Egipto

garagardoHistoriako garagardo fabrikarik zaharrena topatu dute

Duela 5.000 bat urteko garagardo fabrika baten aztarnak topatu dituzte Egipton. Horrenbestez, topaturiko garagardo fabrikarik zaharrena litzateke. Zehazki, Kristo aurreko 3.100. urtearen ingurukoa dela uste dute arkeologoek, hau da, antzinako Egiptoko zibilizazioko lehen faraoien arokoa; are gehiago, litekeena da Narmer erregearen garaikoa izatea. Egiptoko eta AEBetako arkeologo talde batek topatu ditu arrastoak, Abidos hiriko iparraldean. Egiptoko zibilizazioa batu zenean, hiri hori izan zen lehen hiriburua. Aztarnetan ikusi ahal izan dutenez, fabrikak zortzi esparru handi zituen, eta horietako bakoitzak 40 azpiletarako lekua zuen. Azpil horietan berotzen zituzten ura eta garagarra. Aurkikuntza egin dutenen arabera, aldi berean 22.400 litro garagardo ekoizteko ahalmena zuen eraikinak. Egiptoko lehen erregeen erritualetan erabiltzen zuten garagardoa ekoizteko espresuki eraikitako fabrika dela uste dute ikertzaileek. Izan ere, indusketak egin bitartean, garagardoa ofrendetan erabiltzen zela iradokitzen duten arrastoak topatu dituzte. Nolanahi ere, jakina da gizakiak lehendik ere ekoizten zuela garagardoa. Egiptoko Turismo Ministerioak jakinarazi duenez, fabrika honen berri ere bazuten lehendik, XX. mendearen hasieratik, hain zuzen. Kokaleku zehatza jakitea falta zitzaien, baina orain misterioa ebatzita dago.