Euskal Herria

Kutxa Birak euskal kultura eta nortasuna biziaraziko ditu herriz herri

Euskal kultura eta herri nortasuna ardatz, Iparra Hegoa elkarteak Kutxa Bira izeneko egitasmoa antolatu du. Bizi gira... kutxa bira! lelopean, kutxa bat Euskal Herrian eta diasporan zehar ibiliko da bi hilabetez. Kutxan, Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra agiria egongo da hasieran. Horri, herri bakoitzean, aldarrikapen bat gehituko diote, Euskal Herrian zein diasporan bizi diren euskaldunen ametsak batzeko asmoz. Ekimena martxoaren 20an hasiko da Viedma hirian (Argentina), bertako Euskal Etxeko kideen eskutik. Herri batera iristen denean, harrera ekimena egingo zaio kutxari. Azkenean, maiatzaren 30ean bukatuko da, Seguran. Euskal nortasuna, euskara eta herri kontzientzia sustatzea du helburu Iparra Hegoa elkarteak, baita Kutxa Birak ere. Pandemiak eragindako testuinguruarekin lotu dute ekimena: euskararen eta euskal nortasunaren aldeko hitzordu ugari bertan behera geratu direnez (Korrika, Ikastolen jaiak, Nafarroaren Eguna...), eta ordezkaezinak direla iritzita, galera arintzearren antolatu dute. Horrenbestez, ondo bidean, behin bakarrik egiteko asmoa dute.