Irakurri, erraz

irakur

Ongi pasa, jakintza pilatu, ezagutza landu, oinarrizko informazioa jaso... Plazera ez ezik, ideiak, pentsamenduak eta esperientziak ezagutu eta partekatzea ere ahalbidetzen ditu irakurtzeak. Haatik, hainbat arrazoi tarteko, irakurtzeko edota irakurritakoa barneratzeko arazo ugari izaten dute askok. Arazo horri aurre egitea du helburu Irakurketa Errazaren aldeko nazioarteko mugimenduak. Euskaraz ere hasi da lehen urratsak ematen. Eñaut Mitxelena.

IFLA (International Federation of Libraries Association) erakundearen arabera, herrialde garatuetako biztanleen % 30ek dituzte irakurketa arazoak, dela irakurtzeko, dela irakurritakoa ulertzeko. Batetik, aldi baterako zailtasunak dituzten pertsonak izan daitezke: etorkinak, eskolatze urrikoak, irakurketa gutxi landu dutenak edo berandu hasi direnak, ikasketekin arazoak dituztenak (dislexia, Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahastea eta abar)… Bestetik, zailtasunok iraunkorrak izan daitezke: ezgaitasun intelektuala, autismoa, gortasuna, adina… Bata edo besteagatik, Euskadi-Irakurketa Erraza elkarteko sustatzaile eta koordinatzaile Blanca Matak dioen moduan, “gizatalde horiek ezin dute irakurketaz gozatu, ez baitute euren gaitasunari egokitutako materialik aurkitzen, edo irakurtzeko ohitura galtzen dutelako; adibidez, zahartzaroan”. Ondorioz, informazioa eta ezagutza jasotzeko muga nabarmenak dituzte.
Alabaina, norbanakoaren garapenerako ezinbesteko tresna izanik, irakurtzea behar soziala da. Alegia, nahitaezko faktorea da berdintasun maila handiagoak eta erabateko gizarteratzea lortzeko. Matak dioenez, “irakurketa, kultura eta informazioa eskuratzea, oinarrizko eskubidea da. Formatu ulerterrazen bidez eskubide hori gauzatzea garrantzitsua da”.
Eskubide hori gauzatzea eta, horretarako, zailtasunak dituztenei irakurtzeko aukera ematea du helburu Irakurketa Erraza mugimenduak. Mataren hitzetan, “ahazturiko errealitate bati eta askotan aintzat hartzen ez den publiko bati erantzuteko beharraren ondorioz sortu zen. Hortaz, Irakurketa Errazaren baitan askotariko materialak barneratzen dira: literatur lanak, informaziozkoak, ikus-entzunezkoak… Denak ere irizpide berezien arabera sortuak, irakurriak eta ulertuak izan daitezen”.

