VHS

vhsOier Guillan
Susa, 2020

C1

Idatzi gabeko kodez beteriko lurraldea da literatura. Demagun pertsonaia batek detektibe bat kontratatu duela hilketa bat ikertzeko; hori jakiteak eleberri beltzen giroan kokatuko gaitu. Demagun pertsonaia batek iraganean autoz egin zuen bidaia bat kontatu nahi digula; orduan, road-movien parametroetan egongo gara. Demagun egileak irakurri duen liburu garrantzitsu baten pasarteak helarazi nahi dizkigula… bada, kontuz!, metaliteraturan murgilduko gara eta seguruenik…
Alabaina, Oier Guillanek idatzitako VHS honetan, ezer ez da dirudiena. Oierrek kodeak lausotu egiten ditu, jolas amaigabe batean nahasten ditu, eta desitxuratuta aurkezten dizkigu, halako moldez, ezen hilketa ez den hilketa, aipatu detektibeak gertatutakoa ikertu ez eta emozioak ikertzen dituen, eta egindako bidaia ez den gauzatzen mapetan, ezpada memorian. VHS eleberria da, baina antzerkia dirudi. Ez da poesia, baina poesia bizi nahi duen protagonista bat dauka. Ez da metaliteratura, ezta oroitzapen liburua ere, nahiz eta bietatik izan mordoa. VHS eleberria da, bai, baina baita askoz gehiago ere. Liburu zorrotza eta ausarta da. Oierrek karta berriak banatu dizkigu. Baita joko arauak aldatu ere. Zurea da, irakurle maitea, kode berriak onartzeko (ala ez onartzeko) erabakia. Nik neuk onartu nituen, eta ikaragarri gozatu nuen liburua irakurtzen.           
Xabier Etxaniz Rojo