Arte bihurtutako tragedia

gernika

Izenburua ez da bidezkoa, noski. Gaur egun argazki hori museo bateko paretan egoteak ez dio larritasunik kentzen ez 1936ko gerrari ez duela ia 84 urte Francoren aliatuek Gernikan eragindako masakreari. Argazkilarien lanari esker eduki izan dugu bestela ezkutuan eta ilunpean geratuko ziren krudelkeria izugarri askoren berri. Kamera baten begiek ikusi eta islatutako irudiak, ordea, artea ere izan daitezke. Biek egiten dute bat Kearen eta lanbroaren artean erakusketan, San Telmo museoan maiatzaren 23ra arte ikusgai. Sigfrido Koch Bengoechearen lanak museoko kaperetako bitan daude. Batean, 1948an argitaratutako País Vasco: Guipúzcoa liburuko irudi bukolikoak. Bestean, 1936ko gerrako argazki argitaragabeekin osatutako albuma. Argazki bilduma artista batek utzitako ondarea da, baina baita ahaztu ezin dugun historiaren lekukotasuna ere.