Ikusita ere, ez sinetsi!

Zineman, musikaren munduan, publizitatean... ikusi izan ditugu, eta gertatu beharra zegoen: orain, sare sozialetan ere bai. Hainbat modutan izendatzen dira, leunenak ‘artista birtualak’ eta antzekoak dira, baina garratzagoak ere badira, eta, halakoetan sarritan gertatzen den bezala, ingelesezko hitza nagusitzen ari da mundu osoan: deepfake. Badakizue zer diren, ezta? Adimen artifizialeko teknikak erabiliz, pertsona jakin baten milaka bideo aztertu eta, azterketa horretan oinarrituta, bideo berriak sortzea, benetan esan ez duen zerbait esan duela simulatuz.
Teknika hori erabili izan da zineman, esaterako, pelikula baten grabaketa betean hildako aktore baten hainbat eszena grabatzeko. Edo, Terminator sailean bezala, duela 30 urte grabatutako pelikula baten atarikoa grabatzeko, aktore protagonista zahartua 10 urte gazteago ager dadin... Azken boladan, telebistako iragarkietan ere ikusi ditugu artista birtual (edo faltsu!) hauek, aspalditxo hildako pertsonaia ezagunak produktu jakin baten abantailak kantatzen jarrita.
Alabaina, ikusi dudan azken gauza ez nuen espero. AEBetan, non bestela, 50 urteko emakumezko bat deepfake teknika hau erabiltzeagatik atxilotu dute, zer eta alabaren institutuko ikaskideak jazartzeko. Raffaela Sponek ez omen ditu oso gustuko alabaren lagunak, eta, ama modernoa denez, haien irudiak hartu, software batekin tratatu eta bideo faltsuak sortu ditu, non alabaren ikaskideak biluzik, mozkortuta eta erretzen agertzen diren. Gero, irudiok sare sozialetan zabaldu ditu, entrenatzaileak gazte horiek animatzaile taldetik bota ditzan. Badakit, badakit bazkalosteko pelikula merke eta txar horietako baten laburpena dirudiela, baina benetan gertatutakoa da.
Eta zuek, pentsatu duzue inoiz? Aukera izango bazenute, zer pertsonaia ezagun aukeratuko zenukete haren bideo faltsu bat egiteko? Eta zer esaten jarriko zenukete bideoan? Seguru gaiztakeria beldurgarriak bururatuko zaizkizuela!

Loturak, estekak, linkak

https://sustatu.eus/1550829669
Deepfake bideoen gaineko azalpena (eta jolas txiki bat ere bai!) Sustatu.eus atarian.

https://labur.eus/deepVC
Teknologia honek ekar ditzakeen arriskuei buruzko artikulua Vicomtech teknologia enpresaren webgunean.

https://labur.eus/deepKA
Informazio gehiago eta adibide pare bat Ikastolen Elkartearen Kontaizu.eus atarian.
Joxe Rojas