Gasteiz

martxoak3San Frantzisko elizan jarriko dute Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa

1976ko martxoaren 3an, Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan, poliziak bost langile hil eta ehunka zauritu zituen. Sarraski hura gogoan izateko, San Frantzisko elizan bertan Biktimen Oroimenezko Zentroa egingo dute, Gasteizko Apezpikutzaren, Gogora Institutuaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko akordioari esker. Aurkezpenean iragarri zutenez, erakundeek bideratuko dute egitasmoa, baina gizarte eragileekin batera ariko dira. Biktimek aspalditik eskatu izan dute San Frantzisko eliza memoria gune izatea. Hala, 2018an helburu horrekin sortutako Memoria Gara herri ekimenak “ospatzeko” eguntzat jo zuen akordioaren berri eman zuten eguna, ñabardurekin, hori bai. Izan ere, proiektua zehazteko eta adosteko eskatu diete erakundeei, eta gogoratu dute ez dutela nahi “zentroa eraikin hutsa izaterik, objektuz betetako edukiontzi hutsa”, Berria kazetak jaso duenez. Horregatik, biktimen eta gizarte zibilaren parte hartzea bermatzeko eskatu dute.