Euskaraz ere bai
Eskubide eta helburu horiek ardatz, mugimendua 70eko hamarkadan sortu zen herrialde eskandinaviarretan, eta pixkanaka munduko hainbat tokitara hedatu da. Sorlekuan, esaterako, asko garatu da. Euskal Herrian, aldiz, duela gutxi arte apenas landu da gaia. Nolanahi ere, 2012an Euskadi- Irakurketa Erraza taldea sortu zenetik, EAEn hainbat urrats eman dira gaia ezagutarazi eta kaltetuen eskura baliabideak ipintzeko. Gehienbat gaztelaniazko materialei erreparatu bazaie ere, euskaraz ere eman dira hastapen pausoak. Hala, Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko lau liburu argitaratu zituen iragan apirilean. Bi jatorrizko lan, Fernando Morilloren Santiago bidearen misterioa eta Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean, eta bi itzulpen: Núria Martí Constansen Traizioa lakuan eta Montse Flores Pallarésen Rif mendietako ura.
Lehen urratsak izanagatik, aski beharrezkoak dira Gauminek egindakoak. Herrialde garatuetan % 30eko portzentajea aipatzen bada ere, euskaraz, ziurrenik, handiagoa izango da kopurua. Izan ere, euskal hiztunen artean euskaraz alfabetatu gabekoen kopurua handia da. Gainera, euskara ikasten ari direnetako askok ere oraindik ez dute gutxieneko irakurketa gaitasuna. Hala uste du, halaber, Fernando Morillo idazle eta Gaumin argitaletxearen sortzaileak. “Ehuneko zenbatek ez dakit, baina ez dut dudarik oso-oso handia dela, dudarik ez dut. Gure aurreko belaunaldietako askori entzun izan diet euskaraz irakurri nahi dutela, baina herri aldizkari sinpleena ere irakurtzeko problemak izaten dituztela. Ez dakite, edo ez daude ohituta, ez dutelako inoiz euskaraz irakurri”. Lehendik ere, sumatua zuen arazoa bere proiektuetan: “Hamabost urtetik gora daramatzat eskolaz eskola, eta ikusten nuen leku askotan arazo handiak zeudela. Esaterako, nire jaioterrian, Azpeitian, hori esaten dute askok: nahiz eta euskaldun peto-petoak izan, batzuetan problemak izaten dituztela euskarazko liburuak leitzeko”. Arazo horiek gainditze aldera, “nire testu batzuk erraztu nahian ibili naiz urtetan”. Hala, Irakurketa Errazari buruzkoak entzun zituenean, gaiari erreparatu zion, “sistema interesgarria” zela iritzita. Ondorioz, Gaumin argitaletxeak gaia lantzea erabaki zuen, euskarazko lehen lau izenburuak kaleratuta.
Irakurleak sortu
Mugimenduaren jatorrizko helburuak lortzeko modua izateaz gain, euskarazko irakurketa sustatzeko bide egokia dela uste du, halaber, Matak: “Katalunian, esate baterako, hamar urte daramatzate Irakurketa Erraza garatzen, eta asko erabili dute katalana ikasteko. Hemen ere, hizkuntzaren zailtasunarengatik eta, hizkuntza ezagutu arren euskaraz irakurtzen dutenak gutxi direla kontuan hartuta, aukera egokia izan daiteke. Euskara dakitenei konfiantza eta segurtasuna ematen dizkie euskaraz irakurtzen hasterakoan; ikasten ari direnei, berriz, ikasteko laguntza, pizgarria”. Ildo horretan, euskarazko irakurleak lortzeko ez ezik, irakurle berriak sortzeko ere egokia dela uste du Morillok.
Ezin esan Gauminen ekimenak harrera epela izan duenik. Morillok dioenez, “euskal munduaren tamaina txikia kontuan hartuta, liburuek oso harrera ona izan dute. Alde batetik, salmentei dagokienez oso ongi mugitzen ari dira. Baina, horrez gain, badirudi interes dezente piztu dutela, jendearen deiak eta mezuak iristen ari baitzaizkigu. Zeren, askotan, euskaltegietan zein ikastetxeetan etengabe ibili ohi dira pentsatzen gazteak edo euskara ikasi nahi dutenak nola demontre zaletu irakurketara. Hortaz, gure poza bikoitza da, oso itxura polita du ekimenak”.
Gauminen egitasmoak erakutsi du euskaraz badaudela gabezia handiak estaltzeke. Gaztelaniaz adina edo gehiago, baina azken horretan lan handiagoa egin du Euskadi-Irakurketa Erraza elkarteak sortu zenetik. Bere helburuak betetzeko, erakunde publikoekin nahiz askotariko elkarteekin aritzen dira lanean. Era berean, argitaletxe eta egileekin ere jarduten du, literatur lanak argitaratzerakoan idazketa mota horrek tarte handiagoa izan dezan. “Hedapen eta sentsibilizazio lana etengabea da, horri esker sortzen dira irakurketa erraza garatu nahian dabiltzan eragile sozialen ekimen eta sinergiak: liburutegiak, erakunde publikoak, liburu-denak, argitaletxeak, hezkuntza-eragileak, egileak…” dio Matak.
Hedapen azkarra
Horrenbestez, 2012an sortu zenetik, aurrerapauso nabarmenak eman ditu Irakurketa Errazak EAEn. Esaterako, hainbat liburutegi publikoren katalogoetan irakurketa errazeko liburuak barneratzen hasi dira: Bilboko Alondegiko Mediatekan, Donostiako eta Gasteizko udal liburutegien sarean… Matak zehaztu duenez, “nahiz eta liburutegi publiko guztiek ez izan Irakurketa Errazean argitaraturiko izenburuen funts osoa, zaila da gaia ezagutzen ez duen liburuzainik topatzea. ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak prestakuntza eskaintzen die elkarteko profesionalei, eta informazio eta lan sareak sortzen ari gara gaiaren inguruan”. Era berean, irakurketa klub ugari sortu dira han-hemenka, hainbat elkarterekin garaturiko elkarlanari esker: Bilbon, Mungian, Muskizen, Trapagan, Bermeon… Adinekoei, etorkinei, nerabeei, dislexia dutenei, Down sindromedunei… Gizatalde ezberdinei zuzenduak egon arren, denek ere helburu berbera dute: irakurketa erraztea. Halaber, zenbait liburu-denda ere hasi dira euren apalategietan irakurketa errazeko liburuak paratzen.
Dena den, Mataren ustez, “oraindik gutxi dira Irakurketa Errazeko liburu-dendak Euskadin. Orain dela bi urte Euskadin Irakurketa Erraza guztiz ezezaguna zela eta gaia garatu gabe zegoela aintzat hartuta, esan daiteke asko aurreratu dugula. Orain, Kataluniaren ondoren, Euskadi da estatuan garapen handiena lortu duen lurraldea, maila guztietan: liburutegietan, prestakuntzan, jendartean egindako lanean... Irakurketa klubak, adibidez, egunetik egunera ari dira hazten liburutegi publikoetan, elkarteetan, adinekoen egoitzetan…”. Nolanahi ere, eta arlo ezberdin askotan ekimenak gauzatu badira ere, “oraindik gehiago egin behar dira. Esaterako, lurraldeei dagokionez, Gipuzkoan gehiago hedatu behar dugu”.
Dena dela, asko falta da irakurketa erraza guztiz zabaldu eta normalizatzeko. Gainera, eskubidea den heinean, “erakunde publikoek sustatu eta ahalbideratu beharko lukete. Irakurketa Erraza behar soziala da, baina baita nazioarteko legerietan onarturiko eskubidea ere. Horregatik, esparru publikotik landu behar da”. Mataren arabera, lanketa hori bi ildo nagusitan egin behar da: irakurketa sustatzeko materiala sortzera bultzatuz, batetik, eta informazio ulerterrazaren arloa garatuz, bestetik. Irakurketa erraza ez baita literaturara mugatzen: informazio testuak, ikus-entzunezkoak, administrazioek sorturiko idazkiak, legeak… mota guztietako testuek jarraitu beharko lituzkete ulerterraz izateko irizpideak. Mataren esanetan, “bizitzako arlo askotan, zailtasunak topatzen ditugu informazio jakin batzuk ulertzeko orduan. Hori aldatzeko erantzukizuna botere publikoena da. Zentzu horretan, EAEn zertxobait egin da aurrera, zenbait udalek konpromisoa azaldu baitute”. Beharrezko konpromisoa, baina oraindik ere gehiago zabaldu behar dena. Nori begiratu eta norengandik ikasi  badago, bederen: Katalunian, 2002tik ari da lanean Associació Lectura Fàcil de Cataluña elkartea, eta urrats sendoak eman ditu. Zer esanik ez herrialde eskandinaviarretan: irakurketa erraza oinarri duten hedabideak dituzte, argitalpen ugari eta erakunde publikoen babes handia. Bidea markaturik dago, beraz. Orain, bide hori egin behar. Ahalik eta errazen, noski.
Informazio gehiago:
lecturafacileuskadi.net

