Udaberria

onintzaOnintza Enbeita

Gure amama askotan joaten zen medikuarenera. Beti bazuen zerbait: hezurretako mina, katarroa, buruko mina, tristura, norbaitekin hitz egin beharra, egonezina... Behin, erdi negarrez galdetu omen zion medikuari ea noiz sendatuko zen gaitz haietatik guztietatik. Sendagilea lehor samarra zen izatez, eta, normalean, ez zuen elkarrizketarako gogo handirik izaten. Hala ere, adinean aurrera egindako emakume haren kezkari zerbait erantzun beharra sentitu zuen, eta “arbia loratzen denean” esan zion. Urteetan pentsatu izan dut edukazio handirik gabekoa zela mediku hura: ondo dago adineko jendea astuna izatea, baina ondo erantzutea ez da hainbeste kostatzen. Denborarekin, ordea, iritziz aldatu dut: medikuak bazuen arrazoi apur bat; edo, behintzat, horixe esan digu beti jakinduria herrikoiak. Izan ere, noiz loratzen da arbia? Udaberrian. Eta arbiaren lorea jaki preziatua da leku askotan.
Martxoarekin batera iristen da udaberria (gutxi gorabehera), eta aztoratu egiten gaituela esan ohi da. Gainera, inguruan begiratuta, begien bistakoa da naturaren berpiztea. Negua hotza da, luzea, iluna eta umela. Udaberriak, ostera, argia ekartzen digu: egun luzeak, epelak, zuhaitzak loretan, belardiak bete-beteta... argiak dena biziberritzen du. Dena diogunean, dena da, baita geu ere. Sarri, naturaren zikloak ez digula eragiten uste izaten dugu, baina...  argiak milaka landare loratzen ditu, hortaz, nola ez du guregan eragingo? 
Negu luzetik gatoz. Iazko martxotik hona, aldatu egin zaigu bizitza. Ez gara lehen bizi ginen moduan bizi: grisagoa da dena, ilunagoa. Distantzia hartu behar dugu albokoarengandik, eta maskaren atzetik berba egiten dugu. Ez dago alaitasunerako lekurik. Aurten, inoiz baino behar handiagoa daukagu arbia loratzeko. Udaberria iritsi den seinale izango da, eta argiak, denak ez, beharbada, baina gure gaitzetako batzuk eraman egingo ditu. Litekeena da hurrengo neguak bueltan ekartzea, baina momentu bakoitzak berea behar du. Beraz, ea udaberriak aspaldi nabaritzen ez dugun poz hori ekartzen digun.