Bi aplikazio berri aurkeztu ditu EITBk

eitb

EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioak sareratu ditu Euskal Irrati Telebistak Android eta iOS gailuetarako. Orain arteko EITB aplikazioa ordezkatuko dute biek. Lehenak albiste nagusiak eskaintzen ditu, atalka eta hainbat formatutan: testuak, audioak, bideoak eta argazkiak. Azken ordukoak jasotzeko aukera ere badu. Gainera, telebistan emandako azken albistegiak ikus daitezke, baita gaurkotasuneko ekitaldien zuzeneko emanaldiak ere. EITB Nahieranen, ostera, taldearen irrati eta telebista saio guztiak ikus eta entzun daitezke. Saio gogokoenekin zerrenda pertsonalizatua ere egin daiteke. Bi aplikazioek euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte edukiak, eta EITBren telebista eta irrati kate guztiak zuzenean ikusi edo entzun daitezke: Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea, EITB Musika, Euskal Kantak, ETB1, ETB2 eta EITB Basque nazioarteko kanala. Bestalde, Twitch zuzenekoen plataforman kanala sortu du EITBk: EITBtwitch. Martxoaren 7an baliatu zuten lehenengo aldiz, Baserria saioaren finalaren harira egindako zuzeneko emankizuna eskainita.


elhuyarZIENTZIA ETA EUSKARA uztartzen diharduen Elhuyar fundazioak irudia berritu du, “gizarteak gaur egun dituen erronkei heltzeko”. Marka ez ezik, www.elhuyar.eus webgunea ere berritu du, eta sare sozialetako kontuak ere berrantolatu ditu. Haatik, horiek ez dira Elhuyarrek azkenaldian egindako berrikuntza bakarrak. Izan ere, adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako itzultzailea.eus itzultzaile automatikoaren webgunea eta aplikazioa ere berritu ditu, bai azala bai mamia. Batetik, izen berria ipini diote: Elia (Elhuyarren Itzultzaile Automatikoa). Bestetik, ikerketan lortutako emaitza onenak gizartearen eskura jarri ditu, itzulpenak gero eta azkarrago egin ahal izateko. Sei hizkuntzaren arteko itzulpenak egiten ditu Eliak: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Gainera, hainbat aukera aurreratu eskaintzen ditu. Aplikazioari esker, esaterako, irudietako testuak detektatu eta itzul egin daitezke. Izen aldaketaren ostean, www.elia.eus webgunean erabil daiteke itzultzailea. Aplikazioa, berriz, doan eskura daiteke Android nahiz iOS sistemetarako.

LABURREAN

moodleONLINE egingo da, ekainaren 4an, MoodleMoot Euskadi 2021, ikaskuntza eta irakaskuntza prozesuetan baliatzen den Moodle tresnari buruzko topaketa. Pandemia dela eta, azken urtean asko aldatu da online bidezko irakaskuntza eta ikaskuntza, eta epealdi honetan sorturiko esperientziei eta ikasitakoei erreparatuko diete hainbat tailer, hitzaldi, eztabaida eta bestelako jardunen bitartez. Parte hartzeko, izena eman behar da, mooteu.eus webgunean, eta epea apirilaren 23an amaituko da. Egitarau osoa webgune horretan jarriko dute ikusgai, ekitaldiak zehaztu ahala.


euspot10. EUSPOT euskarazko spot lehiaketan parte hartzeko epeak zabalik jarraitzen du, maiatzaren 12ra arte aurkeztu ahal izango baitira lanak.  Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Arizmendi Ikastolak antolatutako lehiaketak nekazaritza jasangarri eta orekatua du gai nagusi aurten: gazteak eta emakumeak nekazaritza eredu horretan jardutera bultzatu behar dituzte spotek. Euspot.eus atarian ageri dira lehiaketaren baldintza eta ezaugarri guztiak, baita banatuko diren sariak ere.