 

Errazaren zailtasunak

“Ez zait erraza egin erraz idaztea”
zioen Ander Izagirre kazetari eta idazleak Txernobil txiki bat etxe bakoitzean liburuaren aurkezpenean. Ulermenaren mesedetan, idazkera sinpletu egin behar izaten da, eta testuen edizioari ere arreta berezia jarri behar zaio. Nolanahi ere, Irakurketa Errazeko testuak sortzerakoan jarraitu beharreko irizpideak arrunt zehatzak dira, bai hizkuntzari, bai testuen formari, bai edukiari dagokienez. IFLA erakundeak 1997an argitaratu zituen nazioarterako baliagarriak diren arauak. Testuek, oro har, hizkuntza sinple eta zuzena erabili behar dute (ohiko hitzak erabili; zailak direnen kasuan, azalpenak eman; kontzeptu abstraktuak eta hitz teknikoak saihestu...), eta narrazio mota zehatz eta bakarra izan behar dute, argumentu-hari bakarrarekin. Testuen formatuari dagokionez, letren tamaina eta lerroen luzera aintzat hartu behar dira, eta marjinek zabalak eta justifikatu gabeak izan behar dute, irudiak ere ongi erabili behar dira. Irizpideok betetzen dituzten materialek Irakurketa Erraza mugimenduaren bermea izaten dute: logotipo baten bidez jakinarazten diote irakurleari mugimenduaren baitako elkarteek moldatu edota gainbegiratutakoak direla.
Irizpide jakinak izanagatik, Morillo bat dator Izagirrerekin: ez da erraza. Hori bai, modu horretan idaztea “oso abentura polita” izan dela dio. Gainera, neurri batean, idatzitakoak errazteko bidea landua zuen aurretik Morillok. “Liburu batzuk normal idazten nituen, baina irakurle askok arazoak zituztela ikusten nuenez, beste liburu batzuk espresuki errazten saiatzen nintzen. Beraz, ia-ia trantsizio naturala izan da, nire buruaren zati handi bat horretara baitzihoan: nola demontre kontatu istorio eder bat ahal bezain sinple”. Horrek, itxuraz, egilea muga dezake. Haatik, Morilloren iritziz, ez du zertan hala izan: “Txikitako fabulak gogoratu besterik ez dago. Nik oraindik oso gustura irakurtzen ditut. Hizkuntza aldetik sinpleak dira, baina ez istorio aldetik. Hortaz, idazle gisa, sobera tresna aurkitu dut nahi nuena kontatzeko, eta aski gozatu dut hitz txikiekin istorio eder bat sortzen”.