Etxe-animaliak

katutxakurTxakur eta katuen salmenta debekatuko dute Frantzian

2024tik aurrera, ezin izango da txakur eta katurik saldu Frantzian, ez animalia dendetan ez Interneteko plataformetan ere. Animalien kontrako tratu txarrei buruzko lege proiektuak jaso du debekua. Frantziako Parlamentuan eztabaidagai, emendakin batean jaso dute animaliok saltzeko debekua, haien salerosketa behin betiko desagertzea xede. Izan ere, etxe-animalien erosketa inpultsiboek ondorio kaltegarriak izaten dituzte, sarri, haientzat: abandonatuak edo gaizki tratatuak izatea, adibidez. Halakoak saihestu nahi ditu emendakinak, uste baino ohikoagoak baitira. Esaterako, Frantziako SPA Animaliak Babesteko Elkarteak jakinarazi duenez, 2020an % 16 areagotu zen etxe-animalien abandonua, nagusiki akuri eta txintxilen kasuan. Nolanahi ere, debekuak txakurrak eta katuak hartuko lituzke barne, oraingoz, ez bestelako maskotak. Lege proiektua izaki, oraindik guztiz garatzeke dago. Ondorioz, bestelako animalia espezieak babesteko bideak ere arautzea espero da; tartean, animalia exotikoen salerosketa. Printzipioz, behin legea garatu eta onartu ostean, 2024ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean Frantzian. Horrenbestez, Euskal Herrian ere eragingo du, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hain zuzen ere.