Teknologia

robotsRobotak besarkatu nahi?

Robot batengana hurbilduko bazina eta “Besarkada bat emango al zenidake, mesedez?” galdetuko balizu, emango al zenioke? Bada, Sistema Adimendunen Max Planck Institutuak (Stuttgart, Alemania) eta Zuricheko Eskola Politeknikoak (Suitza) sortutako HuggieBot 2.0 izeneko robotak horixe bera galdetzen du. Baiezkoa erantzunez gero, robotak besarkada ematen du. Pandemiaren eraginez, gizakion arteko harreman eta kontaktuak izugarri murriztu dira. Askok faltan sumatzen dute, eta horri erantzuteko asmoz sortu dute robota. Bakarrik, estresatuta edo triste sentitzen direnak besarkatzeko diseinatu dute. Lehenago, HuggieBot 1.0 izenekoa sortu zuten, baina handiegia zenez, ez zen egokia besarkatzeko. HuggieBot 2.0, aldiz, gizakion tamainakoa da. Kuxin termikoak ditu, eta gorputz enbor puzgarri sentsoreduna, besarkadak goxoak eta atseginak izan daitezen. Aurpegian, berriz, pantaila bat du, aurpegiera ezberdinak jarri ahal izateko. Robotak norbait hurbiltzen ari zaiola sumatzen duenean, besoak altxatu eta arestian aipatu galdera egiten du. Pandemia garaiotan gizakion arteko kontaktua ia erabat murriztuta ere, robot baten besarkadari sumatuko ote zaio gizatasunik?