Errigora

errigoraUdaberrikoa, plateretik baratzera

Kontsumitzeko erak aldatu, ekoizteko moduak aldatzeko. Elikadura burujabetzaranzko bidean kontsumo ereduek duten garrantzia nabarmenduko du Errigoraren aurtengo udaberriko kanpainak. Hala, Plateretik baratzera leloa izango du 2021eko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak. Udaberriro bezala, oliba olioa (5 litroka) eta kontserba, arroz eta pasta sortak (12 aleka) eskatu ahal izango dira, martxoaren 4tik 24ra; denak ere euskaraz etiketatuak eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Horretarako,  errigora.eus webgunera jo behar da. Eskarien banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian egingo dute, ohi bezala, erosleak aldez aurretik aukeratutako lekuetakoren batean, auzolanean. Izan ere, elkarlana du bereizgarrietako bat Errigorak; lankidetza, Nafarroako hegoaldeko eta erdialdeko ekoizleak eta Euskal Herri osoko kontsumitzaileak helburu komunen inguruan saretzeko: tokian tokikoari erreparatuko dioten ekoizpen eta kontsumo ereduak sustatu, bertako ekoizpena eta ekonomia bultzatu, eta, aldi berean, Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari (tartean, Erriberako AEKri) ekarpen ekonomikoa egin. Eta, jakina, produktu arras goxoez gozarazi!