Artea

arteaArtelanak, maileguan

Liburutegietan liburuak maileguz hartzen diren moduan, Artoteka plataformak artelanak mailegatzeko aukera eskaintzen du. Karraskan, Sarean eta Wikitoki elkarteek sortu dute egitasmoa arte garaikidea sustatzeko asmoz, dela hartzaile gehiago sortuz, dela bertako artisten lana zabalduz. Funtzionamendua erraza da: Artotekak bertako hamar artistaren lanen bilduma du; erabiltzaileak gustuko duena aukeratu eta eskaera egingo du, non eta zertarako ipini nahi duen zehaztuta. Maileguak hiru hilabete iraungo du, eta Artotekako lantaldea arduratuko da artelana ezartzeaz eta gainbegiratzeaz. Lanak alokatzeko, 50 euro ordaindu beharko dute norbanakoek, eta 150 euro enpresek. Artelanak diziplina ugaritakoak dira, honako hamar artista hauek sortuak: Belen Cerezo, Helena Goñi, Juana Garcia-Pozuelo, Mawatres, Raisa Alava, Raquel Asensi, Raquel Meyers, Saioa Olmo, Tunipanea eta Victoria Ascaso. Euskal Herrian, ekimen aitzindaria da Artoteka, baina beste zenbait herrialdetan errotua dago. Antzeko egitasmoak aspalditik egiten dira, adibidez, Alemanian, Austrian, Italian, Mexikon... Maileguan diren artelanen bilduma artoteka.org webgunean dago ikusgai. Lanak bertatik bertara ikusteko aukera ere badago, Bilboko Azkuna zentroan bildumaren lagin bat ipini baitute apirilaren 11ra arte.