik genuen logela ordaintzeko dirua irabazten zuen. Nagusiek, ohartu zirenean, soldata finko bat jarri zioten ez zezan diru gehiago irabazi”.
Hiriburuko bizimodua oso gogorra izan zen. Hasierako urteetan, alokairuko logela batean bizi ziren ama-alabak. Diruz larri zeudenez, gauean ez zuten argia pizten, ahalik eta gutxien ordaintzeko: “Behin, ama gaixorik jarri zen, eta dirurik ez genuenez, gelatik bota gintuzten. Eskaileratan egin behar izan genuen lo”. Jantoki sozialetan ere bazkaldu behar izan zuten: irainak eta isekak, horiek izan zituzten eguneroko ogi.
Denborak aurrera egin ahala, Josefinak, bizimodua aldatzeko xedearekin, moja sartzea erabaki zuen: “Ez nuen nahi gainerako haurrek neuk sufritu nuena jasatea, horregatik sartu nintzen mundu honetan, gainerakoei laguntzeko”. Amak, ordea, ez zuen begi onez hartu; izan ere, Paulinaren ustetan, Larragako apezak eragina izan zuen aitaren erailketan.
Dena den, amaren iritziari aurre eginez, moja bihurtu zen, eta Karatxira (Pakistan) bidali zuten 14 urtez: “Kriminalak izan ziren nirekin. Pobrea eta gorrien alaba nintzenez, esklaboen antzera eduki  ninduten. Gainera, ez zidaten ingelesa irakatsi nahi izan, ezta bertako hizkuntza ere”. Komentu barruko egoera latzak bat egiten zuen kanpokoarekin, oso klima gogorra baitu Pakistanek, Lambertoren esanetan. Hori guztia gutxi balitz, malariaz gaixotu zen Josefina.
Urte ilunak igarota, Pakistango espetxetik irtetea lortu eta Iruñera heldu zen familiarekin bat egin nahian. Haatik, iritsi baino egun batzuk lehenago hil zitzaion ama; beraz, ezin izan zuen agurtu. Nafarroako hiriburuko komentuan ere gorriak eta bi ikusi zituen: “Esklaboen modura tratatzen ninduten, beti gainerakoen zerbitzura”. Egoera horretan amaitu zen diktadura, eta, ekaitza baretu zelakoan, Josefina aitaren bila hasi zen. Aitzitik, mojek, hautsak harrotzen ari zela leporatuta, Madrilera bidali zuten beste 12 urtez (tartean, ahizpa hil zitzaion). Hango egoera ere ez zen batere xamurra izan: lorea zen sasi artean.  
Kaiolatik irten da usoa
Madrilen urte gogorrak igaro ostean, usoak kaiolatik irtetea erabaki zuen. Emakume askea izatearen aldeko hautua egin zuen, ez inoren gatibu, ezta inoren menpeko ere. Horiek horrela, senide batzuen laguntzari esker, logela bat eskuratu zuen Iruñeko Miserikordia Etxean eta, harrezkero, han bizi da Maravillas ahizparen argazkiekin eta lore more, gorri eta horiekin atonduriko gela txikian. Zoriontsua dela dio Josefinak, baina oraindik ere arantza du bihotzean: “Non dago nire aita?” galdegiten du egunen batean erantzuna jasotzeko esperantzarekin.
Haatik, ametsa egia bihurtzeko zorian egon da berriki. Gorka Moreno kazetariak Josefina Lambertoren bizitza ezagutu zuenean, Vicenteren bilaketan lagunduko ziola zin egin zion: “Nor ez da hunkitzen istorio honekin? Nik neuk barne zorra nuela sentitu nuen, eta aitaren bila lagunduko niola zin egin nion. Oso argi nuen”. Ondorioz, Fusilatuen Senitartekoen Elkartearekin eta Arantzadi Zientzia Elkartearekin batera, Ibiriku Deierrin ibili ziren aitaren bila. Horretarako, garaiko lekukoekin jarri ziren harremanetan, eta aita lurperatu zuten lekua aurkitu zuten. Emaitza, baina, ez zen izan nahi zutena: “Partzelaria izan zen 1971n eta lur guztiak mugitu zituzten. Horrenbestez, ez dakigu zer gertatu zen Vicenteren aztarnekin” azaldu digu kazetariak. “Maravillasen hilotza aurkitu zuten lekura ere eraman gintuzten, baina oso zaila da haren aztarnak bilatzea, bizilagunek gorpua erre baitzuten”.
Dena den, Deierriko indusketek argazki interesgarria utzi ziguten, ezohikoa eta hausnarketarako bidea: ezkerreko eta eskuineko alderdietako norbanakoek bat egin zuten Josefinari ostutako barne bakea itzultzeko: “Oso polita izan da. Ezin da egon biktima batzuen alde eta besteen kontra. Denek bizi dute sufrimendua, eta alderdi guztiek eskutik joan behar dute bide honetatik” azpimarratu du Morenok (indusketa lanen ingurukoak eta bizipen guztiak El reencuentro liburuan bildu ditu).
Bizitza gogorra izan badu ere, Josefina beti dago prest lagun hurkoari laguntzeko. 85 urterekin, goizero jaikitzen da 6:00etan eta Miserikordian laguntzen du maindireak tolesten, hilean 98 euroren truke. Ondoren, Paris 365 jantoki sozialera joaten da laguntzera, eta ospitalean gaixorik  eta bakarrik dagoen gizon bat zaindu ere egiten du. “Elkartasun hitzaren sinonimoa da Josefina. Berarekin ikasi dut elkartasuna ez dela soberan duzuna ematea, baizik eta falta duzuna ere behar duenari eskaintzea” dio Morenok.  
“Gertatu zaidan guztiarekin ez dakit nola egin diodan aurre nire bizitzari, bakarrik, aldamenean inor izan gabe” dio Josefinak. “Orain, zoriontsua naiz, baina nire aita aurkitu nahiko nuke. Azkenean, hori lortu gabe hilko naiz, gero eta ahulago nagoelako”. Dena dela, gezurra dirudien arren,  haren ahotik ez dira mendeku hitzak ateratzen, mezu positiboak baizik: “Ulerkorragoak izan behar dugu, solidarioagoak, humanoagoak”. Geure burua islatzeko ispilua dugu Josefina Lamberto Yoldi.