Trilogiaren bigarren liburua kaleratu du Joxean Agirrek

agirre

Trilogia osatu nahi du Joxean Agirrek Distira eta alderantzia (Elkar 2021) eleberri laburra Ispiluak eta itsasoak (Elkar 2018) izenekoaren ostean idatzita. Oraingoan, 1920ko hamarkadako Parisera garamatza idazleak: Maria Garrastazuk, Euskal Herriko baserri batetik etorri eta argazkilari bihurtuta, Luxenburgo parkean dabilela neskato batekin egingo du topo: zuberotarrez mintzo da eta negarrez ari da, galduta, amari deika. Hortik abiatuta, Belle Époque garaiko glamourraren beste aldea erakusten du Agirrek, alegia, ez goi mailako moda diseinatzaile, modelo eta bezeroak, lantoki ilunetan arropa garestiak josten dituzten jostun apalak baizik. Idazlearen esanetan, bi nobela hauek “ez dira konbentzionalak, sinple idatzitakoak baizik, hasi eta buka, ordubetean edo ordu eta erdian irakurtzeko modukoak”. Hala, errazagoak ere izan daitezke euskara ikasten ari direnentzat: “Trama ez da korapilatsua, ohi baino pertsonaia gutxiago ageri dira, esaldi laburrak... Irakurtzeko ohitura handirik ez dutenek ere eskatu didate halakoekin jarraitzeko”.


erotikoKARLOS ARETXABALETA Txapel izan da garaile Kaixomaitia.eus atariak Elkar argitaletxearen laguntzaz antolatu duen I. Kontaketa Erotikoen Lehiaketan. Adiorik ez narrazioagatik irabazi du saria: batetik, Kaixomaitia.eus gunearen 1.000 €-ko diru ekarpena; bestetik, Elkar opari txartela (100 €) eta liburu sorta. Iazko azaroan hasi zen lehiaketan, 83 idazlek hartu dute parte, eta epaimahaia hiru lagun hauek osatu dute: Dorleta Kortazar ipuin kontalaria, Antxiñe Mendizabal editore eta idazlea, eta Iñigo Arandia kaixomaitia.eus atariaren arduraduna. Gaur-gaurkoz, zortzi finalisten testuak daude irakurgai kaixomaitia.eus gunearen blogean, baina gainerako testuak ere paratuko dituzte bertan aurten, batzuk baita podcast moduan ere.

 

 

 

liluraberaLILURABERA
Yurre Ugarte
Alberdania, 2020

Zortzi narrazio hauetako pertsonaiak bezain protagonista dira kontakizunetan ageri diren egoerak eta bizimoduak. Eguneroko bizitzan ez hondoratzeko, pertsonaia hauek lilura dute helduleku bakar, edota behinola lilurak baldintzatutako bizimodua daramate. Pertsonaia guztiak dira pop kulturaren alabak; haientzat, argazkiak, abestiak, musika, artegintza edota estetika ez dira atsegin handiagoz ala txikiagoz dastatzeko zerbait, bizitzeko era bat baizik.

amodioakERLE LANGILEEN AMODIOAK
Aleksandra Kollontai
Itzulpena: Aroa Uharte
Erein & Igela, 2020

XIX. mendearen amaierako eta XX.aren lehen erdiko gertakari historiko nagusiak topatuko ditu irakurleak kontakizun hauetan, baina pertsona xumeen bihotz barrenetik kontatuak. Emakumeen ikuspegitik, gainera. Protagonismoa gertakari historikoei eman beharrean, pertsonen bizipenei ematen zaie, emakumeen bizipenei, hain zuzen. Hala, protagonistak amodio kontuak dira, garaiak moldekatutako maitasun istorioak.